#GaiNagusiak

Magnetikoak bihurtu dituzte urre-, zilar- eta kobre-atomoak

Noiz argitaratua: 08/02/28 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia
 Urrezko pipitak

Nazioarteko talde batek lortu du, prozedura kimiko kontrolatu baten bitartez, urre-, zilar- eta kobre-atomoak magnetiko bihurtzea. Atomo horiek berez ez dira magnetikoak, hau da, imanak ez ditu erakartzen. Nazioarteko talde horretan UPV/EHUko fisikako eta kimikako bi talde izan dira buru, eta Jose Javier Saiz Garitaonandia irakasleak zuzendu du taldea. Artikulua nanoteknologiaren arloko Nanoletters nazioarteko aldizkari ospetsuaren otsaileko zenbakian argitaratu dute (8. liburukia, 2. zk., 661-667 orr. 2008).

Ikerketak azaltzen duen moduan, magnetismoa agertzen da materialaren dimentsioak dimentsio nanometrikoetaraino murrizten direnean eta aurrez hautatutako molekula organikoekin inguratzen direnean. Ikerketa horretan, UPV/EHUko ikertzaileekin batera, Australiako eta Japoniako taldeek parte hartu dute. Nanopartikula horien magnetismoa iraunkorra da (burdinarena bezala), bai eta giro-tenperaturan ere. Portaera harrigarri hori ez da urrearekin soilik lortu (aurrez esperimentalki posibletzat hartu zena). Aipatutako lanean azaldu da 2 nm-ko (0,000002 mm) zilar- eta kobre-nanopartikulak ere magnetikoak direla giro-tenperaturan (haien atomoak ez dira berez magnetikoak).

Lan horren ekarpena Eider Goikolea Núñez lizentziatuaren doktore-tesian sartuko da. Tesia Jose Javier Saiz Garitaonandia eta Maite Insausti Peña irakasleen zuzendaritzapean egin da, eta ez da mugatu nanopartikula magnetiko harrigarri horiek eskuratzera. Izan ere, teknika konplexuak erabili dira. Teknika horietan, partikulen azeleratzaileetan eta teknika nuklearretan oinarritutako sistema esperimentalak erabili dira, bai Japonian, bai Australian. Horiei esker, lehen aldiz frogatu da zalantzarik gabe magnetismoa urre-, zilar- eta kobre-atomoetan dagoela, beste edozein baldintzatan berez magnetikoak ez badira ere (iman batek ez ditu erakartzen).

Aurkikuntza, ordea, magnetikoak ez diren elementuak magnetiko bihurtzea baino harago doa. Propietate horiek elementu klasiko magnetikoen inoizko partikula txikienak baino txikiagoak direnetan agertzen dira. Hain zuen ere, inoiz lortu diren imanik txikienak direla jo daiteke. Gainera, propietate horiek ez dira soilik tenperatura baxuetan gertatzen; giro-tenperatura baino askoz gorago dauden tenperaturetan ere gertatzen dira, itxuraz inolako hondatzerik izan gabe.

Lan horrek galdera berriak planteatzen ditu orain arte onartu ditugun magnetismoari lotutako mekanismo fisikoen inguruan, eta ate bat zabaltzen die oraindik aurkitu ez diren aplikazio interesgarriei; horietatik batzuk gaixotasunen diagnosirako/tratamendurako erabiltzen diren nanopartikula magnetikoekin zerikusia dute. Era berean, artikulu hori egin eta gero, ez da atzera bueltarik egongo magnetismoaren oinarrizko gaien ikerketa berrietan.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, euskara, UPV/EHU
  • Urrezko pipitak, Elhuyar Fundazioa
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: