#GaiNagusiak

Zelula ama helduak hazteko metodo berri bat eraginkorra da korneako gaixotasunak tratatzeko

Noiz argitaratua: 07/07/19 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 Ana Fernández Hortelano

Zelula ama helduak hazteko metodo berri bat diseinatu dute Nafarroako Unibertsitate Klinikako Terapia Zelularraren Sailean, eta korneako zelula amak hazteko erabil daitekeela egiaztatu dute. Hori baieztatu du, hain zuzen ere, Nafarroako Unibertsitate Klinikako Ana Fernández Hortelano oftalmologoak. Hazkuntza-teknika hori erabili du korneako zenbait gaixotasun tratatzeko 70 animalia-eredutan (untxiak). Helburua da kaltetutako epitelioa berreskuratzea eta kornearen gardentasuna berrezartzea.

Ana Fernández Hortelanok Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean aurkeztu zuen bere doktore-tesia. Tesi horretan frogatu du korneako zelula amak eraginkorrak direla korneako patologiaren bat, hala nola kaustikazioak edo begiko herpesa, duten gaixoetan. Horretarako, begi osasuntsuaren zelula amak erabiltzen ditu. Dagoeneko ari dira teknika hori aplikatzen, eta emaitza onak lortzen ari dira.

Lan horretan, oinarrizko bi zati daude. Batetik, zelulen hazkuntza-metodo berri baten diseinua deskribatzen du, eta, bestetik, prozesuaren aplikazio klinikoa azaltzen du.

Hazkuntza bi fasetan

Oftalmologo nafarraren ikerketaren arabera, dimentsio txikiko biopsia baten laguntzaz nahi beste hedatu daitezke hazkuntza-teknika berriari esker lortutako zelula amak, tratamendua eraginkorra izan arte. Zelulen lagina gaixoaren beraren begi osasuntsuaren linbotik jasotzen dute. Izan ere, hori da kornearen gardentasunaz arduratzen den begiko egitura.

Diseinatutako hazkuntza-metodo berriak aukera ematen du lortutako zelulak karakterizatzeko, hau da, kantitateak eta erabiliko diren zelulen bideragarritasuna ezagutzeko.

Ikertzaile nafarrak diseinatutako metodoak plastikozko plakan eta mintz amniotikoan egiten den hazkuntza konbinatzen ditu. Lehenengo fase horretan dago, hain zuzen ere, metodoaren berrikuntza; alegia, plastikozko plakaren erabilera horretan. Begi osasuntsutik lortutako ehun-pusketa zati txikiagoetan banatzen da, eta plakan hazten uzten da. Hala, zelula ama gehiago lortzen dira (ehun-pusketa beste zelula). Jarraian, lortutako zelula horien lagin bat Anatomia Patologikoaren laborategira bidaltzen dute, zelula horien bideragarritasuna eta kalitatea egiaztatzeko.

Hori guztia berretsi ostean, zelulak mintz amniotikoan hazten dituzte. Izan ere, ingurune hori oso egokia da, bereziki, begiko birsorkuntza-tratamenduetan transplantatuko diren zelula amak hazteko.

Mintz amniotikoan zelula amak homogeneoki hedatzen dira, eta tratamendurako zelula-unitate egokienak hautatzen dituzte. Metodo horri esker, begian txertatzen diren zelulen populazioa zehatz-mehatz ezagutu daiteke; eta beraz, baita zelula horien kalitatea eta kantitatea ere.

Aplikazio klinikoa

Ikerketaren bigarren zatia zelula ama helduak untxietan transplantatzean oinarritu da. Untxi horiei aurrez korneako epitelioko lesioa eragin zaie. Lesio horrek kornearen gardentasunaren galera dakar. Patologia hori ezin da sendatu, ez korneako transplante batekin ez eta bestelako tratamendu konbentzionalekin ere.

Fernández Hortelano doktoreak untxiaren begi osasuntsuaren korneako biopsia eginez lortu ditu zelula-mota horiek, alegia, korneako zelula amak. Zelulen lagin txikia da, 3 bider 4 mm ingurukoa; hori dela eta, begiak ez du arriskurik. Zelula oso gutxi direnez, ezinbestekoa da haztea eta zelula gehiago lortzea. Horretarako, zelula horiek mintz amniotikora pasarazten dituzte.

Lortzen dituzten zelula ama helduak kaltetutako begian txertatzen dituzte, eta linboa leheneratzen da. Ondorioz, korneako epitelioa, eta, beraz, kornearen gardentasuna, berreskuratzen da. Gaurdaino untxiekin egindako esperimentuetan, untxien % 60k lortu dute korneako epitelioa berreskuratzea. Korneako epitelioa gutxiegitasun linbikoan kaltetzen den geruza da. Arazo horrek kornearen opakutasuna eragiten du epe luzera.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, CUN
  • Ana Fernández Hortelano, CUN
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: