#GaiNagusiak

Detonazio baten ondoren zein lehergai mota erabili den identifikatu dute lehenengo aldiz

Noiz argitaratua: 14/05/21 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 David Etayo Salinas

Objektu batzuk ezin ditugu ikusi ikusgai dagoenaren barrutian. Bai, ordea, terahertzaren (THz) luzera darabilten irudi-sistemen bidez. Barruti horretan, esate baterako gorputz arrotz bat hauteman dezakegu arropan ezkutatua, baina baita zein materialez osatua dagoen jakin ere. David Etayo telekomunikazio-ingeniaria da, eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta eztanda-osagaiak identifikatu ditu, ez soilik haien egoera puruan, baizik eta, lehenengo aldiz, eztanda gertatu ondoren ere bai. Horrez gainera, terahertzek nekazaritzan eta elikagai-industrian dituzten beste aplikazio batzuetan lan egin du. “New developments in the THz field for imaging applications” (Garapen berriak terahertzen eremuan irudi aplikazioetarako) izan da tesiaren izenburua.

Material bat ezaugarritzea (identifikatzea) bere ezaugarriak ezagutzea da, halako eran non, geroago, substantzia hori detektagailu batek aztertzen duenean, detektagailuak esango baitu zer den. Ikertzaile honek azaldu duenez, "urrats bat gehiago eman dugu irudi-sisteman: objektu bat dagoela hautemateaz gain, hainbat material ezaugarritu ditugu, terahertzen barrutian nola erreakzionatzen duten jakiteko. Lehergaiak ezaugarritu ditugu, eta, lehenengo aldiz, meategiko sutautsa. Material hori erabili zuten, esate baterako, Martxoaren 11ko erasoetan". Beste material batzuk ere ezaugarritu ditu, hala nola trilita, hexogenoa eta pentrita.

Jada detonatutako lehergaiak ezaugarritzea izan da doktoretza-tesiaren lorpenetako bat. "Ohikoa da lehergaiak laborategian duten itxuran, egin berritan, seguruak direnean, ezaugarritzea , baina eraso baten ondoren, esaterako, hondar batzuk bakarrik geratzen dira, eta jatorrizko materialekiko oso desberdinak dira".

Ikerketa egin bitartean, eta Guardia Zibilarekin lankidetzan, laginak hartu zituzten, detonazioaren aurretik eta ondoren. Horrez gainera, materialak hainbat formatan ezaugarritu zituen: lehergai hutsa, merkataritzako lehergaia eta etxean egindako lehergaia. Horrela, lehergaiaren laginen kantitate txikiak, 5 miligramotik 10 miligramora bitartekoak, hauteman zituen. Hainbat lehergairen nahasteak ere aztertu zituen, eta kasu guztietan osagai bakoitza identifikatzea lortu zuen.

"Detonazio baten hondarrak lagin gisa erabilita, berehala jakin dezakegu zein lehergai-mota detonatu den. Azkenean, prozesu kimiko bat da, hasierako produktua aldatzen duena; baina onena da, bai egoera puruan, bai detonatuan, terahertzaren barrutian ezaugarritu eta zehaztu daitekeela, eta zer den jakin". Teknologia hau erabilita, lehergaiak indargabetzeko erabiltzen diren robot-beldarrei sistema horiek jartzeko aukera dago, halako eran non lehergaia hautemango bailukete.

Hainbat aplikazio

Terahertzen teknologiak nekazaritzaren eta elikagaien industriaren esparruetan dituen aplikazioetan oinarritu zen tesiaren beste parte bat. Lehenengo kasuan, mahatsondoekin lan egin zuen, terahertzek berehala hautematen baitute laginak daukan ur-edukia: "Begi hutsez aldaketarik hautematen ez bada ere, mahatsondo-hosto baten irudia terahertzetan aztertzen baduzu, oso ongi ikusten da nola aldatzen den ur-edukia egunez egun. Horrela, landareak gehiago kontrolatzen dira, arrisku-kostua jaisten da, ardoaren kalitatea hobetu daiteke, eta abar."

Elikagai-industriari dagokionez, txorizo-ekoizle batekin lan egin zuen. Batetik, produktuak lehortze-prozesuan zeukan ur-kantitatea neurtu zuen. Horri esker, txorizoari ontzeko zenbat denbora geratzen zaion kalkulatzen da. "Terahertzen teknologiak daukan ona da ez dela suntsitzailea; ez da txorizoa hautsi behar neurketa egiteko; nahikoa da sentsorea produktura hurbiltzea", azaldu du David Etayok. Horrez gainera, beste aplikazio bat ere aurkitu du: xerretan zatitutako txorizoaren ekoizpen-katean geratu diren hondar edo gorpu arrotzak hautemateko erabiltzea sistema.

Azkenik, lana egin bitartean banda bikoitzeko sistema bat diseinatu zuen. Sistema horrek aukera ematen du bi frekuentzia-maila desberdin (infragorria eta terahertza) neurri bakar batean konbinatzeko, ezkutuan dauden objektuak hautemateko. Espektro elektromagnetikoaren barnean, terahertzaren erradiazioa mikrouhinen eta infragorriaren artean dago. Infragorriaren barrutiak frekuentzia handiago batean lan egiten du, eta bereizmena, irudiaren kalitate handiagoa, ematen du. Terahertzaren zatia, berriz, materialak identifikatzeko eta ezaugarritzeko erabiltzen da. “Detektagailu bakar batek aldi berean irudiaren bereizmena eta materialaren identifikazioa ematea da ideia —esan du ikertzaile batek—. Tesi honetan detektagailu bat diseinatu eta egin dugu, neurketa hori egiteko modua ematen diguna. Horrez gainera, Fresnelen zonen erabileraren bidez, infragorriaren bandan irabazia handitzea lortu dugu.

  • Oharrak:

    David Etayo Salinasek Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zituen bere unibertsitate- eta doktoretza-ikasketak, eta han eskolak eman ditu Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Graduko irakasgaietan. Ikertzaile-prestakuntza egin bitartean, egonaldi bat egin zuen Siegeneko Unibertsitatean (Alemania), Institute for High Frecuency Technology and Quantum Electronicsen. Hamabost bat biltzar eta konferentziatan parte hartu du, eta dozena erdi bat zientzia-artikuluren egilekidea da.

  • Erreferentziak:

    D. Etayo, I. Maestrojuan, J. Teniente, I. Ederra, R. Gonzalo. (2013). "Experimental Explosive Characterization for Counterterrorist Investigation". Journal of Infrared, Millimeter, and Terahertz Waves, 34, 7-8: 468-479

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es/actualidad/berriak?contentId=181367

Informazio osagarria

  • David Etayo Salinas, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Mahatsondo-hosto batean hautemandako uraren irudia. Hostoan ur gehien duten aldeak, hala nola nerbio sekundarioak, nerbio nagusia eta pezioloak, hori-berdekarak dira., Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: