#GaiNagusiak

Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile batek eragin antidepresiboa izan dezaketen konposatu berriak aurkitu ditu

Noiz argitaratua: 08/02/20 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 Luis Berrade

Luis Berradek, Nafarroako Unibertsitateko Sendagaien I + G Unitateko ikertzaile batek, eragin antidepresiboa izan dezaketen konposatu berriak aurkitu ditu. Denera, 51 konposatu sintetizatu ditu Zientzia Fakultateko kimikariak, eta konposatuen ezaugarri biologikoak alor horretako talde ospetsuenetako bik balioztatu dituzte: Mediterraneoko Neurologia Institutuak, Italian, eta Osloko Unibertsitateko Farmakologia Departamentuak. Lortutako emaitzak haren doktore-tesiaren parte dira. Tesiaren izenburua hau da: Diseño, síntesis y evaluación biológica preliminar de nuevos derivados de benzo[b]tiofeno, en la búsqueda de agentes para una nueva terapia antidepresiva (Bentzo[b]tiofenoaren deribatu berrien diseinua, sintesia eta balioztatze biologikoa, terapia antidepresibo berri baterako agenteen bila).

Ikertzaileak azaldu duenez, diseinatu dituzten molekula berriek depresioaldien eragiletzat jotzen dituzten garunaren bi itutan eragiten dute. Bat serotoninaren garraiatzailea da, frogatu baita substantzia horren birjasotzea gutxitzeak gogo-aldartea hobetzen duela. Beste itua 5-HT7 hartzaile serotoninergikoa da; itu terapeutikoa da serotoninarentzat, hori modulatzeak eragin antidepresiboa izan baitezake.

In vivo entseguak

Funtsezko bi itu horiei eragiteko, Luis Berradek itu horiekiko afinitatea duten bi hondar kimiko —bentzotifeno-eraztuna eta arilamina hondarra— elkartu zituen, eta, hortik abiatuta, hainbat konposatu kimiko garatu zituen. Ondoren, konposatu berriak gaur egun erabiltzen den sendagai batekin, fluoxetinarekin, alderatu zituen. Luis Berraderen esanean, ikerketa horri esker ikusi zuten sortutako bederatzi konposatuk saltzen zen sendagaiak baino afinitate handiagoa zutela itu horiekiko. Aurrerapenaren ondorioz, urtarrilean in vivo entseguekin hasi ziren, saguetan zuten eragin antidepresiboa probatzeko.

Ikerketa hori espezialitate horren inguruan egiten diren lehenengo ikerketetako bat da, eta Nafarroako Unibertsitateko Farmakologia Departamentuarekin elkarlanean egiten ari dira. Besteak beste, argitu nahi dute konposatu berriek txikitu dezaketen sendagai antidepresiboak gaixotasunaren sintomak gutxitzeko behar duen gutxieneko denbora. Gaur egun, denbora-tarte hori hiru eta sei aste artekoa dela jotzen da, eta horrek eragin handia du tratamendua bertan behera uztean; beraz, ezinbestekoa da denbora-tartea txikitzea.

Informazio osagarria

  • Luis Berrade, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: