#GaiNagusiak

Klima-aldaketaren eraginez mende honen amaierarako fitoplankton- eta zooplankton-biomasak hurrenez hurren % 6 eta % 11 murriztea espero da

Noiz argitaratua: 14/05/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena
 None

Ozeanoetako tenperatura igotzeak fitoplankton- eta zooplankton-biomasak hurrenez hurren % 6 eta % 11 murriztea eragingo du mende honen amaierarako. Itsasoko kate trofikoko bi osagai nagusi horiek gutxitzeak arrainen biomasa txikitzea eragin dezake eskualde batzuetan. Besteak beste ondorio horretara iritsi dira Azti-Tecnaliak MEECE europar proiektuaren barruan zuzendutako ikerketa batean, zeina Global Change Biology aldizkari entzutetsuan argitaratu baitute.

Klima-aldaketaren eraginez, 2080-2100 urteetarako ozeanoetako azaleko tenperatura batez beste 2 ºC igotzea aurreikusten dute adituek. Berotze horren ondorioen artean, ozeanoetako zirkulazioaren aldaketak eta ur-zutabearen estratifikazio handiagoa nabarmentzen dira, eta horrek eragina izango du itsas fitoplanktona hazteko behar diren nutrienteen eskuragarritasunean.

Aldaketa horrek eragina izango du, Azti-Tecnaliak zuzendutako ikerketa-taldearen ustez, bai lehen mailako produkzioan —fitoplanktonak sortutako biomasa, ozeanoan esekita dauden organismo zelulabakar fotosintetikoak— eta bai bigarren mailakoan —zooplanktonak sortutako biomasa, nagusiki fitoplanktona jaten duten eta arrainen bazka diren animalia txikiak—.

Aurreikusitako berotzearen ondorioz, mundu osoan igoko da itsasoaren tenperatura, eta horrek fitoplankton- eta zooplankton-biomasak hurrenez hurren % 6 eta % 11 murriztea eragingo du. Gertaera horrek iradokitzen du klima-aldaketaren seinalearen anplifikazio negatibo bat gertatuko dela, ekosistemaren maila trofikoen artean hedatuko dena: alegia, zooplankton-biomasa gehiago murriztuko da fitoplankton-biomasa baino. Prozesu hori ozeano tropikaletan gertatuko da batez ere, hau da, ozeano osoaren % 47an.

Eskualdeen arteko aldeak

Fitoplankton- eta zooplankton-murrizketa ez da maila berean gertatuko eskualde guztietan. Esate baterako, Europaren erdialdeko eta hegoaldeko itsasoetan (Ipar Itsasoa eta ipar-ekialdeko Atlantiko epela), ozeanoko ur-geruzen estratifikazio termino handiagoak eta, horren ondorioz, fitoplanktona hazteko behar diren nutrienteak gutxitzeak lehen mailako ekoizpena murriztea ekarriko du. Aitzitik, Baltikoan, Barents itsasoan eta Itsaso Beltzean fitoplankton-ekoizpena handitzea espero da.

Honela azaldu du Azti-Tecnaliako ikertzaile eta lan zientifikoaren zuzendari eta lehen egile Guillem Chustek: “Litekeena da fitoplankton- eta zooplankton-biomasa gehien galduko duten eskualdeek, hau da, anplifikazio negatiboa jasango dutenek, arrain-biomasa handia galtzea, batez ere espezie pelagikoak (hau da, ur-zutabean bizi direnak, itsas hondoa alde batera utzita)”.

“Lehen eta bigarren mailako ekoizpena gutxitzeak ondorio negatiboa izango du Lurreko klimaren erregulazioan ere; izan ere, fitoplankton gutxiago izanik, atmosferako CO2 gutxiago xurgatuko dute ozeanoek —planktonak egiten du planetako jarduera fotosintetikoaren erdia—, eta, beraz, ozeanoek klima erregulatzeko gaitasun txikiagoa izango dute”.

MEECE, itsas ekosistemak ulertzeko proiektu bat

MEECE proiektua Europako 7. Esparru Programaren barnean dago. Plymouth Marine Laboratoryk (Erresuma Batua) koordinatzen du, eta Europako 22 bazkidek osatzen dute. Programa horren helburua da ulertzea nola funtzionatzen duten itsas ekosistemek, eta nola eragiten dieten klima-aldaketak, itsasoaren azidotzeak eta giza jarduerek. Ekimen horren barnean, AZTI-Tecnaliak ekosistema behatzen du, prozesuak ikertzen ditu, etorkizuneko aldaketak aurreikusteko balio duten ereduak osatzen ditu, eta aldaketa horiei aurrea hartzeko eta aldaketak minimizatzeko neurriak proposatzen ditu. Hemen duzue proiektu horri buruzko informazio guztia: http://www.meeceatlas.eu/.

  • Erreferentziak:

    Chust, G. , Allen, J.I., Bopp, L. , Schrum, C., Holt , J., Tsiaras, K., Zavatarelli, M, Chifflet, M., Cannaby, H., Dadou, I., Daewel, U., Wakelin, S.L., Machu, E. , Pushpadas, D. , Butenschon, M., Artioli, Y., Petihakis, G., Smith, S., Garcon, V., Goubanova, K., Le Vu, B., Fach, B.A., Salihoglu, B.,

  • Interneteko helbidea:

    www.azti.es

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Azti-Tecnalia
  • , Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: