#GaiNagusiak

Uraren kutsatzaile organikoak desagerrarazteko prozesua errazten duten nanoegiturak

Noiz argitaratua: 14/05/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Ingurumena #Lurraren zientziak #Teknologia
 Nanoegiturek eragindako partikula organikoen disoluzioa

Silvia Larumbe Abuinek urari kutsadura kentzeko prozesua errazten duen nanoegitura bat garatu du bere doktoretza-tesian. Nanoegiturak (tamaina mikroskopikoko partikulak, 1 nanometrotik 100 nanometrora bitartekoak) titanio oxidoz gaineztatuak daude, zeinari nitrogenoa erantsi baitzaio. Horri esker, erradiazio ultramoreak ez, baizik eguzki-argiak hasten du erreakzio kimikoa eta kutsatzaileen suntsipen-prozesua. Horrez gainera, partikulen nukleo magnetikoari esker, behin prozesua burutu eta gero, partikulak berreskuratu eta berriz erabil daitezke. Hauxe da Silvia Larumberen tesiaren izenburua: “Síntesis, caracterización y aplicaciones de nanoestructuras basadas en óxidos de metales de transición”.

Garatu den ikerketaren oinarria fotokatalisia izeneko fenomenoa da: argiak katalizatzaile gisa aritzen den substantzia batean eragiten duenean, erreakzio kimikoaren abiadura handiagotzen da. Kasu honetan, argiari esker, titanio oxidoa aktibatzen da, eta hainbat erradikal oxidatzaile osatzen dira, uraren kutsatzaile organikoak suntsitzen dituztenak, hala nola koloratzaileak, disolbatzaileak, detergenteak, eta abar. Lanaren egileak azaldu duenez, "sistema iraunkor bat da, ur zikinen hainbat tratamenduren ordezko gisa erabil daitekeena, eta, zehazki, kutsatzaile organiko jakin batzuk desagerrarazteko balio duena".

Garapen honek dituen abantailetako bat da argi ultramorearen ordez eguzki-argia erabiltzen dela. "Partikulen estaldurari nitrogenoa gehituz lortzen dugu eguzki-argia izatea, eta ez erradiazio ultramorea, prozesua abiarazten duen mekanismoa, eta aukera hori eskuragarriagoa eta merkeagoa da, eta ez hain arriskutsua".

Tamaina nanometrikoko egiturak erabiltzeak gaitasun fotokatalitikoa ere hobetzen du, fotokatalizatzailearen gainazala handiagoa baita. Beste abantaila bat da elementu katalizatzailea behin eta berriz erabil daitekeela, nanoegiturak, nukleo magnetiko batez osatuak daudenez, berreskuratu egin baitaitezke, kanpoko eremu magnetiko bat aplikatuz.

  • Oharrak:

    Silvia Larumbe Kimikan lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean, Zientzia eta Teknologia Kimikoko masterra egin zuen UNEDen, eta NUPeko Fisika Sailean lortu du bere doktoretza. Horrez gainera, estatuko eta nazioarteko hogeitik gora biltzarretan parte hartu du, hamabi ikerketa-artikuluren egilea da, eta hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du.

  • Erreferentziak:

    C. Gómez-Polo, S. Larumbe, J.M. Pastor. (2013). "Room temperature ferromagnetism in non magnetic doped TiO2 nanoparticles". Journal of Applied Physics 113 17B511

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es/actualidad/berriak?contentId=181084

Informazio osagarria

  • Nanoegiturek eragindako partikula organikoen disoluzioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
  • Silvia Larumbe Abuin, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: