#GaiNagusiak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek nanomaterialei buruzko Nanoret ikerketa-proiektuan parte hartuko dute

Noiz argitaratua: 07/04/04 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 None

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika Departamentuko ikertzaileek Nanoret proiektuan parte hartuko dute. Nanoret ikerketa-proiektu europar bat da, nanomaterialak aztertzeko eta garatzeko, eta 557.000 euroko aurrekontua du.

Erakunde hauetako 25 ikertzailek parte hartuko dute proiektuan: Errioxako Unibertsitatea (proiektuaren buru), Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Tolosako Zientzia Aplikatuen Institutu Nazioanala (Frantzia), Avanzarate oinarri teknologikoko enpresa errioxarra eta Nanomeps enpresa frantsesa. Proiektua Europako Batasunak (FEDER) eta parte hartuko duten gainerako instituzioek finantzatuko dute.

Zehazki, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren partetik, Cristina Gómez Polok, Iñaki Pérez de Landazabal Berganzok eta Vicente Recarte Calladok parte hartuko dute.

Proiektuaren berrikuntza da nanomaterialak egiteko hainbat metodo eta metodo osagarriak erabiliko dituztela. Lanaren zati handiena, nanomaterial berrien sintesiari eta azterketari eta haien propietateen neurketari dagokiona, bi unibertsitateetako eta institutu frantseseko laborategietan egingo dute. Avanzare eta Nanomeps enpresen ardura izango da lortutako emaitzak eskala industrialera estrapolatzea.

Nanomaterialak

Nanomaterialak eskala nanometrikoan –metroa baino mila milioi txikiago– kontrolatutako forma eta tamaina dituzten materialak dira. Eta material horien propietateak eskala handiagokoenen aldean desberdinak dira.

Gaur egun, lau arlotan ustiatzen dira nanomaterialen propietateak. Batetik, eraikuntzan, katalisietan, automobilgintzan, kosmetikoetan, tintetan, eta abarretan erabiltzen dira nanomaterialak. Arlo horretako nanomaterialek propietate fisiko bereziak dituzte: erresistentzia, elastikotasuna, korrosiotik babesteko ahalmena, eta abar. Mota horretakoak dira erresistentzia handiko ebaketa-hortz metalikoak, korrosioarekiko erresistentzia handia duten estaldurak, labe pirolitiko autogarbitzaileak, eta abar.

Beste arlo bat nanoelektronika da. Hainbat gailu elektroniko egiteko erabiltzen dira, esaterako, datuak gordetzeko gailuak (nanomaterial magnetikoak), argizko gailuak edo eguzki-zelulak. Nanomaterialek biderkatu egiten dituzte gailu horien gaitasunak.

Sentsoreak eta eragingailuak egiteko ere erabiltzen dira, hau da, substantziak detektatzeko eta aztertzeko. Horrelakoak dira automobilgintza-industrian erabiltzen diren gas kutsatzaileen sentsoreak, neurri nanometrikoko oxidoetan oinarrituak.

Azkenik, nanobioteknologiak ehun-ingeniaritzan aplikatzen ditu material hauek, farmakoen garapenean edo farmakoen garraioan (farmakoak zuzenean organo jakin batera eramango dituzten nanomaterialak); adibidez, bakterioei aurre egiteko propietate biozidak dituzten ehunak garatzeko.

Nanoret-eko ikertzaileek, lehenik, nanomaterialen aitzindarien propietateak ikertuko dituzte, bereziki metalenak. Eta, gero, lortutako emaitzei berariazko aplikazioak emateko lan egingo dute.

Informazio osagarria

  • , Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: