#GaiNagusiak

Zirrosi-mota jakin bat pairatzen duten gaixoen % 40rentzat eraginkorrena den tratamenduaren azalpen molekularra aurkitu dute

Noiz argitaratua: 08/02/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Lan-taldea

Behazun-zirrosi primarioa hobetzen duen bi substantziako tratamendu konbinatu ezagun baten mekanismo molekularra zein den argitu dute Nafarroako Unibertsitateko Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroko (CIMA) zientzialari batzuek. Hitz gutxitan, behazuneko azido ursodexikolikoa (UCDA) eta glukokortikoideak konbinatzean AE2 proteinak zer funtzio duen deskribatu dute. Ondorioak The Journal of Clinical Investigation aldizkarian argitaratu berri dituzte.

Batez ere adin ertaineko emakumeei eragiten die behazun-zirrosiak, eta gaur egun ez dakite zerk eragiten duen. Patologia hori autoimmunitate-fenomenoekin lotzen dute; gibeleko behazun-hodiei kalte egiten die, eta behazunaren ekoizpena murrizten du. Espainian mila kasutik gora diagnostikatzen dituzte urtean, eta 15.000 gaixo baino gehiago daude. Juan Francisco Medina doktoreak, CIMAko Genetika Molekularra laborategiko zuzendariak, azaldu duenez, gaur egun gaixotasunaren diagnostiko goiztiarra egiten da gehienetan, eta, horri esker, azkar has daiteke UDCArekin tratatzen. Tratamendu hori oso eraginkorra da gaixoen erdietan baino gehiagotan. Gainerako gaixoek (% 40 inguruk), ordea, ez diote ongi erantzuten UDCA monoterapiari. Horregatik bilatu dute, eta aurkitu, zergatik den eraginkorra gaixoen azpimultzo horretan UDCA eta glukokortikoideak konbinatzea. Zirrosi hori duten gaixoek AE2 proteinaren falta dute, behazunean bikarbonatoa jariatzeaz arduratzen den proteina.

Transplante gutxiagorekin gehiago sendatzeko aukera

Argitaratu berri duten ikerketaren berritasuna da lehen aldiz lotu dituztela UDCAren eta glukokortikoideen tratamendu konbinatua eta behazunean bikarbonato gehiago egotea eta gibelak behazun gehiago sortzea. Hain zuzen, animalia-ereduetan eta zelula-kulturetan egindako esperimentuek frogatu dute UCDAren eta glukokortikoideen tratamendu konbinatuak baino ez duela handitzen giza AE2 proteinaren gibeleko adierazpen genikoa.

Lortutako datuekin, Medina doktoreak uste du gomendagarria dela tratamendu konbinatua erabiltzea UDCArekin egindako monoterapiak erantzun eskasa duen kasuetan. Budesonidaren antzeko kortikoideak erabiltzea proposatzen du, kortisonak eta prednisonak baino albo-ondorio gutxiago eragiten baitu. Albo-ondorioen beldur gaixotasunari aurrera egiten uzten bazaio, oso litekeena da sendabide bakarra transplantea izatea. Aztertutako bidea arrakastatsua dela egiaztatzen bada, aldiz, transplante gutxiago beharko lirateke gaixoen bizitza salbatzeko.

The Journal of Clinical Investigation aldizkarian argitaratutako ikerketa Nafarroako Unibertsitateko CIMAko Medina doktoreak zuzentzen duen taldeak egin du, eta talde horretako kide dira Fabián Arenas, Isabel Hervías, Miriam Úriz, Ruth Joplin eta Jesús Prieto.

Informazio osagarria

  • Lan-taldea, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: