#GaiNagusiak

Abatareak emozioen komunikatzaile gisa

Noiz argitaratua: 08/07/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Informatika #Teknologia
 Tesiaren egilea, Amalia Ortiz Nicolás

Egungo sistema interaktiboei esker, erabiltzaileak modu askotara komunika daitezke ordenagailuekin, baina emozioen komunikazioa elkarrekintza horretatik kanpo geratzen da. UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesi batek abatareak edo pertsonaia birtualak erabiltzea proposatzen du, hitzez besteko komunikazioa —bereziki komunikazio emozionala— ahalbidetzeko modu eraginkor gisa.

Badira hamarkada batzuk zientzialariak pertsonen eta ordenagailuen arteko elkarrekintza naturalago eta intuitiboago egiten ahalegintzen ari direla. Izan ere, aplikazio informatiko batek arrakasta edo porrota izatea, hein handi batean haren interfazearen arabera dago. Sistema eragilearekin komunikatzeko modua, adibidez, asko aurreratu da pantaila beltz batean komando-lerro konplexuak idatzi behar zirenetik honaino. Oraingo leiho-sistemak askoz ere erabilgarriagoak dira. Gaur egun, hiru dimentsioko grafikoak, ikusmen artifiziala eta hizketa-teknologiak bateratzen dituzten sistema interaktibo multimodalak garatu dira. Horien artean, ahotsa sintetizatzeko eta ezagutzeko gailuak dira zabalduenak.

Baina sistema horiek ere mugak dituzte, pertsonen arteko eguneroko elkarrekintza hitzez besteko komunikazioaz ere baliatzen baita, hain zuzen aurpegiko espresioez eta gorputzaren keinuez. Izan ere, aurrez-aurreko mezu baten onarpena erabilitako hitzen araberakoa da % 7an, ahotsa erabiltzeko moduaren araberakoa (doinua eta bolumena) % 38an, eta keinuen eta aurpegieren araberakoa % 55an. Horregatik, Amalia Ortiz Nicolásek uste du funtsezkoa dela hitzez besteko komunikazioa —bereziki emozionala— sor dezaketen moduluak txertatzea interfaze multimodaletan. Hori lortzeko, abatareak (pertsonaia birtualak) erabiltzea proposatu du Avatares para la interacción emocional (Emozio-interakziora zuzendutako abatareak) izeneko doktore-tesian. Amalia Ortiz Informatikan doktorea da eta VICOMTech-IK4 zentro teknologikoan lan egiten du Hezkuntza, Aisialdi eta e-Inklusiorako Elkarrekintza Sailean. UPV/EHUko Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala saileko Néstor Garay-Vitoria eta María Teresa Linaza doktoreek zuzendu dute haren ikerketa.

Emozioak sortzeko tresnak

Hitzez besteko komunikazioaren baitan, emozioei eta afektibitateari erreparatzen die Amalia Ortizen tesiak. Haren helburu nagusia da abatareak emozioak komunikatzeko gai diren ikustea. Ortiz doktoreak bere tesian emandako definizioaren arabera, abatareak pertsonaia birtualak dira, eta sistema batek gizakien antzeko itxura (aurpegia, begiak, gorputza, ahotsa...) eta portaera izatea ahalbidetzen dute.

Egungo egitura edo arkitektura informatikoak aztertu eta guztiak interakzio-kasu zehatzetan oinarritzen direla ikusi ondoren, abatare bidezko edozein emozio-elkarrekintza jasan dezakeen arkitektura generiko bat diseinatu du Ortiz doktoreak. Era berean, erabiltzaileek eta sistema-garatzaileek emozioak modu erraz eta intuitiboan sortzeko eta espresatzeko behar dituzten tresnak diseinatu ditu: abatareak inongo ezagutzarik gabe sortzeko balio duen erreminta bat, eredu kognitibo eta emozionaletan oinarritutako sistema bat eta aginduak aurpegiera bihurtzen dituen modulu itzultzaile bat. Hainbat emozio sortu ondoren, Ortiz doktoreak animazio-modulu bat jarri du martxan, abatareak emozio bakoitza haren intentsitatearekin batera erakutsi dezan.

Emoziozko interakzioa probatzen

Ikerketa kasu errealei aplikatzeko xedearekin, garatutako sortze- eta espresio-tresna guztiak biltzen dituzten hainbat aplikazio diseinatu ditu Ortiz doktoreak, berak sortutako arkitektura generikoaren baliagarritasuna egiaztatzeko asmoz. Hala jaio dira VICOMTech-IK4n garatutako IGARTUBEITI, AVACHAT, SASTEC eta ELEIN programak.

Historia narrazio digitalen bitartez bizitzea ahalbidetzen duen ibilaldi birtual batean datza IGARTUBEITI sistema. Hala, historia modu emozionalean bizi daiteke, hiru dimentsiotako grafikoen bidez eta azalpenak ematen dituen gidari birtual bati esker. AVACHAT, berriz, txat-sistema bat da, non erabiltzaileak testuen bidez komunikatzeaz gain, hiru dimentsiotako abatare baten bidez ere komunika baitaitezke, hitzezko zein hitzez besteko hizkuntza erabiliz. SASTEC sistemaren helburua da adimen-minusbaliotasuna duten erabiltzaileei laguntza eskaintzea. Horretarako, memoria trebatzeko hainbat ariketa diseinatu dira, erabiltzaile horien autonomia sustatzeko eta areagotzeko. Emoziozko abatareek osatutako interfazeak ditu sistemak. Azkenik, ELEIN e-Learning-era zuzendua dago, eta Internet bidez hezkuntzari lotutako edukiak modu berrian komunikatzea du helburu. Denbora errealean hitz egiteko gaitasuna duen eta ikastaroaren edukietan integratuta dagoen hiru dimentsioko irakasle bat eskaintzen du.

Erabiltzaileek ebaluatu egin dituzte aplikazio horiek eta, Ortiz doktoreak dioenez, haiek nahiago dute aplikazioak abatareen laguntzaz erabili, atseginagoa, errazagoa eta entretenigarriagoa iruditzen zaielako. Gainera, ikerketak frogatu du abatarearen aurpegiera gehienak ezagutzeko gai direla erabiltzaileak, eta, erabiltzaileen ustez, abatareek hobeto azaltzen dutela informazioa ohiko sistemek baino. Jasotako datuen arabera, ELEIN online ikastaroa erabili dutenen artean, erantzun zuzenak % 13 gehiago izan dira kontzeptuak abatare batek azaldu dituenean, eta beste % 10 igo dira erantzun zuzenak emozioak espresatzen dituen abatare batek azaldu dituenean kontzeptuak.

Ortiz doktorearen ustez, interesgarria izango litzateke ahotsa sintetizatzen duen modulu bat martxan jartzea, abatarearen ahots-doinua haren aurpegierarekin bat etorriko balitz erabiltzaileen balorazioa hobea izango litzatekeela uste baitu. Hala, UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesi horrek atea irekitzen die ahotsak simulatzeko gai diren sintetizadoreei buruzko eta emozioak gorputz-jarreren bidez espresatzeko balio duten animazio-moduluei buruzko ikerketa berriei.

Informazio osagarria

  • Tesiaren egilea, Amalia Ortiz Nicolás, Amalia Ortiz Nicolás
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: