#GaiNagusiak

Nafarroako Unibertsitate Klinikak garun-enborreko entzumen-inplantea ezarri dio 13 hilabeteko haur bati

Noiz argitaratua: 08/02/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Haurra eta gurasoak 1

Nafarroako Unibertsitate Klinikako otorringolaringologo- eta neurozirujau-talde batek, Manuel Manrique Rodríguez eta Bartolomé Bejarano Herruzo doktoreek zuzenduta, Murtziako 13 hilabeteko haur bat operatu dute arrakastaz. Haurra entzumen-nerbiorik gabe jaio zen, eta, horren ondorioz, gorra zen. Munduan garun-enborreko inplantea ezarri zaion gaixorik gazteena da. Ebakuntzaren ondorioz, haurra entzuten hasi da, eta hizkuntza garatzen ari da.

Aurrez, klinikak zortzi urteko haur bati egin zion antzeko ebakuntza bat arrakastaz, baina kasu honen garrantzia eta berezitasuna haurraren adina da. Munduan, guztira 38 inplante egin dira 12 urtetik beherako haurretan.

Haurrak jaiotzetiko gaixotasun bat zeukan, kokleako nerbioen gabezia (entzumenezko nerbioak). Horiek dira kanpoko soinuak garunera transmititzeaz arduratzen direnak. Esan behar da gaixotasun honen intzidentzia oso txikia dela, jaioberri bati eragiten dio 100.000tik.

Prozedura kirurgikoa

Entzumen-nerbioek —Murtziako haurrak ez zituen— entzumen-organoen kanpoko aldea (kanpoko belarria, erdikoa eta barrukoa) garun-enborrean (entzefaloan) dauden koklearekin konektatzen dute. Koklea da kanpoko informazioa prozesatzen duen guneetako bat.

Kokleako nerbiorik egon ezean, ezinezkoa da garunak kanpotik datorren soinua prozesatzea. Horregatik, tratamenduak kokleako guneak estimulatzen ditu zuzenean. Horretarako, elektrodo batzuk jartzen dira gune horretan, entzefaloaren enborrean. Hala, entzumen-bidea berrezartzen da, eta pultsu elektrikoa entzumenaren kortexera iristen da, entzun dena garunean bertan interpretatu eta zentzua emateko.

Hala, ebakuntzaren lehenengo fasean —pasa den urrian—,kokleako guneen gainean elektrodo-plaka bat ezarri zuten haurraren garun-enborrean. Elektrodoak han jartzeko, kraneotomia bat egin zuten, 3 x 3 cm-koa, eta, neurozirujauek zerebeloa pixka bat atzeratuz, behar zen tokian jarri zuten inplantea.

Behin elektrodoen sistema kokatuta, eta ebakuntza berean, gailuaren estimulazio-probak egiten dira kokaleku zehatza baieztatzeko. Banaka-banaka, inplanteak dituen 22 elektrodoak estimulatzen dira, ikusteko zeinetan lortzen den entzumen-erantzun bat. Horretarako, kontrol elektroneurofisiologiko bat egiten da, audiologiako eta neurofisiologiako ekipoen laguntzarekin. Kontrol horrek aukera eskaintzen du ebakuntzan bertan inplantea tokirik egokienera mugitzeko, elektrodo bakoitzaren erantzunaren arabera.

Aktibazio nabarmena

Orain arte Unibertsitate Klinikan egin diren bi inplanteetan, elektrodoen aktibazio-maila handia lortu dute. Gehienetan, ezartzen diren 22 elektrodoetatik 10 aktibatzea lortzen da, albo-ondorioak sortu gabe. Unibertsitate Klinikan egindako bi inplanteetan, 15 eta 18 elektrodo estimulatzea lortu dute, hurrenez hurren.

Ebakuntza berean, azalaren azpian kable bidez elektrodoetara konektatuta dagoen hartzaile-igorle bat ezartzen da. Hartzaile horrek haurraren buruan, kanpoaldetik, jarrita dagoen beste dispositibo batetik hartzen ditu seinaleak. Dispositibo horrek barrura transmititzen ditu kanpoko soinuak, irrati-maiztasuneko uhinak erabilita.

Kanpoko dispositiboak, gainera, mikrofono bat du, haurraren belarri atzean kokatua. Mikrofono hori, aldi berean, prozesadore bati konektatuta dago, jasotzen diren seinaleak modulatu ahal izateko. Barruko hartzaileak kanpotik jasotzen duen seinalea deskodetzen du, eta pultsu elektriko bihurtzen du. Pultsu horiek elektrodo bakoitzera iristen dira kodetuta. Orduan, haurrak kinada bat jasotzen du entzumen-bidetik garunera arte, eta, han, jasotako pultsu elektrikoa prozesatzen da.

Prozeduraren azken fasean, 2008ko urtarrilean, ezarritako dispositiboari eman beharreko estimulazio-parametroak definitu dituzte: intentsitatea eta estimulazio-abiadura.

Entzumen-probak

Gaixoari egindako azterketetan ikusi ahal izan dute haurra dagoeneko hasi dela soinuak jaso eta egiten. Oso datu positiboa da hori. Gainera, klinikako adituek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela ebakuntza horiek ahalik eta azkarren egitea; izan ere, adin txikietan ikasteko gaitasuna handiagoa da, eta entzumen-zentroen egitura funtzionala hobeto prestatuta dago soinu-informazioa jasotzeko.

Informazio osagarria

  • Haurra eta gurasoak 1, Clínica Universitaria
  • Haurra eta gurasoak 2, Clínica Universitaria
  • Mediku-taldea 1, Clínica Universitaria
  • Mediku-taldea 2, Clínica Universitaria
  • icono_documento
    Inplantearen eskema, Clínica Universitaria
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, castellano, Clínica Universitaria
  • icono_documento
    Gurasoekin elkarrizketa, castellano, Clínica Universitaria
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: