#GaiNagusiak

TESIA: UPV/EHUko ikertzaile batek industriarako nanoimanak diseinatu ditu

Noiz argitaratua: 08/02/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Sonia Moralejo

Industrian erabilera ugari izan ditzaketen zenbait nanoimanen eta gailu magnetikoren ekoizpen-lerroa definitu du Sonia Moralejo García kimikariak, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) aurkeztutako lan honetan.

Gaur egungo teknologiaren joera da gailu gero eta txikiagoak diseinatzea, eta, horren harira, nahiz eta oraindik ere hastapenetan egon, nanoteknologia modako gaia bilakatzen ari da gure gizartean. Nork ez du noizbait, esaterako, nanohodi, nanopartikula edo nanoiman kontzeptua aditu?

Gai horri buruzko doktore-tesia egin du, hain zuzen ere, Sonia Moralejo García kimikariak Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Lan horretan nanoimanak eta gailu magnetikoak ekoizteko zenbait teknika proposatzen dira. Izan ere, nanoiman eta gailu magnetiko horiek hamaika aplikazio dute industrian.

Doktore-tesiaren izenburua hau da: Nanofabricación y propiedades magnéticas de nanoimanes patronados de películas delgadas (Film meheetan oinarritutako nanoimanen nanofabrikazioa eta ezaugarri magnetikoak). Fernando Castaño Almendral irakaslea eta Fernando Castaño Sánchez izan dira doktore-tesi horren zuzendariak. Lan horrek bikain cum laude kalifikazioa lortu du. Ikerlariak zenbait egonaldi egin ditu atzerriko unibertsitateetan, doktore-tesiari zegozkion ikerketak bideratzeko: Alemaniako Max Planck Institute of Microstructure Physics laborategian eta Erresuma Batuko Cambridge Unibertsitateko Cavendish laborategian.

Sonia Moralejo García Kimika Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, bere ikerketa-lerroarekin buru-belarri jarraitzen du UPV/EHUko Kimika Fisikoa sailean.

Datuen metaketa

Nanoteknologiaren adarreko lan honek jakintza-alor anitzeko bi atal konbinatu ditu, teknologikoa eta zientifikoa, hain zuzen ere. Teknologiaren atalean, zenbait nanoiman eta gailu magnetiko ekoitzi ditu. Horretarako, zenbait teknika garatu edota abiarazi ditu, eta horien laguntzarekin industrian hainbat aplikazio dituzten laginak lortu ditu. “Material bat baino gehiago aldi berean, eta ez banaka, hazteko sistema bat garatu dugu, besteak beste” dio ikertzaileak. Doktore-tesi honetan, bi material-mota erabili dira, Ni-Fe eta Co-Fe aleazioak.

Lagin horien geruza jarraituek nahiz dimentsio txikiagoko laginek (hariak, zirkuluak, elipseak) duten portaera magnetikoa ikertu dute haien formak eta distantziak aldatuz. Izan ere, materialek portaera ezberdina dute, eta bakoitzaren portaera ezagutzea garrantzitsua da oso, aplikazio ezberdinetarako direla kontuan izanik.

Portaera magnetikoa histeresiaren bidez ikertzen da. Eremu magnetikoa aldatuz, ordenagailuetako disko gogorren imanetan informazioa metatzen da: eremu magnetikoak magnetizazioa induzitzen du nanoimanean, eta hori 0 edo 1 bezala kodifikatzen da; kodifikazio horrek iraun egiten du eremua ezabatuta ere, eta, gainera, gero irakur daiteke. Eremua kontrako noranzkoan aplikatuz gero, alderantzikatu egin daiteke.

Arestian aipatu den bezala, nanoiman eta gailu magnetiko horiek disko gogorretan eta abarretan informazioa metatzeko eta tratatzeko erabiltzen dira, gehienbat.

Iman eta gailu horiek eskala txikian prestatu izanari esker, aukera izango dugu nanomagnetismoaren alorrean gaur egun dauden zenbait arazo konpontzeko.

Doktore-tesi honen hasiera zailtasun ugariz betea izan zen, UPV/EHUko Kimika Fisikoaren sailarentzat ikerketa-lerro berri bat baitzen. Dena den, aurrerantzean teknika berriak diseinatzeko eta ezartzeko eta material gehiagorekin probak egiten jarraitzeko asmoa dute.

Informazio osagarria

  • Sonia Moralejo , I. Kortabitarte
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: