#GaiNagusiak

Gaixoen % 80tan baino gehiagotan akufenoek minik ez ematea eta ohiko bizimodua egitea lortzen da

Noiz argitaratua: 07/06/26 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 Heitzmann doktorea

Nazioarteko zenbait ikerketaren arabera, biztanleriaren % 10-17k izan ditu noizbait akufenoak. Entzumenari dagokion pertzepzio-arazo bati esaten zaio akufeno: belarrietan edota buruan zaratak aditzeari, kanpoko soinurik izan gabe. Sintomen intentsitatearen arabera, pertsonaren bizitza-kondizioak era batekoak edo bestekoak izan daitezke. Muturreko kasuetan, min horiek jarduera profesionalean edo ohiko bizimoduan eragin dezakete.

Heitzmann doktoreak akufenoak TRT (Tinnitus Retraining Therapy) bidez tratatzea gomendatzen du. Terapia hori eredu neurofisiologiko batean oinarritzen da. Tratamendu horren helburua da zaratara ohitzea. Horretarako, Kontseilu Terapeutikoaren eta Soinudun Terapiaren laguntza jasotzen du. TRT terapiaren aita Pawel J. Jastreboff irakaslea da, eta pertsonek soilik aditzen duten entzumenaren pertzepzio fantasma gisa definitu zuen hark akufenoa. Eredu neurofisiologiko hori Nafarroako Unibertsitate Klinikan aplikatu dute, eta, adituaren esanean, gehiengoak akufenoetara ohitzea lortu du. Alegia, arazo horrek sortzen dituen minak gaixoen % 80-84an eta zenbait kasutan gehiagotan desagertzea lortu dute. Gaur egun, emaitza onenetarikoak ematen dituen tratamendua da.

Beste zenbait metodo terapeutikok, hala nola farmakologikoek, akufenoek sortzen dituzten eraginak kontrolatzen laguntzen dute, besteak beste, antsietatea edo estresa. Dena den, ez dute arazoa konpontzen. Bestalde, ebakuntza kirurgikoek ere aplikazio mugatua dute gaixotasun horretan.

Jatorri ezberdinak

Akufenoek hainbat jatorri dituzte; ezko-tapoi batek, erdiko belarriko infekzioak, entzumen-galerak edo tumore onberak eragin ditzakete akufenoak. Dena den, kasurik gehienetan belarrian bertan eta entzunbidean sortzen dira.

Hala ere, akufenoen jatorria ezagutzea ez da eraginkorra tratamendua aukeratzeko. Otorrinoek diagnostiko bat egin behar dute beti, baina, akufenoen kasuan, diagnostikoa baztertzekoa da gehienetan. Alegia, adituak bestelako patologiak baztertu behar ditu zaratak norbere belarritik eratorriak diren edo ez bereizteko.

Zenbait kasutan, akufenoak beste sintoma batzuekin batera azaltzen dira, eta mediku baten baino gehiagoren laguntza behar izaten da sintoma horren kalteak arintzeko. Horregatik, TRT tratamendua arlo ezberdinetako adituak dauden osasun-zentroetan aplikatzen da hobeto. Hala, jakintza-alor anitzeko tratamendua izaten du gaixoak.

Zaratara ohituz

Eredu neurofisiologikoa edo TRT aplikatzen denean, ezinbestekoa da ezagutzea zarata nola prozesatzen den belarritik garun-azalera. Nerbio-sistema zentralean hainbat egitura daude, eta, horiei esker, behar lukeen baino protagonismo handiagoa hartzen du akufenoak. Gehiegizko garrantzia ematen zaio, eta horrek alerta-egoera bat sortzen du gaixoarengan; aldi berean, minaren pertzepzioa jasotzen da. Sistema linbikoa eta nerbio-sistema autonomoa aktibatzen dira, ondoren. Lehena emozioez eta ikaskuntzaz arduratzen da; bigarrena, berriz, minaren eragile da. Maila horietan lan egin behar da.

Horregatik, Jastreboff-ek proposatzen duen eta Unibertsitate Klinikan aplikatzen den metodoaren helburua da zaratara ohitzea, akufenoak minik ez egitera iritsi arte. Horren harira, adituaren esanean, garrantzitsuena ez da akufenoa desagertzea; izan ere, zenbait kasutan ezinezkoa da belarriak sortzen dituen zaratak eragoztea. Heitzmannen esanean, zaratara ohitzea, nolabait, estimulu horren jabe ez izatea da, eta arazoari garrantzia kenduz lortzen da hori. Antzeko zerbait gertatzen da egunero janzten dugun arroparekin: normalean ez gara ohartzen soinean daramagula; ohartuz gero ere, ez digu enbarazurik egiten. Beraz, ohitzea da nolabait akufenoa existitzen dela ere ahaztea.

Heltzmann doktorearen arabera, ez du zentzurik akufeno bat atzemateak, diagnostikoa egin ostean eta arriskurik ez duela egiaztatu ostean. Izan ere, pertsona asko eta askok dituzte akufenoak, baina batzuei ez diete inolako minik egiten. 1953an Heller-ek eta Bergman-ek egindako esperimentuaren arabera, guztiok izan ditzakegu akufenoak zenbait egoeratan, inolako gaixotasunik egon gabe. Beraz, printzipioz, garrantzi gutxiko eta ohiko sintoma bat da.

Kontseilu Terapeutikoa eta Soinudun Terapia

Nerbio-sistema zentralak plastikotasun eta ikasteko gaitasun berezi bat duela egiaztatu zuen Jastreboff-ek TRT terapiaren garapenean. Akufenoak min egiten duenean esan nahi du nerbio-sistema zentralak soinu garrantzitsu baten gisa prozesatzen duela. Guk geuk erakuts diezaiokegu esanahi horrekin prozesatzeari uzten eta maila subkontziente batean uzten. Helburu hori bi modutara lor daiteke: kontseilu terapeutikoa eta soinudun terapia. Bi erreminta horiek oinarrizkoak dira TRT terapian.

Kontseilu Terapeutikoaren bidez, mina zerk eragiten duen azaltzen dio gaixoari adituak. Horretarako, azterketa sakon bat egin, gaixoaren historia klinikoa ezagutu, sakon behatu eta entzumen-azterketa egin behar da. Halaber, proba osagarriak egin behar zaizkio gaixoari. Ezinbestekoa da gaixoaren balorazio orokorra egitea.

Kontseilu Terapeutikoaren helburua da akufenoari horrenbesteko garrantzia ez ematea. Gaixoarengan duen esanahi negatibo hori deuseztea komeni da. Izan ere, horrek zarata maila kontziente batera iristea eta mina sortzea eragiten du. Hala, sistema linbikoa nolabait deskonektatzen da eta, pixkanaka, eragin negatibo hori ezabatu egiten da.

Kontseilu Terapeutikoa adituen eta gaixoen arteko zenbait elkarrizketa egin ostean osatzen da. Heitzmann doktorearen esanean, saio horiek oso garrantzitsuak dira. Izan ere, horiek gabe Soinudun Terapiak ez ditu emaitza onak lortzen.

TRTaren bigarren erreminta Soinudun Terapia da, eta entzunbidean belarriaren sentikortasuna zer soinuk areagotzen duen aztertzetik sortzen da. Hala, entzunbide horretan soinu bat sortzen bada, esaterako akufenoa, berehala hautemango du. Fenomeno hori saihesteko, entzunbindean soinu bat txertatzen dute, eta, ondorioz, akufenoaren pertzepzioa murrizten dute maila kortikalean (nolabait, txertatzen den soinu horrekin, akufenoaren eragina murriztu eta desagerrarazi nahi dute).

Beraz, Soinudun Terapiaren helburua da akufenora ohitzea kanpoko zenbait soinu txertatuz, betiere isiltasuna eragotziz. Zenbait aplikazio-maila ditu. Batetik, gaixo guztiei jakinarazten zaie erabateko isiltasuna saihestu behar dutela, kanpoko zenbait soinuren bidez. Hori dela eta, zenbaitek soinu neutroa igortzen duten soinu-sorgailuak behar izaten dituzte. Sorgailu horiek belarrietan ezarri behar izaten dituzte gaixoek, egunean 8 ordu inguru. Dena den, zarata horrek ezin du akufenoa erabat estali. Entzumen-galera duten beste zenbait gaixok audiofonoak egokitu behar izaten dituzte. Terapia pertsona bakoitzaren baldintzetara eta beharretara egokituko da.

Akufenora ohitzeko eta mina desagertzeko denbora zenbait faktoreren araberakoa da, besteak beste, akufenoaren garapen-denboraren, gaixoaren profil psikologikoaren, gaixoa inguratzen duten pertsonen baldintzen eta beste zenbait patologiaren araberakoa. Faktore horiek guztiak kontuan hartuta, gutxi gorabehera urtebetean, urte eta erdian edo bi urtetan lortzen du gaixoak akufenora ohitzea. Dena den, baliteke epe horiek arestian aipatutako kanpoko faktore horien arabera gainditzea. Beraz, epe hori baino gehiago luzatzen bada, ez du esan nahi tratamenduak porrot egin duenik. Ohitze horren jarraipena egiten laguntzeko, bi urtean adituei 5-6 bisita egin behar izatea aurreikusten da. Dena den, kasu bakoitzean zehaztu behar da hori.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, CUN
  • Heitzmann doktorea, CUN
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: