#GaiNagusiak

Nekazaritzako elikagaien hondakinen kudeaketan sortzen den amonioa asimilatzeko gai den mikroalga bat ikertzen ari da Neiker-Tecnalia

Noiz argitaratua: 14/05/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 None

Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak —zeina Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren menpekoa baita— baieztatu du Chlamydomonas acidophila mikroalgak ahalmena duela nekazaritzako elikagaietatik datozen hondakin organikoen digestioan sortzen diren efluenteetako nitrogeno amoniakala xurgatzeko. Alga hori aipatutako likidoetan hazi, eta amonioa asimila dezake, eta, horrenbestez, gas hori amoniako (NH3) moduan lurruntzea eta atmosfera kutsatzea galarazten du. Gainera, prozedura horretan lortutako mikroalgen biomasa biogasa ekoizteko lehengai moduan erabil daiteke, edo animalientzako elikagai, konpost edo ongarri moduan. Hori gutxi ez eta, luteina-iturri bikaina da —elikagaietan gehigarri gisa erabiltzen den antioxidatzaile indartsua—.

Nekazaritzako elikagaien hondakinen deskonposizio-prozesuak, oxigenorik gabeko kondizioetan, nitrogeno amoniakal askoko efluenteak sortzen ditu, zehazki 2-5 gramo litroko. Hondakin hori erruz sortzen da abeltzaintzako ustiategietan eta biogas-fabriketan, beste instalazio batzuen artean. Ondorioz, funtsezkoa da hori kudeatzeko metodo egokiak aurkitzea, amoniakoa ez dadin lurrundu, eta akuiferoetara eta azaleko uretara joan.

Chlamydomonas acidophila mikroalgak ezaugarri egokiak ditu nekazaritzako elikagaien hondakinen deskonposiziotik datorren likidoaren % 50era arte duen ingurune batean hazteko eta ugaltzeko, Neiker-Tecnaliako ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez. Mikroalga horren hazkuntzak eskaintzen duen onura nagusia da oso ingurune azidoetan garatzeko ahalmena duela (2-3ko pH-a), eta oso tolerantzia handia duela metal astunen presentziarekiko eta karga organiko handiekiko.

Ingurumenari egiten dion ekarpenaz gain, nitrogeno amoniakala xurgatzeko duen ahalmenagatik, luteina sortzeko ahalmen handia ere badu. Hain zuzen, luteina antioxidatzaile indartsua da, zelula eta ehunen narriadura eta oxidazioa atzeratzen laguntzen du, eta, aldi berean, organismoa erradikal libreen erasotik babesten du eta hainbat tratamendu terapeutikotan erabiltzen da. Kontsumo egokiaren bitartez, ikusmena hobetu egiten da, begi lausoaren progresioa galarazten da, eta, gainera, karotenoide-kantitate handia metatzen da (pigmentu organikoak), zeinak interes komertzial handia baitute elikagai-industrian.

Gaur egun hainbat ikerketa-lerro garatzen ari da Neiker-Tecnalia merkatuaren zein ingurumenaren aldetik interes handia duten mikroalgen anduiak identifikatu eta ebaluatzeko. Proiektu horietako baten helburua da oliotan aberatsak diren mikroalgak bilatzea, biodiesela lortzeko erabili ahal izateko.

Produktu eta aplikazio berrien iturri

Mikroalgek mikroorganismoen multzo heterogeneo bat osatzen dute, imajinatu daitezkeen elikagai guztietan banatzen direnak, eta guztiak dira fotosintetikoak. Organismo horiek funtsezko zeregina jokatzen dute ekologia globalean, planetako karbonoaren % 50 inguru finkatzen dutelako. Fotosintesiaren bitartez, eguzki-energia baliatzen dute, eta atmosferatik karbono dioxidoa harrapatzen dute, karbono organiko bihurtzeko.

Duten biodibertsitate handiari esker, mikroalgak produktu eta aplikazio berriak lortzeko etorkizun handiko iturri jotzen dira. Gaur egun, konposatu eta biomolekula askoren iturria dira, balio komertzial handia dute, eta askotariko aplikazioak, horien artean egonik elikadura, dietetika, kimika fina, biomedikuntza, kosmetika eta bioenergia; hau da, ahalmen bioteknologiko handia dute.

Informazio osagarria

  • , Neiker-Tecnalia
  • , Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: