#GaiNagusiak

Klima-aldaketak tempranillo mahats-barietateko ardoan duen eragina ikertu du Neiker-Tecnaliak

Noiz argitaratua: 14/04/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna
 None

Klima-aldaketak tempranillo mahats-barietateko ardoen kalitateari eragingo dio, Neiker-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egindako ikerketa baten arabera. Ikerketan parte hartu dute Nafarroako Unibertsitateak eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Aula Deiko Estazio Esperimentalak (EEAD) ere. Erakunde horietako zientzialariek ikertu dute zer portaera duten mahatsondoek klima-aldaketako baldintzetan, hau da, tenperatura handiagoarekin, CO2 presentzia handiagoarekin eta giro lehorragoarekin. Emaitza antoziano gutxiagoko muztioa da, eta horrek kolore gutxiagoko ardoa ematen du, hau da, kalitate gutxiagokoa. Urtzi Leibar nekazaritza-ingeniariak zuzendu duen ikerketaren emaitzak European Geosciences Union (EGU) erakundearen biltzarrean, Vienan (Austria), aurkeztuko dira.

Ikerketa Vitis vinifera cv. tempranillo espezieko mahatsondoekin egin da, berotegian. Hiru faktore aztertu dituzte: klima-aldaketa, landarearen estres hidrikoa eta lurraren egitura. Klima-aldaketak mahatsean duen eragina analizatzeko, hainbat mahatsondo jarri zituzten CO2-presentzia handiagoko, tenperatura handiagoko eta hezetasun erlatibo txikiagoko kondizioetan, eta beste mahatsondo batzuk gaur egungo klima-kondizioetan.

CO2-mailaren eta tenperaturaren aldaketez gain, aurreikusten da klima-aldaketak euri gutxiago ekarriko duela, eta euria muturragoko ekinaldietan banatuko dela. Arrazoi horregatik, ikertzaileek bi tratamendu desberdin egin zituzten mahatsondoekin. Horietako bat behar bezala hidratatutako landareekin egin zuten (lurraren ur-edukia % 25-30 izanik) eta bestea defizit hidrikoan jarritako landareekin, zeinei besteei baino % 40 ur gutxiago eman zitzaien. Lurrari dagokionez, hiru egitura desberdin aztertu zituzten, % 9, % 18 eta % 36ko buztin-edukiarekin.

Parametro produktibo eta kualitatiboei dagokienez, emaitzarik esanguratsuenetako bat izan zen klima-aldaketak bederatzi egun aurreratu zuela mahats-bilketa. Aurrerapen horrek antozioanoen kontzentrazioa murriztu zuen, eta, hortaz, kolore gutxiagoko ardoak eman zituen. Horrez gain, muztioaren pH-a igotzea eragin zuen. pH-aren maila alderdi interesgarria da upategientzat, ardoak ezin hobeto kontserbatzeko maila baxua behar baita.

Ur-gabeziak, berriz, fruta ontzeko aldia atzeratu zuen —mahats-bilketa hamar egun geroago egin zen—, eta mahastiaren hazkuntza urritu zen. Egoera horrek, halaber, muztioaren pH-a igotzea eta polifenolen edukia murriztea eragin zuen. Polifenolak mahatsen azal eta pipitetan aurkitzen dira, eta ardoari aroma, kolorea eta zaporea ematen diote. Lurrari dagokionez, hareatsuenek —buztin-eduki txikiagokoek— antoziano gehiagoko muztioak eman zituzten, hau da, kolore biziagokoak.

Informazio interesgarria ardogintzaren sektorearentzat

Neiker-Tecnaliak, Nafarroako Unibertsitateak eta EEAD-CSICek eginiko azterketaren azken helburua da ardogintzaren sektoreari laguntzeko informazioa lortzea, aurreikusten diren baldintza klimatikoen kaltea arindu ahal izateko, edo, bestela, ager daitezkeen aukerak aprobetxatzeko.

Klima da mahatsa lantzeko eta ardoa ekoizteko eskualde baten egokitasunean eraginik handiena daukan faktorea, zuzenean eragiten diolako mahastiari eta mahatsaren kalitateari. Horrenbestez, sektoreak oso kontuan hartu beharreko alderdia da klima-aldaketa.

Estatuan, mahastien hedadura 954.000 hektarea da, hau da, landutako azalera osoaren % 5,6. Ardogintzaren sektorea oso jarduera garrantzitsua da, sortzen duen balio ekonomikoagatik, biztanle askori enplegua ematen dielako eta ingurumena zaintzen laguntzen duelako.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Neiker-Tecnalia
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskaraz, Neiker-Tecnalia
  • , Neiker-Tecnalia
  • , Neiker-Tecnalia
Iranzu Telletxea

Egilea: Iranzu Telletxea (NEIKER-Tecnalia)

Laguntzailea: