#GaiNagusiak

TESIA: Estasiak eragiten dituen neurona-kalteak hura kontsumitzen den giro-tenperaturarekin lotzen ditu Nafarroako Unibertsitateko ikerketa batek

Noiz argitaratua: 07/08/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Beatriz Goñi

MDMA edo estasia giro-tenperatura altuetan kontsumitzen denean, droga horrek sortzen dituen neurona-kalteak areagotu egiten dira. Lotura zuzen hori ikusi du, hain zuzen ere, Beatriz Goñi Nafarroako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko ikertzaileak.

Emaitza hori bere doktore-tesiaren barnean dago. Tesiaren izenburua hau da: Estudio de los mecanismo de neurotoxicidad de la 3,4-metilendioximetanfetamina (MDMA “Éxtasis”) tras su administración en rata: nuevas respuestas a antiguos interrogantes ( 3,4-metilendioximetanfetamina-ren (MDMA “Estasia”) neurotoxikotasun-mekanismoen azterketa arratoietan: erantzun berriak aspaldiko galderei). Lan horretan, ikertzaileak lehendabizikoz erlazionatu ditu gorputzaren berotasuna eta substantzia horren metabolismoa areagotzea. Bi faktore horiek aldi berean suertatuz gero, hipertermia gaiztoa gerta daiteke, eta asaldura hori hilgarria izan daiteke zenbaitetan.

Ondorio horretara iristeko, droga hori 15, 21 eta 30 ºC-ko giro-tenperaturetan eman zien arratoiei farmazialari nafarrak. Zenbait analisi egin ostean, egiaztatu zuen zenbat eta bero gehiago egin droga hori hartzen den unean orduan eta gehiago azkartzen dela estasiaren metabolismoa. Gainera, proportzio berean areagotzen da, halaber, kontsumitzaileen garunei eragiten dien eskasia neurokimikoa.

Arrisku handiagoa leku itxietan

Beatriz Goñi ikertzaile nafarraren esanean, ikerketa horren aurkikuntzak garrantzitsuak dira. Izan ere, oro har, estasia jende ugari biltzen den lekuetan eta aireztapen eskaseko leku itxietan kontsumitzen da. Leku horietan, tenperatura nahiko altua izaten da.

Horren harira, substantzia horrek eragiten dituen neurona-kalteak arratoietan nahiz pertsonetan gertatzen direla egiaztatu du. Pertsonetan, lesio larriak sor ditzakeela ikusi du oinarrizko prozesu batzuk —hala nola loa, jateko gogoa edo gogo-aldartea— erregulatzen dituzten neuronetan.

Azkenik, farmazialariak gogorarazi zuen MDMAren kontsumoak eragindako lesioak zerikusia duela droga hartu aurretik metabolizatzearekin. Izan ere, zuzenean garunera bideratuko balitz, ez litzaieke neuronei kalterik egingo.

Informazio osagarria

  • Beatriz Goñi, Universidad de Navarra
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Universidad de Navarra
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, ingelesa, Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: