#GaiNagusiak

Ordenagailuek giza hizkuntzaren ironia uler dezaten, neurozientzia

Noiz argitaratua: 14/05/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Hizkuntzalaritza #Osasuna
 Blair Armstrong

Garunaren eta hizkuntzaren arteko harremanaren alderdi oso konplexua da hitzen anbiguotasuna. Alderdi hori ulertzeko, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroko Blair Armstrong kanadar ikertzaileak (zeinak Marie Curie europar fellowship ospetsua jaso baitu) eremu hori —psikologia, neurozientzia eta konputazio-zientzia elkartzen dituena, eta berak “zientzia konputazional kognitiboa” deitzen duena— ikertzeko hurbilketa berri bat proposatzen du.

Zientzialariek uste dute etorkizunean, diziplina horietako aurrerapenei esker, posible izango dela makinak gizakiekin komunikatzea gizakiok geure artean egiten dugun bezalaxe. Ikerketa horiei esker, beste pauso bat emango da web semantikoa sortzeko, zeinean bilatzaileek gaitasun handiagoa izango baitute gaizki-ulertuak, esanahi bikoitzak eta ironiak gizakion arteko komunikazioan bezalaxe ulertzeko.

Ikerketa-eremu horrek badu beste helburu bat ere: garunari gaitasun berriak erakusteko modu onena zein den jakitea, esate baterako hizkuntzak ikasteko edo osasun-arazoren baten —hala nola garuneko infartu baten— ondorengo ikaskuntza-prozesurako.

Armstrongen ustez, “anbiguotasunak mezu bat ulertzea erraztu nahiz zaildu dezake. Garuna oso ona eta oso azkarra da hitz baten esanahi orokorra prozesatzen, baina askoz denbora gehiago behar du haren esanahi espezifikoa prozesatzeko. Horregatik, hitz anbiguoak —hala nola bota hitza, zeinak oinetako-mota eta jaurtitzearen pareko esanahiak izan baititzake— errazagoak dira prozesatzeko interpretazio bakarra duten hitzak baino.

Hori dela eta, hitz baten esanahi orokorrari dagokionez giza hizkuntzarentzat anbiguotasuna faktore positiboa izan badaiteke ere, ordenagailuei lan handiak ematen dizkie anbiguotasunak. Aitzitik, hitz baten esanahia oso espezifikoa bada (adibidez, arrain-sarda), batez ere esanahi oso desberdinak dituzten hitzekin, gizakiok denbora gehiago behar dugu mezua prozesatzeko.

Garuneko zenbait mekanismoren inguruan aurretik egindako ikerketetatik ateratako datuek eragiten zituzten kontraesanak direla eta, hitzen anbiguotasuna aztertzeko ikerketa-eredu berri bat proposatu zuten Armstrongek eta BCBLko haren taldekideek, arazoari ikuspegi konplexuago batetik heltzen diona.

Orain arteko teoriek zailtasunak zituzten anbiguotasunek irakurtzean ulermena zailtzen eta, era berean, errazten dutela dioten datuak uztartzeko, baina Armstrongen hurbilpen berriak, zeina garunak informazioa prozesatzeko duen moduan zentratzen baita, zentzua bilatzen die datu kontraesankor horiei.

Ideia horren arabera, fenomeno bat azaltzeko modu errazek ez dute informazio handirik ematen garunaren benetako funtzionamenduari buruz. Horregatik, garunak informazioa konputatzeko modua kontuan hartzen duen teoria bat eraiki du Armstrongen taldeak.

BCBLko ikertzailearen ustez, “hainbat diziplinaren konbinazioak aukera ematen du esperimentuetan ikusi diren efektu asko —konplexuak eta askotan kontraesankorrak— azaltzeko. Adibidez, laguntzen du ulertzen nola eta zergatik den gai garuna hitz anbiguoak modu oso eraginkorrean prozesatzeko; izan ere, eredu honek azaltzen du nola joaten den garuna pixkanaka anbiguotasuna ebazten.

Zentzu askotan, eredu berri honek teoria bateratzaile bat jartzen du gure esku, zeinak laguntzen baitu garuneko prozesu desberdin asko ulertzen, besteak beste elebitasuna eta zahartu ahala hizkuntza-gaitasunetan gertatzen diren aldaketak.

Informazio osagarria

  • Blair Armstrong , GUK
Javier Urtasun

Egilea: Javier Urtasun (Guk)

Laguntzailea: