#GaiNagusiak

Atmosferako CO2-kontzentrazioa handitzeak garagarraren gazitasunarekiko tolerantzia handitu dezake

Noiz argitaratua: 08/07/09 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Ingurumena #Lurraren zientziak #Osasuna
 Usue Pérez-López doktorea

Etorkizunean, klimaren aldaketaren eraginez, Lurreko eremu gaziak handituko dira eta atmosferako CO2-kontzentrazioa igoko da. Hala ere, CO2-kontzentrazio handiak baditu efektu positiboak garagar-landareetan, haien gazitasunarekiko tolerantzia areagotu egiten baitu. Hala ondorioztatzen da Usue Pérez-Lópezek UPV/EHUn aurkeztu duen doktore-tesitik.

Mundu osoan garrantzi handia duen laborea da garagarra. Izan ere, munduko laugarren zerealik landatuena da —56 milioi hektarea—, eta kontinente guztietan dago, oso ongi egokitzen baita inguru desberdinetara. Beste landareekin gertatzen den bezala, eskuratu dezakeen uraren, elikagaien eta CO2-aren arteko orekaren mende dago garagarraren garapen egokia. Baina etorkizunean lurraren gazitasun-maila handituko dela aurrikusten da, eta horrek garagarra gutxiago haztea eragingo luketen desoreka batzuk sor ditzake.

Hainbat adituk adierazi duenez, atmosferako CO2-maila handitzeak arindu egin lezake gatz-kontzentrazio altuek eragindako landareen hazkuntza-murrizketa. Baina orain arte egindako ikerketak ez datoz bat haien emaitzetan, eta zientzialariek ez dakite ziur gazitasunak garagarrarengan dituen efektu negatiboak CO2-kontzentrazio handiaren eraginez arindu daitezkeen ala ez. Galdera horri erantzutera dator UPV/EHUko irakasle den Usue Pérez-Lópezek Zientzia eta Teknologia Fakultatean aurkeztu duen doktore-tesia: Respuestas fisiológicas de la cebada a la interacción de la salinidad y el elevado CO2. Prospección ante el cambio climático (Garagarraren erantzun fisiologikoak gazitasunaren eta CO2-aren arteko elkarrekintzari. Klima-aldaketaren aurreko azterketa). Usue Pérez-López, Biologia-Zientziatan lizentziaduna da. Lizentziaturako Sari Berezia jaso zuen eta Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Alberto Muñoz-Rueda eta Amaia Mena-Petite doktoreen zuzendaritzapean egin du tesia. Pérez-López doktoreak Pisako (Italia) Unibertsitateko Kimika eta Laborantzako Bioteknologiak Sailean egin du bere ikerketaren zati bat.

Gazitasun- eta CO2-maila altuagoak

Nazio Batuen Nekazaritza eta Elikadurarako Erakundeak (FAOk) kaleratutako datuen arabera, erein daitekeen azalera ureztatuaren % 20k gazitasun-mailaren bat du, eta hori ez da egokia nekazaritzarentzat. Gainera, etorkizun hurbilean gazitasun-maila handitu egingo dela aurreikusten da, hainbat arrazoirengatik: besteak beste, sail ureztatuak handituko dira, eraginkortasun baxuko ureztatze-sistemak erabiltzen dira, kalitate txarreko urarekin ureztatzen dira lursailak eta lurreko ur gehiago galduko da, tenperatura altuek eragindako lurruntzearen eraginez. Ondorioz, garagar-landareen egoera hidrikoa hondatuko da eta desorekak gertatuko dira haien elikaduran, sodio eta kloro (gatzaren osagaiak) gehiegi, eta potasio, kaltzio eta nitrogeno gutxiegi jasotzeagatik. Azken finean, landareak karbohidrato eta proteina gutxiago sortuko ditu eta horrek garagar-landareen hazkuntza murriztea ekarriko du.

Bestalde, Klima-Aldaketaren Gobernu-arteko Panelak (IPCCk) aurreikusten duenez, XXI. mendearen amaieran egongo den atmosferako CO2-kontzentrazioa gaur egungoaren halako bi izango da. Gizakia da igoera horren erantzule nagusia, erregai fosilak erretzearen eta basoak deuseztearen ondorioz. Hala ere, Pérez-López doktorearen ustez, CO2-aren igoerak garagarrari mesede egin diezaioke, gazitasun-maila altuak sortzen dizkion ondorio negatiboak arintzeari dagokionez, behintzat. Haren ikerketak oinarritzat hartzen duen hipotesia honako hau da: CO2-kontzentrazio altuagoari esker, landarearen fotosintesi-tasa handituko litzateke, haren egoera hidrikoa hobetuko litzateke (transpirazioa murriztearen ondorioz, ur gutxiago galduko luke), oxidazioaren aurrean hobeto babestuta legoke eta ioi toxiko gutxiago jasoko lituzke.

Hala, bi garagar-barietate (Hordeum vulgare cv Alpha eta Hordeum vulgare cv Iranis) aukeratu ditu Pérez-López doktoreak, eta aztertu ditu haien garapena, ur- eta elikadura-egoera, sistema antioxidatzailea, eta karbonoaren eta nitrogenoaren metabolismoa gazitasun- eta CO2-maila altuko kondizioetan (banaka eta biak batera).

CO2-aren efektu positiboak

Pérez-López doktorearen helburuetako bat zen ikustea ea CO2-maila altuari esker sodio eta kloro gutxiago pilatuko zen garagarraren ehunetan. Landarearen hainbat organo aztertu ondoren, ondorioztatu du CO2-ak ez duela galarazten sodioa ehunetan pilatzea, nahiz eta landarea gehiago hazten den eta transpirazio gutxiago jasaten duen.

Aldiz, CO2-ak eragindako transpirazio-murrizketa horri esker, estomak itxita mantentzen direnez, landareak ur gutxiago galtzen du hostoetatik eta ehunak gutxiago deshidratatzen dira. Gainera, Pérez-López doktoreak ikusi duenez, kondizio horietan hazten diren landareen sustraiak gehiago hazten dira, eta, hortaz, ura xurgatzeko azalera handitu egiten da. Laburbilduz, CO2-maila altuek garagarraren egoera hidrikoa hobetzen dute neurri esanguratsu batean.

Bestalde, Pérez-López doktoreak jakin nahi zuen ea atmosferan CO2-kontzentrazio handiagoa egoteak arindu dezakeen gazitasunak eragindako hazkuntzaren murrizketa. Haren doktore-tesiaren arabera, CO2-maila altuak eragin positiboa du landarearen fotosintesian. Izan ere, nahiz eta estomak itxita izan, CO2-a hobeto barreiatzen da hostoaren kanpoaldearen eta barrualdearen artean.

Azkenik, garagarraren oxidazio-estresa (gazitasun-maila altuaren eraginez landareak jasaten duen oxidazioa) ikertu du Pérez-López doktoreak, eta haren gaitasun antioxidatzailea aztertu du, hau da, landareak oxidazioaren aurrean dituen babes-mekanismoak. Tesiaren ondorioa da CO2-kontzentrazio altuak arindu egiten duela estres hori.

Azken finean, Pérez-López doktorearen ikerketak dio CO2-maila handitzearen ondorioz, gazitasunaren eragina jasaten duten garagar-landareak gehiago haziko direla, haien egoera hidrikoa eta tentetasuna hobetzen dituelako CO2-ak, eta batez ere fotosintesi-maila handitzen duelako.

Informazio osagarria

  • Usue Pérez-López doktorea, Usue Pérez-López
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: