#GaiNagusiak

Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoa berregiten

Noiz argitaratua: 08/04/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak
 Aldaietako nekropolia

UPV/EHUren Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaile-talde batek, Concepción de la Rúa irakaslea buru duela, eskeleto-hondarretatik erauzitako DNAtik abiatuta, giza populazio baten historia biologikoa berregiten dihardu eta populazio horren inguruko galdera historikoei erantzuten.

Antzinako populazioaren historia ezagutzea eta populazio horren inguruko galdera historikoei erantzutea interesgarria da oso. Are gehiago, informazio hori guztia gizakiaren hezur eta hondarretatik erauzitako material genetikoari esker jakiten bada. Horixe egin dute, hain zuzen ere, Arabako Aldaieta nekropolian. Alegia, antzinako DNAren azterketei esker, hango populazioaren berri jakin dute.

Aldaietako aztarnategia garrantzitsua da arkeologikoki eta historikoki, eta berreskuratze- eta azterketa-lan handia egin behar da hura kontserbatzeko. Horren harira, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologia saileko ikertzaile-talde batek nekropolia ikertzen dihardu.

UPV/EHUko ikertzaile-taldea Aldaietako nekropoliko gizakien hezur- eta hagin-hondarretako material genetikoa aztertzen ari da, nekropoli horren esangura biologikoa eta soziala interpretatzeko asmoz. Egia esan, antzinako DNA aztertzeko laborategiko lana ikaragarri handia da, hainbat arrazoirengatik. Batetik, hezur- eta hagin-hondarretatik erauzitako DNA-kantitatea oso txikia da, eta, bigarrenik, lortzen den DNA-katea oso degradatua egoten da. Horren ondorioz, kutsatzeko arrisku handia du. Horregatik, lortutako emaitzak behin eta berriz egiaztatu behar dira, eta ziur egon behar da emaitza horiek laginarenak direla, eta ez kutsaduraren edota kanpoko eragileen ondorioz lortutakoak.

Ikerketa-lan horretan, ikertzaileek, lehendabizi, DNA erauzten dute antzinako hondar horietatik, eta, ondoren, DNA hori aztertzen dute. Normalean, DNA mitokondrialaren sekuentziazioa egiten dute (DNA mitokondriala amagandik jasotzen da soilik) eta gizaki bakoitzaren ale bi aztertzen dituzte. Gainera, gizaki bakoitzaren hirugarren ale bat beste laborategi batera bidaltzen dute. Azkenik, hiru lagin horiek alderatuta, endogenoa dena kanpoko eragileen ondorioz lortutako emaitzetatik bereizten dute. Noski, gizaki beraren hainbat laginetatik lortutako emaitzek berdinak behar dute izan analisi guztietan.

Populazioaren interpretazioa

Antzinako DNArekin lan egiteak zenbait arazo edo zailtasun dituen arren, UPV/EHUko ikertzaileek landutako metodologia horri esker, eta emaitzak egiaztatzeko garaian kontuan hartu dituzten irizpideei esker, Aldaietako nekropolian lurperatutako populazioari buruzko datu fidagarriak eta egiaztagarriak lortu dituzte.

Europako DNA mitokondrialak homogeneotasun handia erakusten du, eta, horren barruan, Aldaietako populazioaren substratu genetikoa Kantauri itsasaldeko eta Atlantikoko gaur egungo populazioarekin bat datorrela ikusi dute. Horrek adierazten digu garai batean gizaki horien artean nolabaiteko gene-fluxua zegoela.

Mitokondrioetako DNA aztertzeaz gain, Y kromosomaren karakterizazioa ere egin dute antzinako DNAren azterketa bidez, aitaren lerro genetikoari dagokion informazioa lortzeko. Horri guztiari esker, ikusi dute familiarteko harremanak daudela nekropoli horretan, eta familia bereko gizakiak gertuko hilobietan daudela. Gainera, bereizketa nabarmena da generoari dagokionez. Hain zuzen ere, gizonezkoek dituzte ondasun gehien, bai eta garrantzitsuenak ere.

Zalantzarik gabe, eskeleto-hondarren azterketa genetikoa egitea lan nekeza da, eta emaitzak egiaztatzeak zailtasun ugari ditu. Hala ere, ezinbestekoa da giza populazioaren historia biologikoa berregiteko edo ezagutzeko.

Informazio osagarria

  • Aldaietako nekropolia, A. Azkarate
  • UPV/EHUko Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultateko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalia Fisiologia saileko ikertzaile-taldea., UPV/EHU

  • Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa, Norteko Ferrokarrilla
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: