#GaiNagusiak

Antiemetiko bat larruazalpean ematea, kimioterapiak eragindako gorakoak tratatzeko

Noiz argitaratua: 07/11/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Ikertzaile-taldea

Granisetron farmako antiemetikoa ―gorakoen kontrako botika― larruazalpean emanda, zain barnetik emanda lortutako antzeko kontzentrazioak lortzen dira odolean. Hori frogatu dute Nafarroako Unibertsitate Klinikako espezialistek egindako saio kliniko batean. The Oncologist aldizkari mediko entzutetsuan argitaratu dute lan hori.

Ahotik eta zain barnetik emanda granisetrona gorakoaren kontra eraginkorra dela bazekiten lehendik ere; baina larruazalpean emateko aukera ez da ikertu orain arte. Eta ikerketak frogatzen du , larruazalpean emandako granisetronak zain barnetik emandakoaren antzeko portaera duela. Larruazalpean ematearen abantaila da errazagoa dela ospitalean ez dauden gaixoei tratamendua emateko. Kasu horietan, zaila da zain barneko tratamendua ematea, eta baita ahotik ematea ere, gaixoa botaka ari ohi delako.

Etxean eta larrialdietara

Hala, aukera berriak eskaintzen ditu larruazalpeko tratamenduak. Erraza eta erosoa da etxez etxeko zerbitzuetarako, eta baita gaixoarentzat berarentzat eta haien zaindarientzat ere. Eta txikitu egiten da trebatutako espezialistekiko mendekotasuna.

Ikerketaren helburu bat izan da gaixoak bere buruari tratamendua ematea posible den frogatzea, etxean dagoela, kimioterapiak eragindako gorakoak dituenean. Horrela, gorakoak eta goranahiak kontrolatzeko gaixoak ospitalera joan behar izatea saihesten da. Bestalde, osasun-langileentzat ere, larrialdietakoentzat kasu, baliagarria izan daiteke tratamendua emateko modu hori.

Saioa

Saioan 30 gaixok hartu zuten parte. Guztiei granisetrona eman zieten bi moduetako batean ―larruazalpean edo zain barnean― kimioterapiaren lehen zikloan, eta hurrengo zikloan beste aukera erabili zen. Gero, gaixo guztien odol-laginak hartu, eta granisetronaren kontzentrazioa neurtu zuten lagin bakoitzean.

Saioaren ondorioa izan zen granisetron-kontzentrazioa berdintsua zela bi tratamenduekin. Horregatik, ikerketa honek granisetrona larruazalpean ematea bultzatzen du gaixo onkologikoak tratatzeko aukera berri gisa.

Informazio osagarria

  • Ikertzaile-taldea, CUN
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, CUN
  • icono_documento
    Grafikak, CUN

  • Norteko Ferrokarrila irratsaioan elkarrizketa, Norteko Ferrokarrilla
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: