#GaiNagusiak

UPV/EHUko ikertzaile batek antxoaren adina zehaztasun handiagoz neurtzen duen metodologia bat proposatu du

Noiz argitaratua: 08/03/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Pablo Cermeño Villanueva

Antxoaren adina hiletan edo astetan, zehatz-mehatz, neurtzea ahalbidetzen duen metodologia bat proposatzen du Pablo Cermeño Villanueva biologoak Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) aurkeztutako lan honek. Antxoaren hasierako hazkuntza-faseen ikerketetan lagundu dezake.

Europako antxoa (Engraulis encrasicolus, Lineo 1875) kostaldeko espezie pelagiko garrantzitsu bat da.Arrantzaren euskarri sendoa izateaz gain, itsasoko kate trofikoaren oinarrizko osagaia da. Arrain txiki honek berezitasun hauek ditu: bizi-ziklo laburra, urtaroen araberako migrazioak, hazkuntza-tasa altuak, ugalketa-adin goiztiarra, errunaldi luzea eta sardak osatzeko joera. Horren guztiaren ondorioz, gorabehera handiak izaten dira urtetik urtera antxoa gazteak zenbatzean, oso kalteberak baitira inguruneko kondizioetan.

Europako antxoaren harrapaketak beherakada nabarmena izan du azken hamarkadetan. 1965an 83.615 tona arrantzatu ziren; 1982an, berriz, 4.456 tona, eta 2005ean 950 tona, besterik ez.

Gai horri buruzko doktore-tesia egin du, hain zuzen ere, Pablo Cermeño Villanueva biologoak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Lan horretan, antxoaren adina hiletako edo astetako zehaztasunez —eta ez urtetako zehaztasunez— neurtzea ahalbidetzen duen metodologia bat aurkezten da. Horrek antxoaren hasierako hazkuntza-faseen ikerketetan lagundu dezake. Hasierako hazkuntza-fase horiek eragiten diote gehien arrainaren biziraupenari, eta, ondorioz, zenbaketari.

Doktore-tesiaren izenburua hau da: Analysis of the microstructure of the otoliths for growing and recruitment. Application to the European anchovy (Engraulis encrasicolus) in the Bay of Biscay (Otolitoen mikroegituraren azterketa hazkuntzan eta zenbaketan, Bizkaiko Golkoan Europako antxoari (Engraulis encrasicolus) aplikatua). Doktore-tesi horren zuzendaria Mediterraneoko Ikerketa Aurreratuen Institutuko (IMEDEA) Beatriz Morales-Nin izan da, eta ikertzaileak AZTI-Tecnalia Fundazioan garatu du doktore-tesia, Andrés Uriarteren babespean. Lan hori Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailean aurkeztu du eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Pablo Cermeño Villanueva Biologian doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, AMBARen (Itsas Faunaren Ikerketarako eta Babeserako Elkartearen) sortzaileetako bat eta lehendakaria da, eta World Wild Foundation-erako (WWF) ere lan egiten du.

Eguneroko hazkuntza-teknikak

Eguneroko hazkuntza-teknikek hazkuntzaren alorreko zenbait alderdi ezagutzeko eta horien eta ingurumenaren arteko elkarrekintzak ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Teknika horiek garatu dira, hain zuzen ere, lan honetan, eta, ondorioz, Europako antxoa Bizkaiko Golkoan nola eta noiz batzen den argitzen lagunduko du. Hazkuntzaren lehen fasetan hazkuntzaren eta hilkortasunaren artean dagoen harremana ulertzen ere lagunduko du.

Antxoa gazteen adina egunetan zehaztuz gero, lor daiteke jakitea gazte edo larba fasea igaro duten horiek zer hilabetetan jaio diren. Datu horiek urtetik urterako datuekin alderatu ez ezik, urtean zehar gertatzen diren gorabeherak ere ezagut daitezke. Aldaketa horien eta kondizio ozeanografikoen arteko erlazioa ere ezagut daiteke.

Doktore-tesi honen helburua izan da teknika hori Europako antxoaren ikerketarako eta kudeaketarako garatzea eta aplikatzea. Horretarako, espezie horretan lehenengo aldiz balioetsi dia hazkuntza-eraztunen eguneroko eraketa, zenbait markaketa kimiko eginez gatibualdian. Kaltziozko konplexu disolbagarri baten laguntzarekin egiaztatu dute antxoa gazteek nahiz helduek hazkuntza-eraztun bat sortzen dutela egunero haien otolitoetan; gatibualdi laburretan bai, behintzat.

Egunero-egunero otolitoetan metatutako hazkuntza-eraztun horiek eguneroko hazkuntzaren berri ematen duen patroi bat osatzen dute. Patroi hori ekortze-mikroskopio elektronikoaren nahiz mikroskopio optiko baten eta irudi-analizagailu baten laguntzaz aztertu dute. Hala, antxoaren adinaren irakurketa eguneka egiten duen metodologia proposatzen du lan honek. Metodologia hori baliagarria izan liteke gainerako ikertzaileentzat ere. Metodologia horri esker, Europako antxoaren lehen hilabeteetako hazkuntza-kurba lortu dute.

Informazio osagarria

  • Pablo Cermeño Villanueva, P. Cermeño
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: