#GaiNagusiak

Abeltzaintzako ustiategien ingurumen-estrategien ebaluazioan lortutako emaitzak aurkeztu ditu Neiker-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 14/05/16 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 None

Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak (Neiker-Tecnalia) BATFARM europar proiektua koordinatu du. Proiektu horren helburua izan da Europako eskualde atlantikoko abeltzaintzako ustiategiek aireko, ureko eta lurreko ingurumen-eragina murrizteko erabilitako teknologien eraginkortasuna ebaluatzea.

Proiektuan, eremu atlantikoko hainbat eskualdetako abeltzaintzako ustiategietan erabiltzen diren teknologien azterketa zehatza egin da. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren menpeko den Neiker-Tecnalia erakunde publikoarekin batera, proiektuaren parte dira Teagasc-The Agriculture and Food Development Authority (Irlanda), IRSTEA (Frantzia), INTIA (Nafarroa), Glasgow Caledonian Unibertsitatea (Erresuma Batua) eta Agronomiako Goi Mailako Institutua (Portugal). Teknologia batzuk in situ ebaluatu dira, hala nola arditegien zoru-mota, gehigarrien erabilera mindak biltegiratzean, simaurraren iraulketa, baltsa malguak mindak kolektiboki biltegiratzeko, gasen biogarbitzaileak nabeetako aire-hodien irteeretan eta mindak lurrari gehitzea.

Ekimena Espazio Atlantikoko Nazioarteko Lankidetzako 2007-2013 Programa Operatiboaren barruan kokatzen da. Kontinentearen alde horretan, abeltzaintzako ekoizpenaren zati handi bat produkzio-eredu intentsibo baten bidez egiten da, esaterako, txerri-azienda, hegaztiak eta ardi-aziendaren zati handi bat. Horrenbestez, abereen hondakinen kudeaketaren arazoa bera da proiektuan inplikaturiko eskualde guztientzat.

Ekoizpen-eredu intentsiboak errentagarritasun ekonomiko handia dauka, baina arazo ugari ditu ingurumenari dagokionez, hala nola atmosferara gas kutsakorrak isurtzea (amoniakoa, oxido nitrosoa eta metanoa) eta nitratoekin lurra eta ura kutsatzea. Ildo horretatik, BATFARM proiektuko kideek software bat garatu dute (BATFARM) abeltzaintzako hondakinetan teknologiarik eta erabilerarik onenak aukeratzeko —ustiategiaren ezaugarrien arabera—, ustiategiko nutrienteen galera murriztu ahal izateko (N, P, K, Cu, Zn) eta ekoizpen-etapa bakoitzeko (ukuiluratzea, hondakinak biltegiratzea, hondakinak tratatzea eta lurrari aplikatzea) amoniako, metano eta oxido nitroso isurketak murriztu ahal izateko. Softwarea aurki eskuratu ahal izango da tresna egiten parte hartu duten erakundeen webgunean.

Proiektuaren emaitzak interes-taldeei, enpresei, abeltzaintza kudeatzeko organoei, erabaki politikoko organoei, ikerketa-zentroei, azken erabiltzaileei eta gizarteari, oro har, helarazi zaizkie. Ondorio gisa, esan daiteke ez dagoela guztientzat balio duen teknologia edo erabilerarik, hau da, horiek kasuan kasu aztertu behar direla; aitzitik, agerian geratu da hondakinak tratatzeko eta erabiltzeko tratamendu kolektiboen eraginkortasuna.

Teknika Eskuragarri Onenak ezartzeko direktiba

Abeltzaintzatik eratorritako ingurumen-arazoari dagokionez, 2010/75/UE Europako Direktibaren (IED ere esaten zaio, Industrial Emissions Directive) helburua da abeltzaintzako ustiategi intentsiboetatik (40.000 oilo, 2.000 gizentzeko txerri edo 750 zerrama baino populazio handiagoa duten etxaldeak) atmosferara, uretara eta lurrera egiten diren isurpen guztiak arautzea, eta etxalde horiek ingurumen-baimen integratua ateratzera behartzen ditu direktibak. Era berean, Direktibak Teknika Eskuragarri Onenak ezartzea proposatzen du, hau da, abeltzainek merkatuko teknologiarik onenak eta ustiategirako ekonomikoki bideragarriak direnak aukeratu eta ezarri behar dituzte, emisioak prebenitzeko edo mugatzeko.

Informazio osagarria

  • , Neiker-Tecnalia
  • , Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: