#GaiNagusiak

Erradioterapia modulatuak ondesteko minbiziaren tratamendu-denbora murriztu dezake toxikotasuna handitu gabe

Noiz argitaratua: 08/06/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Marta Moreno, José Javier Aristu eta Leyre Arbea

Ondesteko minbizia tratatzeko erradioterapia modulatua aplikatzen bada, litekeena da ohiko terapiekin lortzen diren emaitzak hobetzea. Teknika horri esker, erradiazioa zehazki tumorera eta arriskuan dauden eremuetara bideratzen da, eta ehun osasuntsuetara igortzen den erradiazioa txikitu egiten da. Modu horretan, eguneroko erradiazio-dosia handitu daiteke, eta dosi totala ohiko tratamenduen antzekoa izan liteke. Hortaz, tratamendu-denbora % 30 murrizten da, albo-ondorioak areagotu gabe eta erantzun patologikoen tasa altuekin.

Hori baieztatu dute Nafarroako Unibertsitate Klinikako zenbait adituk egindako ikerketa batean. Ikerketa hori Ameriketako Erradioterapia eta Onkologia Batzordearen International Journal of Radiation Oncology, Biology, Physics zientzia-dibulgazioaren aldizkari espezializatuan argitaratu berri dute. Ikerketa-lan horretan, digestio-tumoreen alorreko aditu-taldeak parte hartu du, Erradiologia Onkologikoa zerbitzuko José Javier Aristu aditua buru zutela. Ondesteko tumoreetan erradioterapia modulatua aplikatu ostean emaitza klinikoak ematen dituen argitaratutako lehen artikulua da.

Berrikuntza ondesteko minbizian

Intentsitate modulatuko erradioterapiaren teknikan (IMRT, Intesity-Modulated Radiation Therapy), erradiazio-dosia xafla anitzez osatutako azeleragailu lineal batez aplikatzen zaio gaixoari. Erradiazioa aplikatu behar den eremuaren ezaugarrien arabera, planifikazio-sistema gai da erradiazio-dosi altuak bolumen horretara egokitzeko. Kasuan kasu aplikatu beharreko dosia eremuaren morfologiaren arabera egokitzea ahalbidetzen du horrek.

Orain arte, prozedura hori soilik buruko, lepoko eta prostatako tumoreak tratatzeko erabiltzen zen, zenbait tumore txikirekin. Gaur egun, teknika hori ondesteko minbizian erabiltzen hasi gara, kimioterapia eta erradioterapia konbinatzen dituen ohiko tratamenduak toxikotasun-maila handiak sor baititzake, Aristu doktorearen esanean.

Ondesteko minbiziaren tratamenduan erradioterapia modulatua aplikatzearen helburu nagusia da ehun osasuntsu ahalik eta gehien uztea erradiazio-eremutik kanpo, nagusiki, heste-lakioak, maskuria eta ondesteko eremu osasuntsuak. Egiaztatu dugu erradioterapia eta kimioterapia aldi berean aplikatzen dituen tratamenduak hestearen hantura sortzen duela. Ikerketa honetan ikusi dugunez, ordea, erradioterapia modulatua aplikatuz gero, ondesteko minbizia tratatzeko garaian gaixoak ia ez du hesteko hanturarik jasaten. Gainera, erradiazioa soilik tumorera bideratzen denez eta ehun osasuntsuari ahalik eta kalte gutxien egiten zaionez, eguneroko dosia handitu eta tratamendu-denbora % 30 murriztu daiteke gutxi gorabehera, ohiko tratamenduen antzeko dosi globala emanda.

Ikerketaren I-II fasea

Ikerketa-lan hori ondesteko minbizia duten 20 gaixorekin egin dute, eta oraindik ere I-II fasean dago. Ikerketaren helburu nagusia da kimioterapiarekin konbinatuz erradioterapia modulatuaren bidez aplika daitekeen erradiazio-dosia neurtzea. Aristu adituaren esanean, ikerketa honek egiaztatzen du IMRTaren bidez ohiko teknikekin aplika daitekeen erradiazio-dosia, denbora gutxiagoan eta erantzun patologikoen tasa itxaropentsuekin aplika daitekeela.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CUN
  • Marta Moreno, José Javier Aristu eta Leyre Arbea, CUN
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: