#GaiNagusiak

Lombraña: “Gure lana da uretako kutsatzaileak oxidatzea uretan ‘erre’ egingo bagenitu bezala”

Noiz argitaratua: 08/05/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena #Teknologia
 José Ignacio Lombraña, (ezkerretik hasita, hirugarrena) UPV/EHUko Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikerketa-taldeko hainbat kiderekin: Ana de Luís, Federico Mijangos eta Fernando Varona.

Uretako kutsadura murriztea da José Ignacio Lombraña doktoreak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean zuzentzen duen ikerketa-lerroaren helburua. Industriak isuritako kutsatzaileak ezabatzeko gai diren tratamendu kimikoak aztertzen ditu, hondakin-ura berrerabiltzeko xedearekin.

Industria da ur-inguruneek jasaten duten kutsaduraren iturburu nagusia, berez degrada ezin daitezkeen hondakinak isurtzen baititu ibaietara. Izan ere, hondakin organiko gehienak biodegradagarriak dira, baina industrian hainbeste erabiltzen diren plastikoak, koloratzaileak eta detergenteak uretan gelditzen dira, eta horrek ura baliabide gisa erabiltzea eragozten du. Ingurumari horretan kokatzen da José Ignacio Lombraña doktoreak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean zuzentzen duen ikerketa. Haren helburua da uretara isuritako substantziak ezabatzea oxidazio aurreratua deritzan prozesuaren bidez. Lombraña doktoreak berak dioen bezala, prozesu horrek “konposatu kimikoa oxidatzean datza, uretan ‘erre’ egingo balitz bezala.

Energiaren eta Ingurumenaren Ingeniaritza Kimikoko Taldea, Lombraña doktorea buru duela, ozonoaz (O3) eta hidrogeno peroxidoaz (H2O2) baliatzen da elementu kutsatzaileak uretan oxidatzeko. Izan ere, bi molekula horiek baldintza jakin batzuetan erabiliz gero, eraginkortasun handia lor daiteke. Oxidazio aurreratua deritzan prozesu kimikoari esker, uretako kutsatzaileak murriztu egiten dira, beren kabuz degradatzeraino edo, behintzat, ohiko sistemen bidez tratatu ahal izateraino. “Kimikoki, posible da kutsatzaile horiek guztiz ezabatzea, baina, horretarako, oxidatzaile-kantitate handiak eta oso baldintza garestiak beharko lirateke, eta, horrenbestez, ez litzateke ekonomikoki bideragarria izango” adierazi du Lombrañak Ingeniaritza Kimikoa Sailetik. Ozonoaren eta hidrogeno peroxidoaren abantaila handiena da molekula ‘garbiak’ direla; Lombrañak dioenez, “kloroa eta halako beste substantzia batzuk ez bezala, molekula horiek desagertu egiten dira haien oxidazio-funtzioa amaitu ondoren”.

Uraren kutsadura, abiapuntu

Ikerketa honek helburu praktikoa duenez, Lombrañaren taldea arazo erreal batean oinarritzen da ikertzen hasteko: ur jakin bat ezin erabiltzea kutsatzaile bat agertu delako. Hiru kutsatzaile mota hautatu ditu: koloratzaileak, detergente-urak (garbitzaileen eraginez kutsatutakoak) eta fenolikoak (fenola eta haren deribatuak dituzten urak). Kutsadura eragin duen konposatua identifikatutakoan, “kutsatzailea aztertzeko eredu bat eraikitzen dugu, alegia oxidatu nahi dugun substantzian oinarritutako ‘ur sintetikoa’ prestatzen dugu” adierazi du Lombraña doktoreak.

Hain zuzen, UPV/EHUn egindako ikerketa honen ekarpen handienetako bat da hainbat konposaturen degradazio-ereduak definitzea, hau da, proiektuaren zuzendariak azaldu duenez, “molekula bat, guztiz degradatu arte, zein fasetatik igarotzen den deskribatzea”. Ikertutako oxidazio-tekniketatik, FENTON erreaktiboarena (burdin gatzen eta hidrogeno peroxidoaren arteko konbinazio bat) eta hidrogeno peroxidoa izpi ultramoreekin konbinatzearena azpimarratzen ditu Lombrañak.

Azkenik, egiaztatze-faseari ekin dio ikerketa-taldeak. “Aurrez deskribatu ditugun degradazio-ereduak inguruko enpresek isuritako uretan probatu ditugu, oxidatzaileek oinarrizko kutsatzaile horietan zenbaterainoko eraginkortasuna duten ikusteko” dio Lombrañak.

Baina Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileen lana ez da mugatzen hainbat kutsatzaileren oxidazio-prozesuak deskribatzera eta aztertzera. Lan horretarako beharrezkoa den tresneria diseinatzea ere haien ardura da. Dagoeneko, hainbat ozonizazio-prototipo garatu dituzte (ozonoa uretan aplikatzeko instalazioak), oxidazioa gertatzeko behar diren baldintzak optimizatuz.

Etorkizunera begiratzen duen teknika

Garapen-fasean dagoen teknika bat da oxidazio aurreratua; beraz, oraindik ez da araztegietan normal erabiltzen. José Ignacio Lombrañak zuzentzen duen ikerketaren helburua da ezagutza-base bat sortzea, teknologia hori industria-jatorriko uren tratamendura zuzendutako instalazioetan erabiltzeko, eta ez hainbeste araztegi arruntetan. “Saiakuntza-bankuak aurkitzeko izaten ditugu zailtasunik handienak. Berehala funtzionatzen duten produktuak nahi dituzte enpresek eta soilik konpainia handiek jasan dezakete prototipo pilotuetan inbertitzea” dio Lombraña irakasleak.

Nuevas estrategias en tecnologías de oxidación avanzada con el empleo de ozono y peróxido de hidrógeno (Ozonoa eta hidrogeno peroxidoa erabiltzen duten oxidazio aurreratuko teknologiei zuzendutako estrategia berriak) izeneko proiektuak Espainiako Zientzia eta Hezkuntza Ministerioaren diru-laguntza jaso du, eta ur kutsatuak berreskuratzeko ikerketa-lerroaren baitan dago. Aurten, José Ignacio Lombraña buru duen taldeak proiektu berri bati ekin dio, Pirinioetako Lan Elkartearen koordinaziopean eta Rovira i Virgili Unibertsitatearekin (Tarragona) eta Toulouseko Unibertsitatearekin elkarlanean.

Informazio osagarria

  • José Ignacio Lombraña, (ezkerretik hasita, hirugarrena) UPV/EHUko Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko ikerketa-taldeko hainbat kiderekin: Ana de Luís, Federico Mijangos eta Fernando Varona. , Alaitz Ochoa de Eribe
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: