#GaiNagusiak

Ahuntz- eta ardi-aziendei eragiten dieten lentibirus bidezko infekzioetan gene batek duen inplikazioa zehaztu dute

Noiz argitaratua: 14/04/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak
 Helena Crespo

Helena Crespo Otano andreak, bere doktoretza-tesian, ikertu du zer mekanismo duten hausnarkari txikien lentibirusek (SRLV), hau da, ardiei eta ahuntzei infekzioak sorrarazten dizkieten GIBaren familia bereko birus batzuek. Lentibirusak infekzio geldoak sorrarazten dituzten birusak dira. Birus horien ondorioz, immunitate-sistema hondatzen da, eta hainbat koadro kliniko sortzen dira (nerbiosoak, biriketakoak, artritikoak eta errapeetakoak). Izenburu hau izan du tesiak: “Papel del receptor de la manosa y de la polarización de macrófagos en la infección por lentivirus de pequeños rumiantes”.

Bere lanean, ardien manosaren hartzailea (MR), infekzio-prozesuan inplikatutako hartzaile zelular bat —birusei utzi egiten baitie animalien zeluletan sartzen—, identifikatu eta karakterizatu du. Lentibirus horien itu-zelulak makrofago izenekoak dira. Makrofagoak gai dira kanpoan dituzten estimuluen arabera beren gene-espresioa aldatzeko (horri polarizazioa esaten zaio), eta, hala, organismoaren unean uneko beharretara egokitzen dute beren funtzioa. Beraz, giltzarriak dira immunitate-erantzun on bat garatzeko.

Helena Crespok dioenez, “hausnarkari txikien lentibirusak eragiten dituen infekzioak dauzkaten artaldeetan produktibitate txikiagoa dagoela ikusten da, eta, gainera, bigarren mailako infekzioek eragindako heriotza-tasa handiagoa da, eta garaia baino lehenago bakantzen dira infekzioa duten animaliak (taldetik kentzen dira). Horren guztiaren ondorioz, handiagoa da berriz jarri behar diren azienden tasa, eta handiak galera ekonomikoak”.

Manosaren hartzailea

Gaur gaurkoz ez dago txertorik, ezta tratamendu eraginkorrik ere, infekzio horien aurka. Beraz, berezko immunitatea murrizten duten faktoreen ikerketa aukera ona izan daiteke infekzio horiei aurre egiteko. “Immunitate-sistemaren zelulek, eta makrofagoak horietakoak dira, badauzkate mekanismoak infekzioari aurre egiteko. Adibidez, patogeno-ereduak ezagutzeko hartzaile izenekoak dauzkate mintzean, eta horiei esker ezagutzen eta neutralizatzen dituzte” dio ikertzaileak. Izan ere, MR izena duena (manosaren hartzailea) ate "seguru" bat izan daiteke, zenbait bakterio, protozoo, parasito eta birus, SRLV birusak adibidez, itu-zelulan sartzeko, eta, horrela, infekzioak eta haien ondorioz sortzen diren patologiak garatzeko.

Testuinguru horretan, hausnarkari txikien lentibirus bidezko infekzioari buruz orain arte ezagutzen ez ziren hainbat alderditan sakontzen du tesiak. “Ardi-azienden MR genea karakterizatu dugu, eta birusa espresatzen duten zeluletan birusa sartzeko prozesuan zer inplikazio duen zehaztu dugu”. Lanaren egileak ikertu du zer egiten duen molekula horrek infekzioari dagozkion patologiak garatzeko. Halatan, “ MR-ren espresioa 31 animaliaren ehunen 124 laginetan analizatu ondoren, konturatu ginen manosa-hartzailearen espresio handiagoa zegoela eragin handiena izan zuten organoetan”. Bestalde, frogatu zuen makrofago-populazio berezituak zeudela ardi- eta ahuntz-aziendetan, M1 (proinflamatorioa) eta M2 (antiinflamatorioa) izenekoak, eta elkarren aurkako gaitasun murriztaileak zeuzkatela lentibirusei aurre egiteko. Gainera, ikusi zuen infekzioak M2 polarizazioa eragiten duela, eta horrek lagundu egiten du gaixotasuna hartzen eta garatzen. Horrek aukera ematen du lentibirus bidezko infekzioen aurkako itu terapeutiko berriak identifikatzeko.

  • Oharrak:

    Helena Crespo Otano Farmazian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta Bioteknologiako masterra du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 2004tik, Agrobioteknologia Institutuko Animalia Osasunerako taldeko kideetako bat da. Beatriz Amorena da talde horretako zuzendaria. Agrobioteknologia Institutua zentro mistoa da, eta haren titulartasuna Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluarena (CSIC), NUPena eta Nafarroako Gobernuarena da. Crespo doktoreak dozena bat artikulu argitaratu ditu nazioarteko hainbat aldizkaritan, eta bere tesiaren emaitzetan oinarritu diren hiru artikulu argitaratu ditu Veterinary Research aldizkarian, albaitaritza-zientziei buruzko lehendabiziko aldizkarian. Orobat, bere lana nazioarteko bi biltzarretan argitaratu zuten (Glasgow 2008 eta Berlin 2009), bai eta Birologiari buruzko XI. Biltzar Nazionalean ere, zeina Granadan egin baitzen, 2011. urtean.

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es/actualidad/berriak?pagina=1&contentId=180491&languageId=100001

Informazio osagarria

  • Helena Crespo, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: