#GaiNagusiak

Tekniker-IK4 robotika-proiektu baten buru da

Noiz argitaratua: 08/01/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Teknologia

Duela gutxi hasi dira “ROBAUCO: robot mugikor autonomo eta laguntzaileak” proiektuarekin. Tekniker-IK4 da burua, eta beste zenbait zentrok ere parte hartzen dute: Fatronik zentro euskaldunak, Valentziako Informatikako Teknologia Institutuak (ITI) eta Gaztela eta Leongo CARTIF zentroak. Gainera, robotika ikertzen diharduten unibertsitate-talde garrantzitsuenak laguntzen ari dira: Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatekoa, Kataluniako Unibertsitate Politeknikokoa, Sevillako Unibertsitatekoa eta Euskal Herriko Unibertsitatekoa. Proiektua 30 hilabetean garatuko dute, eta aurrekontu osoa bi milioi euro ingurukoa da. Bi milioi horietatik 650.000 euro baino gehiago Tekniker-IK4ri dagozkio, ideia koordinatu eta proposatu duenari.

Proiektuaren helburu nagusia da lan konplexuak egiteko gai diren eta autonomia-maila eta laguntzeko gaitasun handia duten robot mugikorrak garatzeko beharrezko teknologiak sortzea. Gainera, robot horiek pertsonekin batera lan egin beharko dute, modu ahalik eta lagunkoienean eta naturalenean.

Alderdi teknologiko hauetan garatuko dituzte konponbideak, besteak beste:

o Roboten hautematea. Sentsoreak eta sistema sentsorialak erabilita, gai izan behar dute, ikuspuntu holistiko batetik begiratuta, ingurune konplexua ezagutzeko (izan ere, kanpoan erabiltzea pentsatzen dute, eremu ezezagunetan eta egoera aldakorretan).

o Komunikazioak. Roboten artean eta roboten eta pertsonen artean, ematen zaizkien zereginak behar bezala bete daitezen elkarlanean.

o Pertsona-robota elkarrekintza. Horren helburua da robota ez dadila mugatu elektronikoki emandako kontrol-aginduak betetzera. Horrez gainera, gai izan behar du bere giza lankideekin elkarreraginean aritzeko, modu ahalik eta naturalenean, ahotsa, eta, batez ere, keinuak, erabiliz. Izan ere, kanpoko lanetan eta muturreko kondizioetan, komunikatzeko bide fidagarrienak izan daitezke horiek.

o Portaera autonomoa. Azalera eta leku zailetan nabigazio-arazo korapilatsuak konpontzea da helburua, eta robotei autopertzepzio-gaitasuna ematea. Hala, beren egoeraren berri izan dezakete, autodiagnostikoa egin dezakete eta neurriak har ditzakete matxurak edo gaitasun-mugak dituztenean.

o Osagai mekatronikoak. Hasiera batean, edozein ingurunetan (lehorrean, uretan eta airean) mugitzearen eta oztopoak gainditzearen arazoari egingo diote aurre.

Garapen horiek guztiak gauzatzeko, lehorreko robot-prototipo bat egiteko asmoa dute. Seguru asko, larrialdietako —hala nola baso-suteak, erreskateak, eta abar— saiakuntza-banku gisa sortuko dute. Horrelako lanek eskatzen dituzten berezitasun eta gaitasun guztiak ezagutzeko, eta prototipoa hobekien egin ditzakeen lanetara bideratzeko, SOS Deiarekin harremanetan egon dira, eta espero dute larrialdietako beste talde autonomo batzuen ikuspuntua ere ezagutzea.

Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren enpresa txiki eta ertainen Politika Zuzendaritza Nagusiak sei proiektu finantzatu ditu estatu osoan, eta hau da sei proiektuetako bat. Proiektuak elkartzeko programa baten bidez egin dute, eta programa horren helburua da zenbait zentro teknologikoren elkarlanaren sinergia-efektua eragitea.

Itziar Cenoz

Egilea: Itziar Cenoz (IK4-Tekniker)

Laguntzailea: