#GaiNagusiak

Bronkoskopio gidatu batek 2 cm baino handiagoko biriketako noduluen % 75en biopsia egin du, puntzio eta ebakuntzarik gabe

Noiz argitaratua: 08/05/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Luis Seijo

Nabigazio elektromagnetikoaren laguntzaz gidatutako bronkoskopio batek 2 cm baino handiagoko biriketako noduluen % 75en laginak jasotzea eta biopsia egitea lortu du, Luis Seijo medikuak azaldu digunez. Luis Seijo Nafarroako Unibertsitate Klinikako Neumologia saileko aditua da. Nafarroako Unibertsitate Klinikak esperientzia handia du teknika berritzaile horren erabileran. Teknika horri esker, biriketako lesioak senda daitezke, ebakuntzak edo torax-puntzioak saihestuta.

Nabigazio elektromagnetikoaren laguntzaz gidatutako bronkoskopioa bronkio-zuhaitzetik gaixoak nodulua duen lekuraino iristean datza. Ibilbide hori biopsia egiteko erabiliko den gailuaren kokapenaren berri emango digun sistema batek gidatuko du. Biriken kasuan, sistemak zunda elektromagnetiko bat du gidari. Nodulura iristean, zunda hori biopsia-pintza edo zitologia-orratz batez ordezkatzen da, eta, gailu horrekin, lesioaren lagin bat jasotzen da. Halaber, sistema horrekin, adenopatien edo gongoil mediastinikoen laginen azterketa erraztu daiteke. Prozesu hori gaixoari lasaigarria eman ostean egiten dute Nafarroako Unibertsitate Klinikan.

Oinarrizko plangintza

Bronkoskopia hasi baino lehen, ezinbestekoa da aurretiaz toraxeko ohiko OTA batetik lortutako datuetatik abiatuta ebakuntzaren plangintza egitea. Informazio hori guztia software batean txertatzen dute, eta horrek gaixoaren bronkio-zuhaitz birtuala berregiten du.

Informazio grafiko horrekin, neumologoak ebakuntzaren plangintza zehatza egiten du. “Ezinbestekoa da ebakuntzaren plangintza egitea prozesua arrakastaz gauzatu ahal izateko. Adituak erreferentziazko puntuak markatu behar ditu ordenagailuko irudietan, ondoren, denbora errealean, noduluraino nabigatu ahal izateko” azpimarratzen du Seijo medikuak.

Erreferentzia birtual horiek biopsia egin nahi den lesioa dute dianatzat. Garrantzitsua da ebakuntzan bronkio-zuhaitzaren barruan zundaren kokapenaren berri emango diguten puntu ezagunak markatzea. Teknika endoskopikoari ekin aurretik, adituak plangintza informatikoa bronkoskopioen gelara eramaten du, eta hango ordenagailu batean txertatzen du.

Bronkoskopioan zehar

Nabigazio-sistemak eremu elektromagnetiko bat sortzen du gaixoaren toraxean, eta zunda hiru dimentsio espazialetan kokatzen du bronkio-zuhaitzean. Teknika horri esker, une oro jakin daiteke zundaren orientazioa; baita zundaren eta diagnostikatu nahi den lesioaren arteko distantzia eta norabidea ere. “GPS baten antzekoa da” azaltzen du Seijok.

Bronkoskopioa ahotik edo sudurretik sartu ostean, plangintza birtualean aurreikusitako erreferentziazko puntu berdinak markatu behar dira denbora errealean. Zunda elektromagnetikoarekin, aurretiaz gaixoaren bronkio-zuhaitzean birtualki aukeratutako puntu errealak ukitzen dira. Ordenagailuak erreferentziazko puntu errealen eta birtualen artean alderik dagoen edo ez detektatzen du. 4 mm baino txikiagoko aldea litzateke idealena.

Era horretan, sistemak une oro zundaren kokapena kalkulatzen du toraxaren barruan, eta, hortaz, baita eskanerreko posizio birtuala ere. “Hala, biopsia egin nahi den lesioraino nabigatzen dugu. Oro har, 5 edo 6 erreferentzia-puntu markatzen dituzte; hala ere, bronkio-zuhaitzak hainbat adarkatze dituenez eta nahiko konplexua denez, beste zenbait erdibideko erreferentzia-puntu ere markatzen dituzte. Azken horiek baliza gisa funtzionatzen dute nodulurainoko nabigazioan” dio neumologoak.

Zunda elektromagnetikoak gaixoaren bronkioetako adarkaduretatik egiten du bere ibilbidea, betiere zabal daitekeen kanal baten barruan. Dianara iristean, zabal daitekeen kanal hori finkatu daiteke, zunda lesioaren lagina jasotzeko (biopsia) beharrezkoa den gailuarengatik ordezkatzeko.

Prozesu horren arriskua puntzioa egitearena edota toraxaren ebakuntza irekia egitearena baino txikiagoa da. Esaterako, ohiko toraxaren puntzioak neumotoraxa sortzen du kasuen % 20an; nabigazio bidez gidatutako bronkoskopioak, berriz, kasuen % 6an sortzen du.

Informazio osagarria

  • Luis Seijo, CUN
  • icono_documento
    Bronkoskopio bidezko ebakuntzaren eskema, CUN
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CUN
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: