#GaiNagusiak

Fatronik-Tecnaliako aditu batzuek ziurtatu dute robotika berriak iraultza eragingo duela industriaren eta zerbitzuen munduan

Noiz argitaratua: 08/01/29 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia

Azken urteotan, prozesu industrialetara bideratu dira roboten garapen eta erabilera ia guztiak. Egungo joera, ordea, beste robotika baterantz doa; robotika berriak eragin handia izango du hainbat alorretan, hasi industrialetik eta zerbitzuen alorreraino, aisialditik edo pertsonen arretatik pasatuz, besteak beste.

Hori da, hain zuzen, 2008ko urtarrilaren 24 eta 25ean antolatutako “Robot Business Opportunities (RBO)” jardunaldian aztertu zuten gai nagusia. Enpresen sektorearentzat negozio-aukera berriak bilatzeko etengabeko estrategiaren barnean antolatu zuen jardunaldia zentro gipuzkoarrak. Robotikaren inguruan eratuko den negozio berrian parte har dezaketen pertsona gutxi batzuk baino ez zituzten gonbidatu jardunaldira.

Fatronik-Tecnaliak lehenengoz bildu ditu Espainian robotikaren inguruko munduko aditu ospetsuenak, hala nola Osakako Unibertsitateko Tatsuo Arai, Herman Bruyninckx, Robotika Ikerketarako Europako Sarearen koordinatzailea, Frantziako CNRSko François Pierrot eta Amerikako CTC enpresako Todd Simonds, Carnegie Mellonen lankide estua.

Robotika berria

Ohiko robotika industriala nahiko merkatu heldua da gaur egun. 1,2 milioi robot industrial inguru daude lau hamarkada baino gehiago dituen merkatuan.

Handitu, ordea, ez da handitzen ari robot industrialen merkatua. 2006an % 11 jaitsi zen, eta ez dute uste 2007an suspertuko denik. Egia esan, alde batera gelditzen ari dira robot industrialak, ezohiko robotika baten eraginez. Hiru ezaugarri ditu robotika berriak. Lehenik, robotek pertsonekin batera lan egin dezakete. Horri esker, industria- eta zerbitzu-erabilera berriak sor daitezke; erabilera horietan, robotek pertsonekin elkarlan zuzena izan dezakete, edo pertsonen lan-inguru berean egon daitezke. Bestalde, egituraketarik ez duten inguruetan mugi daitezke, eta, azkenik, kostu txikia dute.

Ekoizpen-lerro helduak dituenez, robotika hori merkatu berrietara iritsi ahal izango da. Hainbat gauzatan lagun diezagukete robotek: garbiketa-lanetan, lantegi batean kargak leku batetik bestera eramaten, zaintza-lanetan edo muga fisikoak gainditzen. Hau da, erabilera ugari eta askotarikoak izan ditzakete, eta industriaren nahiz zerbitzuen sektoreetan aukera handiak eskainiko dituzte, zalantzarik gabe.

Jadanik hasi dira ikusten robotikaren lehenengo erabilera arrakastatsuak, ekoizpen-lerroetatik kanpo. iRobot enpresak, adibidez, etxerako robot xurgatzailearen 2,5 milioi ale baino gehiago saldu ditu, eta WowWee-ren Robosapiens robot jostailuak ere arrakasta handia izan du, 2 milioi ale baino gehiago saldu baitituzte. Bi mota horietako robotak munduan dauden robot industrial guztiak baino ugariagoak dira. Horrek adierazten du robotika dagoeneko ez dela mugatzen industriaren mundura.

Adibide horiek, dena den, merkatu berri baten icebergaren muturra baino ez dira. Nazioarteko adierazle guztien arabera, roboten gizarte berria sortuko da datorren hamarkadan. Zaintza, eraikuntza, bilketa, hezkuntza, aisialdia, laguntza pertsonala eta beste erabilera asko egiteko gai diren robotak jarriko dituzte salgai arrazoizko prezioetan.

Negozio-aukera berria

Etorkizun horren aurrean, enpresen mundua ezin da atzean gelditu. Gaur egun, robot gehien instalatuta dituzten herrialdeen artean, Espainia laugarrena da Europan, eta zazpigarrena mundu osoan. HispaRob-ek, Espainiako Robotika Teknologia Sareak, adierazi duenez, industria espainiarra robot gehien dituenetako bat da, baina teknologia-mendekotasun handia du. Adibidez, autoen industrian instalatutako robot gehienak enpresa multinazional gutxi batzuetan daude; eta enpresa horiek teknologia jakin bat erabiltzen dute, eta asko zailtzen dute teknologia-enpresa nazionalak sartzea.

Bill Gatesek Scientific American aldizkarian idatzitako “A robot in every home” artikuluaren arabera, zerbitzuetara bideratutako robotika-merkatua asko handituko da datozen urteetan. Artikuluan, 80ko hamarkadako informatikaren merkatuak (jende gutxik erabiltzen zuen, teknika-ezaguera handiko jendeak baino ez, garestia zen, eta abar) eta gaur egungo zerbitzuetara bideratutako robotika-merkatuak bere ustez dituzten antzekotasunak aipatzen ditu Bill Gatesek.

Fatronik-Tecnalian apustu handia egiten ari dira ezhoiko robotika berri horren alde. Merkatu horrek gorakada handia izango duela espero duten arren, zentro gipuzkoarrak beharrezkoa ikusten du alor hori lehenbailehen bultzatzea, ekarriko dituen aukerei probetxua ateratzeko.

Gainera, robotika berria ez da roboten fabrikatzaileentzako aukera bat bakarrik; erabiltzaileentzat ere aukera handia da, haien lanen etekina hobetu ahal izango dute eta. Eta, noski, aukera handia izango da gure industriarako ere, robotika hori garatzeko beharrezkoa baita gure industriak duen gaitasun teknologikoa bezalako gaitasuna izatea.

Robotika Fatronik-Tecnalian

Fatronik-Tecnaliaren lan-esparru bat robotika adimenduna da. Erabilera-alor orokor horrek bi alderdi ditu: industriala eta zerbitzuena. Lehenengoan, robot horiek askotariko lanak egiten dituzte —fabrikazioa, muntaia, maneiua, ikuskaritza, azterketa, elkarketa, garbiketa, eta abar—, eta hainbat industria-sektoretan dira erabilgarri. Eta bigarrenean konponbideak eskaintzen dituzte, besteak beste lanean, aisialdian edo laguntzan dabiltzan pertsonek erabiltzeko.

Fatronik-Tecnaliak robotika berrian garatu dituen produktuen artean, lan jakinak egiten dituzten modulu autonomo robotizatuak daude, abiadura handiko manipulazio-robotak —ekoizpen-lineak automatizatzeko—, edo pertsonekin elkarlan zuzenean edo pertsonekin lan-inguru berean aritzen diren plataforma mugikorrak.

Horretarako guztirako, Fatronik-Tecnaliak oso parte-hartze garrantzitsua du hainbat forotan, bai estatu mailakoetan (Hisparob), bai nazioartekoetan (EURONeko kidea da —helburutzat Europan robotikaren inguruko ikerketa koordinatzea eta sustatzea duen sarea—, bai eta EUROPeko kidea ere —Europako robotika-plataforma—). Horrez gainera, zenbait lankidetza-hitzarmen sinatu ditu robotika ikertzen ari diren unibertsitate nagusiekin, hala nola Montpellierko informatika-, robotika- eta mikroelektronika-laborategiarekin (LIRMM) eta Carnegie-Mellon Unibertsitatearekin (AEB).

Maider Marcos Ortego

Egilea: Maider Marcos Ortego (Fundación FATRONIK)

Laguntzailea: