#GaiNagusiak

Errealitate areagotuko betaurrekoak, 1 €-an, 3Dko inpresora bati esker

Noiz argitaratua: 14/04/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia #Espazioa
 Erabilitako 3D inpresora

Bigarren urtez jarraian, Euskadi zuzenean konektatuta egon da Estatu Batuetako Espazio Agentziarekin, ‘Space Apps Challengeren bidez. Ekimen horretan, mundu osoko ekipo informatikoek bat egiten dute NASAk proposatutako erronkei erantzuteko irtenbide berritzaileak aurkitzeko. Nazioarteko ekimen horretan parte hartu duen euskal egoitzak errealitate areagotuko betaurrekoak garatu ditu, kostu oso txikian (1 € baino gutxiago), 3Dko inpresora bat erabilita.

EAEk bat egin du beste 47 herrialdetako 100 hirirekin (horietatik sei Espainiakoak) Space Apps Challenge ekimenean, zeinean mundu osoko 10.000 programatzailek parte hartu duten. Hackatoi informatiko bat da (hacker eta maratoi hitzetatik eratorria), aldi berean mundu osoan antolatzen dena, eta haren helburua da NASA Estatu Batuetako Espazio Agentziak proposatutako erronkei irtenbideak bilatzea, espazioan nahiz Lurrean.

Basque Open Labs (Basaurin dagoen 2.000 m2-ko instalazioa) elkartu dira Space Apps Challengen parte hartu duten EAEko ordezkariak, eta ekimena Asier Arranz Barakaldoko gazte ekintzaileak antolatu du.

Ekimen horretan, 25 eta 50 urte bitarteko hainbat telekomunikazio- eta industria-ingeniari, eta ingeniaritzako eta programazioko ikasle elkartu ziren joan den asteburuan. Hain zuzen, Espainiako beste hirietan baino parte-hartzaile gehiago bildu dira Basauriko egoitzan, eta 25 profesionalek lagundu dute aurkeztutako proiektuetan.

Oculus Rift, low cost

EAEko egoitza, Bartzelonako egoitzako profesionalekin batera, 3Dko inpresora baten bidez errealitate areagotuko betaurrekoak kostu oso txikian garatzeagatik nabarmendu da mundu mailako lehiaketa honetan. Diseinatutako eredua telefonia mugikorreko modelo guztietan erabil daiteke, eta, gainera, kamera libre duenez, errealitate areagoturako balio du.

“Oculus Rift, ezagunaren low cost bertsio bat dira betaurrekook, eta euro bat baino gutxiagoko kostua dute. 3Dko inpresora baten bidez egiten dira, inpresora horretan leiar batzuk gehituta. Modu horretan, oraintsu Facebook-ek eskuratutako enpresak egiten dituen betaurrekoen antzekoak lortzen ditugu”, azaldu du Asier Arranzek.

Proiektu horrez gain, Space Apps Challengen parte hartu duen euskal egoitzak bideojoko batzuk egin ditu, asteroideen arriskuaz ohartarazteko eta kontzientzia zabaltzeko, eta Lurretik haien jarraipena egiteko.

Asier Arranzek azaldu du nazioarteko lehiaketa horretara aurkeztu diren EAEko proiektuak “datuak ondoen aprobetxatu dituen proiektu gisa, lehenengoa, eta proiektu inspiratzaileena gisa, bigarrena, hautatu dituztela dagoeneko, lehen hautaketa batean. Hurrengo hilabeteetan aukeratuko ditu NASAk kategoria bakoitzeko proiektu onenak.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, Información en Red
  • Erabilitako 3D inpresora, Información en Red
Gontzal Sáenz

Egilea: Gontzal Sáenz (ieR-Información en Red)

Laguntzailea: