#GaiNagusiak

UPV/EHUko zientzialariak buru diren talde batek Artizarreko haizeak xehetasun osoz neurtzea lortu du

Noiz argitaratua: 08/09/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Espazioa
 Artizarreko haizeak

Artizarra eta Lurra planeta berdintsuak dira tamainari begiratuta, baina oso desberdinak beste alderdi askori dagokienez. Artizarrak, besteak beste, oso astiro egiten du bira bere ardatzaren inguruan (lurreko 224 egun behar ditu) eta, gainera, Lurraren kontrako norabidean, hau da, ekialdetik mendebaldera. Karbono dioxidozko atmosfera trinkoak lurreko atmosferak baino 90 aldiz handiagoa den presioa dauka gainazalean (ozeanoaren azpian 1.000 metroko sakoneran aurki dezakegunaren baliokidea) eta horrek azaleko tenperatura 450 ºC-ra igotzen duen berotegi-efektu izugarria sortzen du. Beruna bezalako metalak, hortaz, egoera likidoan aurkituko lirateke Artizarrean. Gainazaletik 45 eta 70 km bitarteko altueran azido sulfurikozko hodei-geruza lodiak daude, planeta guztia osorik estaltzen dutenak. Hirurogeigarren hamarkadan, teleskopio bidezko behaketen bitartez, hodei-geruzaren gailurra oso azkar mugitzen zela ikusi zuten: lainoek 4 egunetan ematen zioten buelta planetari, planetak bira egiteko 224 behar zituen arren. Fenomeno horri Artizarraren “superrotazio” izena eman zitzaion: hodei horiek bultzatzen dituen haizearen abiadura orduko 360 kilometrokoa da.

Hirurogeita hamargarren eta laurogeigarren hamarkadetan planeta aztertu zuten misioek superrotazioa fenomeno egonkorra zela erakutsi zuten. Gainera, planetako toki gutxi batzuetan atmosfera zeharkatuz behera egin zuten zundek erakutsi zuten haizeak indarra galtzen zuela Artizarraren gainazalean desagertzera heldu arte. Orain, 2006tik Artizarraren inguruan orbitan dagoen Europako Espazio Agentziaren Venus Express misioarekin egindako behaketa berriek posible egin dute Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialarien talde batek Artizarraren hodei-geruzetako haizearen egitura orokorra zehaztea eta geruza horien ustekabeko abiadura-aldaketak behatzea, fenomeno misteriotsu hori interpretatzen lagunduko dutenak. Talde horren buru da Agustín Sánchez Lavega irakaslea, eta haren gidaritzapean dihardute Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Planeta Zientzien Taldeko Ricardo Hueso, Santiago Pérez Hoyos eta Javier Peralta taldekideek. Artikulua, ”Variable winds on Venus mapped in three dimensions” izenburua duena, Geophysical Research Setter aldizkariaren azalean argitaratu dute. Aldizkari hori American Geophysical Union (AGU) elkarte estatubatuarrak argitaratzen du, eta bere ikerketa-arloan eraginik handiena duena da. Gainera, artikulua AGUk bere aldizkari guztietan argitaratzen dituen ehunka artikuluetatik EOS Transactions buletinean nabarmentzeko aukeratu duten zortzi artikuluetako bat da. Buletin hori, AGUko 50.000 kideei bidaltzeaz gain, mundu guztian ikerketa-arlo horretan diharduten zentro guztietara igortzen da.

Superrotazioaren alderdi berriak

Venus Express zundaren barnean doan VIRTIS espektro-kamerak Artizarraren egun eta gauean hartutako irudiez baliatuta, UPV/EHUko zientzialariek hodei horien mugimenduak zenbait hilabetetan zehar neurtzea lortu dute, eta superrotazio deritzon fenomenoaren alderdi berriak aurkitu dituzte. Hasteko, planetaren ekuatorearen eta latitude ertainen artean haize egonkorra duen superrotazioa da nagusi. Haizeak ekialdetik mendebaldera jotzen du, eta, oro har, hodeien barruan indarra galtzen dute altuera galdu ahala, orduko 370 km-tik 180 km-ra jaitsi arte. Latitude ertain horietatik aurrera, haizeak indarra galtzen du polora heldu eta desagertu arte. Han, poloan, zurrunbilo handi bat sortzen da. VIRTIS kamerarekin egindako behaketei esker zehaztu diren beste alderdi batzuk honako hauek dira: batetik, iparraldetik hegoalderako mugimenduak oso ahulak dira, orduko 15 bat km-koak, eta bestetik, lehen pentsatzen zenaren kontra, ez dirudi superrotazioa denboran zehar hain egonkorra denik: “Oraindik ulertzen ez ditugun abiadura-aldaketak atzeman ditugu”, adierazi dute zientzialariek. Horrez gain, “eguzkiaren marea termikoa” deritzonaren eragina ikusi ahal izan dute lehen aldiz Artizarraren goi-latitudeetan. “Eguzkiaren hodeien gainetiko mugimendu erlatiboak eta hodeietan uzten duen bero handiak superrotazioa iluntzean egunsentian baino biziagoa izatea eragiten du”, adierazi dute.

“Bildu ditugun datu guztiak bilduta ere, oraindik ezin dugu azaldu hain astiro biratzen duen planeta batek nola izan ditzakeen lurrekoak baino askoz biziagoak diren urakan-haizeak eta nola egon daitezkeen horiek hodeien gailurrean kontzentratuta”, aitortu du Sánchez Lavegak. Ikerketa honek Artizarreko haizearen superrotazioaren jatorriaren azalpen zehatza lortzeko bidean eta, oro har, planeten atmosferen zirkulazioaren ezagutzan aurrera egitea ahalbidetuko du.

  • Erreferentziak:

    A. Sánchez-Lavega, R. Hueso, G. Piccioni, P. Drossart, J. Peralta, S. Pérez-Hoyos, C. F. Wilson, F. W. Taylor, K. H. Baines, D. Luz, S. Erard, and S. Lebonnois “Variable winds on Venus mapped in three dimensions” Geophys. Res. Lett., 35, L13204, doi:10.1029/2008GL033817. (2008)

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Artizarreko haizeak, UPV/EHU
  • Artizarreko haizeak, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: