#GaiNagusiak

TESIA: Lehorteen aurrean landareek nitrogenoa finkatzeko erabiltzen duten mekanismoa desberdina da lekadun batzuetatik besteetara

Noiz argitaratua: 08/01/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Rubén Ladrera

Lehorte-garaian, nitrogenoa finkatzeko mekanismo biologikoaren erregulazioa desberdina da lekadun batzuetatik besteetara. Horixe azaldu du Rubén Ladrera Fernández-ek bere doktore-tesian: “Modelos de regulación de la fijación del nitrógeno en respuesta a sequía: soja y Medicago” (Nitrogenoaren finkapena erregulatzen duten ereduak lehorte-garaian: soja eta Medicago-a). Tesi horretan azaltzen du lekadun espezieek desberdin erantzuten dutela lehorteen aurrean. Tesia César Arrese-Igor Sánchez katedradunak eta Esther González García-k zuzendu dute, Ingurumen Sailekoak biak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Nitrogenoaren finkapen biologikoa

Tesian azaltzen duenez, nitrogenoa atmosferako elementurik ugariena da, baina landareentzat oso elikagai eskasa da. Izan ere, atmosferako nitrogenoa geldoa da, eta bizidunek ezin dute erabili. Hori dela eta, beste forma kimiko batzuetara eraldatu behar da –(NO3-) edo amoniora (NH4+)–, landareek erabil ahal izan dezaten. Egoera horrek ongarri nitrogenatuen erabilera areagotzen du nekazaritzan, eta horrek lurren eta uren poluzioa eta nitrogeno oxidoak aireratzea eragin lezake.

Hala ere, zenbait mikroorganismo gai dira atmosferako nitrogenoa amonio bihurtzeko, gero metabolizatu ahal izateko. Prozesu horri nitrogenoaren finkapen biologikoa deritzo. Mikroorganismo horiek –diazotrofo izenez ere ezagutzen dira– berek bakarrik edo landareekin sinbiosian bizi direnean finka dezakete nitrogenoa. Hain zuzen ere, nekazaritzaren ikuspuntutik, nitrogenoa finkatzeko elkarte sinbiotiko garrantzitsuena lekadunen familiako landareek eta bakterioek egindakoa da, generikoki errizobio deritzena.

Sinbiosi horretan, bakterioak landareen sustraietako organo berezi batzuetan bizi dira, noduluetan eta, horietan, atmosferako nitrogenoa amonio bihurtzeko gaitasuna dute. Amonio hori landareari esportatzen diote, eta landareak, ordainetan, fotosintesian lortutako karbonoa ematen dio bakterioari, bakterioak arnasketa egiteko beharrezkoa duena.

Zer gertatzen da lehorte-garaian edo estres hidrikoa dagoenean?

Ruben Ladrerak dioenez, nitrogenoaren finkapen biologikoa oso prozesu sentibera da lehortearen aurrean, eta oso erraz eteten da estres hidrikoko egoeretan. Horrek galera handiak eragiten ditu lekadunen nekazaritzan mundu osoan. Hala ere, oraindik ez dakite zehazki zer mekanismok eragiten duen inhibizio hori. Hainbat teoria daude; batzuek noduluetako oxigeno-gabezia aipatzen dute, besteek nitrogenoak berak eragindako atzera bueltako inhibizioa eta beste batzuek bakteriora doan karbonoa gutxitzea.

Testuinguru horretan, nitrogenoaren finkapen-mekanismoaren erregulazioa ezagutzeko hainbat lekadunen eta haien noduluen metabolismoa ikertu du ikertzaileak (soja, alpapa eta Medicago truncatula). Horretarako, espezie bakoitzeko barietate desberdinetako landareak aztertu ditu; izan ere, estres hidrikoko egoeretan desberdin erantzuten dutenez, nitrogenoaren finkapenean zerikusia duten faktoreak identifikatzea errazagoa da.

Ikerketaren emaitzek diotenez, lehorte-egoeretan, bakteriora bideratutako karbono-fluxua txikiagotu egiten da soja-landareetan, eta, aldi berean, noduluan konposatu nitrogenatuak pilatzen dira –ez hala orrietan–. Horrez gain, nitrogenoaren finkapen-mekanismoa eten egiten da. Horrek adierazten du sojaren kasuan nitrogenoaren finkapen-mekanismoaren erregulazioa noduluetan bertan egiten dela, eta karbonoaren eta nitrogenoaren mekanismoak inplikatuta daudela.

Alpaparen edo Medicago truncatula-ren kasuan, aldiz, lehorteak konposatu karbonatatuen pilaketa eragiten du noduluan. Horrek esan nahi du nitrogenoaren finkapen-mekanismoa independentea dela karbonoaren metabolismoarekiko.

Desberdintasun horiek Medicago espezieko landareek lehorteen aurrean tolerantzia hobea dutelako gerta daitezke, ikertzailearen ustean.

Informazio osagarria

  • Rubén Ladrera, Universidad Pública de Navarra
  • icono_documento
    Prentsa oharra, castellano, Universidad Pública de Navarra
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: