#GaiNagusiak

Irudi-teknika berriek Klippel-Trénaunay malformazio baskularra diagnostikatzeko hainbat proba egitea saihesten dute

Noiz argitaratua: 07/05/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna
 None

TC multicorte (azken belaunaldiko eskanerra) edo erresonantzia magnetiko bat erabiliz gero Klippel-Trénaunay sortzetiko malformazio baskularra diagnostikatzeko, gaixoak proba gutxiago egitea lortzen da; halaber, denbora aurrezten da eta tratamendua eraginkorragoa da. Irudi-teknika horiek Klippel-Trénaunay sindromea duten gaixoen azterketa orokorra egitea ahalbidetzen dute. Bereziki zain barnetik harrarazten duten angio-TC eta angio-RM kontrasteen bidez, sindrome horren sortzetiko malformazio baskularraren jatorria eta hedapena diagnostika daiteke. Hori guztia azaldu dute, hain zuzen ere, Nafarroako Unibertsitate Klinikako adituek Journal of American Academy of Dermatology dermatologiari buruzko nazioarteko aldizkari espezializatuan argitaratutako artikuluan.

Pedro Redondo Bellón Dermatologia Saileko eta Gorka Bastarrika Aleman Erradiologia Saileko doktoreen esanean, Klippel-Trénaunay sindromea malformazio baskular bat da. Gorputz-adar bati eragiten dio, eta Oportoko ardoa izeneko orban bereizgarri bat azaltzen da. Malformazio horretan zainak dilatatu egiten dira, eta hodi haril baten itxura hartzen dute. Gorputz-adar kaltetua handitu egiten da hezurren eta ehun bigunen lepotik. Gutxi gorabehera 30.000 jaioberritik bat jaiotzen da gaixotasun horrekin.

Probak eta denbora aurreztuz

Gaixotasunaren zenbaterainokoa aztertzeko eta, hala, diagnostikoa egiteko, bi teknika ez-suntsitzaile, angio-TC eta angio-RM, aplikatu dituzte, Erradiologia Zerbitzuaren laguntzari esker. Bi teknika horiek erabiltzen ziren lehendik ere, baina ez helburu horiekin.

Bi prozesu erradiologiko horiekin, gaixoak egin behar duen proba-kopurua murrizten da. Izan ere, horiek gabe, ekografia bat, erresonantzia magnetiko bat, erradiografia arruntak eta angiografia konbentzionalak (arteriografia edo flebograbia azterketa suntsitzaileak) egin beharko lituzke gaixoak. Orain, teknika bakarrarekin, gorputz-adar kaltetuaren azterketa orokorra egin daiteke. Angio-TC edo angio-RM teknikek gorputz-adarraren tamainaren berri ematen diote medikuari. Baita gaixoak dituen anomalia baskularren eta hodien komunikazioaren berri ere, besteak beste. Horiek guztiak gaixotasunaren nondik norakoa ezagutzeko oinarrizko osagaiak dira.

Klippel-Trénaunay sindromearen azterketan, lehendabizi, angio-TC teknika erabiltzen da, pediatria-gaixoetan izan ezik. Azken horietan, angio-RM teknika erabiltzea gomendatzen dute. Izan ere, teknika horretan ez da erradiaziorik erabiltzen. Bi teknika horiek gaixotasunaren diagnostikoari buruzko informazio antzekoa eskaintzen dute. Hori dela eta, litekeena da epe motzean RM teknika helduetan ere erabiltzea, aurrerakuntza ugari egiten ari baitira.

Mikroaparraren bidezko tratamendua

Nafarroako Unibertsitate Klinikan Klippel-Trénaunay sindromea tratatzeko erabiltzen den erreferentziazko tratamendua polidokanol mikroaparra injektatzean oinarritzen da. Prozesu berria da, eta barizeak tratatzeko erabiltzen da maiz; baita zenbait malformazio baskular tratatzeko ere.

Tratamendua mikroapar bidezko fleboesklerosi gisa ere ezagutzen da, eta zain anomaloak ezabatzen ditu, kirurgiaren beharrik gabe. Klippel-Trénaunay sindromea duten gaixoetan mikroapar bidezko tratamendua egiteko, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza jasotzen du. Nafarroako Unibertsitate Klinikan duela bost urte baino gehiago erabiltzen da eskleroterapia malformazio baskularrak dituzten gaixoetan.

Informazio osagarria

  • , Clínica Universitaria. Universidad de Navarra
Jesús Zorrilla Ruiz

Egilea: Jesús Zorrilla Ruiz (Clínica Universidad de Navarra)

Laguntzailea: