#GaiNagusiak

UPV/EHUko ikertzaile batek zenbait metodo aurkeztu ditu bihotz-gelditze kasuetan desfibriladoreen funtzionamendua hobetzeko

Noiz argitaratua: 08/03/25 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 Sofía Ruiz de Gauna Gutiérrez

Bihotz-birikak berpiztean egiten diren torax-zapalketek eta aireztapenek sortzen dituzten interferentziak ezabatzeko, zenbait metodo aurkezten ditu Sofía Ruiz de Gauna Gutiérrez ingeniariak Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) egindako lan honek.

Bat-bateko bihotz-heriotza (BBH) gaixotasun kardiobaskularren adierazpen larrienetariko bat da, eta, aldi berean, lehenengo heriotza-arrazoia herrialde garatuetan.

Bat-bateko bihotz-heriotzen % 40k bi bihotz-arritmia mota agertzen ditu: bentrikulu-fibrilazioa eta pultsurik gabeko bentrikulu-takikardia. Kasu horietan, tratamendu egokiena da berehala bihotz-birikak bizkortzea (BBB), torax-zapalketekin eta aireztapenekin zirkulazioa mantenduz, eta, jarraian, deskarga elektriko bat emanez gaixoari bularrean, hots, desfibrilazioa eginez, betiere bihotz-erritmoa desfibrilagarria denean. Horren ildotik ikusi dute deskarga aplikatzen den azkartasunarekin zuzenki erlazionatuta dagoela desfibrilazioaren arrakasta.

Kanpoko desfibriladore automatikoak edo AEDak (Automatic External Defibrillator) bihotzaren seinale elektrikoa, edo elektrokardiograma, aztertzen du, eta, diagnostikoaren arabera, deskarga elektrikoa ematen dio edo ez, hau da, desfibrilazioa egiten zaio edo ez. Bihotz-birikak berpiztean egiten diren torax-zapalketek eta aireztapenek interferentziak sortzen dituzte elektrokardiogramaren seinalean, eta horrek zalantzan jartzen du AEDaren diagnostikoaren fidagarritasuna. Hortaz, bihotz-biriketako berpiztea geratu egin behar da AEDak analisia egiten duen bitartean, eta horrek dakar zirkulazioa etetea eta terapia elektrikoaren arrakasta murriztea, hura beharrezkoa izanez gero.

Gai horri buruzko doktore-tesia egin du, hain zuzen ere, Sofía Ruiz de Gauna Gutiérrez ikertzaileak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Lan horretan, bihotz-birikak berpiztean egiten diren torax-zapalketek eta aireztapenek sortzen dituzten interferentziak ezabatzeko zenbait metodo proposatzen ditu. Interferentziarik gabeko seinale elektrokardiografikoari esker, desfibriladoreak behar bezala egiten du diagnostikoa bihotz-birikak berpiztean ere. Horrela, ez dago zapalketak egiteari utzi beharrik, eta deskarga elektrikoa lehenbailehen eman daiteke.

Doktore-tesiaren izenburua hau da: Eliminación de la interferencia debida a la resucitación cardiopulmonar en el contexto de la desfibrilación cardiaca (Bihotz-desfibrilazioaren alorrean, bihotz-birikak berpiztean sortzen diren interferentziak ezatzea). Doktore-tesi horren zuzendaria UPV/EHUko Elektronika eta Telekomunikazioak saileko Elisabete Aramendi Ecenarro irakasle titularra izan da. Lanak bikain cum laude kalifikazioa lortu du, eta Osatu S. Coop. enpresaren, Gurutzeta Ospitalearen, Donostia Ospitalearen eta Noruegako Stavanger Unibertsitatearen laguntza izan du.

Sofía Ruiz de Gauna Gutiérrez telekomunikazio-ingeniaria da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, irakasle laguntzailea da unibertsitate horretan.

Interferentziak ezabatuz

Bihotz-birikak berpiztean egiten diren torax-zapalketek eta aireztapenek sortzen dituzten interferentziak ezabatzeko zenbait metodo proposatzen dira lan honetan. Metodo horiek bi taldetan banatzen dira: AEDak erregistratu duen elektrokardiogramaren informazioa soilik aztertzen duten metodoak, eta, informazio horrez gain, interferentzia balioesteko erreferentziazko seinale bat behar duten metodoak.

Zenbait herritako larrialdi-zerbitzuek jarduera errealetan lortutako seinaleak aztertuz balioztatu dituzte metodo horiek. Emaitzen arabera, beste metodo konplexuagoekin lortutako sentikortasun- eta espezifikotasun-maila parekoak lortu dituzte. Beraz, posible da bihotz-erritmoa aztertzea bihotz-birikak berpizten diren aldi berean. Dena den, erritmoa desfibrilagarria ez denean interferentzia horiek ezabatzea lan nekezagoa da, eta arlo horretan gehiago sakondu beharko da.

Diseinatutako metodoetan aldaketa gutxi batzuk eginda, oso erraz txerta daitezke gaur egungo AEDetan. Hala, AEDaren diagnostikoak bihotz-birikak berpizten ari diren bitartean aholkatuko balu desfibrilazioa egitea, diagnostikoa nahiko fidagarria izango litzateke, eta, ondorioz, desfibrilazioa aurreratzea lortuko litzateke. Horren ondorioz, zapalketak era jarraituan eta alferreko etenaldirik gabe egiteko gaur egun dagoen joera indartu egingo litzateke, eta, aldi berean, desfibrilazioaren arrakasta-probabilitatea areagotu.

Informazio osagarria

  • Sofía Ruiz de Gauna Gutiérrez, S. Ruiz de Gauna

  • Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa, Norteko Ferrokarrilla
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: