#GaiNagusiak

Opioideek eta kannabinoideek espermatozoideetan eragiten dute

Noiz argitaratua: 08/06/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Osasuna
 Ekaitz Agirregoitia Marcos

Giza esperman opioide- eta kannabinoide-hartzaileak badaudela eta espermatozoideen mugikortasunean eragiten dutela ondorioztatu du UPV/EHUko doktore-tesi batek. Ugalkortasun-arazoentzat tratamendu eraginkorragoak diseinatzeko atea irekitzen du Ekaitz Agirregoitiaren ikerketak.

Isuri berriak diren giza espermatozoideak ez dira gai ernaltzeko; zenbait aldaketa fisiologiko jasan behar dituzte lehenik. Besteak beste, mintz plasmatikoan —zelulak biltzen dituen geruzan, hain zuzen— dauden hartzaile batzuei esker gertatzen dira aldaketa horiek. Opioide-hartzaileak eta kannabinoide-hartzaileak dira hartzaile horietako bi. Dagozkien substantziak (opioideak eta kannabinoideak) lotzen zaizkienean, eragin fisiologiko berdintsuak sortzen dituzte gorputzean, hala nola sedazioa, analgesia edo hipotentsioa. Gainera, orain arteko ikerketek ondorioztatu dutenez, biek dute eragina ernaltze-prozesuan. Izan ere, kanpo-opiazeoen kontsumoak (heroina, metadona) espermatozoideen mugikortasuna gutxitzen duela deskribatu da, eta, halaber, kanpo-kannabinoideek (haxixak) ugaltze-funtzioaren alterazioa dakartela. Dena den, gorputzak berak ere sortzen ditu barne-opioideak eta –kannabinoideak; estres-egoerak edo mina jasaten laguntzen dutenak, besteak beste. Horiek ere ugaltze-funtzioan eragiten dutela deskribatu da.

Hori guztia jakina bazen ere, orain arte ez zegoen giza haziarekin opioide- eta kannabinoide-hartzaileen inguruko azterketa sakonik eginda, eta horri ekin dio Ekaitz Agirregoitia Marcosek UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean aurkeztu duen doktore-tesian: Opioide-hartzaileak eta kannabinoide-hartzaileak giza espermatozoideetan espresatzen dira eta haien mugikortasunean eragiten dute. Hiru opioide-hartzaileren eta bi kannabinoide-hartzaileren espresioa eta kokapena zehaztea du helburu, haien aktibazioak espermatozoideen mugikortasunean duen eragina aztertzeaz gainera. Agirregoitia lizentziatua da Biologian, eta espezializatuta dago Osasun Zientziatan. Ordezko irakasle gisa lan egiten du Fisiologia Sailean, Biofisika Medikoa eta Fisiologia Orokorra ikasgaietan. Bere doktore-lana sail horretako Jon Irazusta Astiazaran doktoreak zuzendu du, eta Euskalduna Klinikako Carmen Ochoa doktorearekin eta Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko Manolo Guzmán doktorearen taldearekin egina izan da.

Hartzaileak kokatzen

Doktore-tesi honek lehen aldiz baieztatu du opioide- eta kannabinoide-hartzaile mota guztiak daudela giza espermatozoideetan. Izan ere, orain arte MU opioide-hartzailea zaldi-hazian soilik aurkitua zen, eta CB1 kannabinoide-hartzailea giza hazian espresatzen dela duela gutxi jakin da. Hainbat teknika erabilita, hiru opioide-hartzaileren (DELTA, KAPPA eta MU) eta bi kannabinoide-hartzaileren (CB1 eta CB2) kokapena zehaztu ahal izan du. Doktore-tesian jasotzen duenez, horiek guztiak espermatozoideen buruan, tarteko zatian eta isatsean aurkitu daitezke.

Mugikortasunean nola eragiten dute?

Opioide- eta kannabinoide-hartzaileen espresioa eta kokapena zehaztu ondoren, haien aktibazioak espermatozoideen mugikortasunean duen eragina aztertzeari ekin dio Agirregoitia doktoreak. Hartzaile horiek sarraila baten modura jokatzen dute, eta hor ahokatzen diren giltzen modura jokatzen dute substantzia opiazeoek eta kannabinoideek. Substantzia horietako batzuek (agonistak) zelulak aktibatuko dituzte, giltzak atea irekiko balu bezala. Beste batzuek (antagonistak), sarrailari ongi egokitu arren, ezin dute hura zabaldu eta hartzailea blokeatzen dute. Prozesu biak aztertu ditu Agirregoitiak, eta, horretarako, substantzia sintetiko agonistekin eta antagonistekin inkubatu du giza hazia.

UPV/EHUn aurkeztu den doktore-tesiaren arabera, badirudi espermatozoideen mugimenduari eusteko, DELTA opioide-hartzaile gutxieneko batzuek aktibatuta egon behar dutela. Bestalde, MU opioide-hartzailearen aktibazioak badirudi espermatozoideen mugikortasuna inhibitzen duela, hau da, mantsotu egiten dituela. KAPPA opioide-hartzaileak, azkenik, mugikortasuna ez den beste prozesuren batean parte hartzen duela ondorioztatu du.

Sistema kannabinoideari dagokionez, CB1 eta CB2 hartzaileen aktibazioak higidura azkarra eta progresiboa duten espermatozoide-portzentajearen jaitsiera ekarri du. Hala ere, CB1 hartzailearen aktibazioaren ondorioz espermatozoide geldien kopurua igo egiten da; CB2 hartzailearen aktibazioak, aldiz, ez du espermatozoideen mugikortasuna horrenbeste inhibitzen.

Diagnosi eta tratamendu eraginkorragoak

Opiazeoek eta kannabinoideek ugaltze-funtzioa nerbio-sistema zentralaren bitartez erregulatzen dute, eta, tesi honek dioenez, espermatozoideetan kokatzen diren hartzaileen bidez ere kontrola dezakete funtzio hori. Beraz, espermatozoideak obulua aurkitu arte egiten duen ibilbidean aurkitzen dituen barne-opioideen eta -kannabinoideen motak eta kontzentrazioak espermatozoidearen mugikortasuna baldintzatuko du.

Lan honek hainbat patologiaren diagnostiko eta tratamendurako atea ireki dezake epe luze/ertainean. Esate baterako, espermatozoideek eta emakumeen ugaltze-aparatuak arrazoi ezagunik gabe izaten dituzten ugalkortasun-arazoak hobeto uler daitezke sistema opioidearen eta kannabinoidearen osagaien azterketa eginez. Bestalde, mugikortasuna pizteko tratamenduak diseinatzerakoan, hartzaile egokia aktibatzen edo inaktibatzen duen konposatua emateak ernaltze-prozesua erraztu dezake.

Informazio osagarria

  • Ekaitz Agirregoitia Marcos, Ekaitz Agirregoitia Marcos
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: