#GaiNagusiak

ACLIMAko 10 enpresa bazkidek lau I+G+B proiektu aurkeztu dituzte zientzia-ikerketen plan nazionalean

Noiz argitaratua: 07/04/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Ingurumena #Teknologia

Euskadiko Ingurumen Industrien Kluster Elkarteak (ACLIMA), bazkide diren 10 enpresarekin lankidetzan, lau I+G+B proiektu aurkeztu ditu Ingurumen Ministerioaren Ikerketa Zientifikoaren, Garapenaren eta Berrikuntza Teknologikoaren 2004-2007 Plan Nazionalean.

Guztira 50 teknologok baino gehiagok eskainiko dute ingurumen-ikerketaren hainbat alorretako beren esperientzia. ACLIMAko bazkide diren enpresa hauetakoak izango dira teknologo horiek: AIRg, CIMAS, FACTOR CO2, GAIKER, IDOM, INASMET, LABEIN, SADER eta EHU.

Aurkeztutako proiektuen helburua da une hauetan interes handia duten ingurumen-arazoak aztertzea:

1. Nerbioi-Ibaizabal ibaitik dragatutako sedimentu kutsatuen tratamendurako sistema pilotu baten diseinua eta eraikuntza (ACLIMA, IDOM eta SADER). ACLIMAk GAIKER azpikontratatuko du. Aurrekontua 1.520.497 eurokoa da, bi urte eta erdirako. Helburu nagusia da itsas trafikoagatik edo ingurumen-arrazoiengatik dragatu behar diren sedimentuak tratatzeko esperientzia gisa balioko duen sistema pilotu bat diseinatzea eta eraikitzea.

2. Errekuntza-instalazioetan lehen eta bigarren mailako aerosolen isurketa-faktoreak zehaztea (ACLIMA, EHU, LABEIN-Tecnalia Fundazioa, IDOM, MAS ABOGADOS eta AIRg) . Aurrekontua 553.682 eurokoa da, 3 urterako. Helburua da azken tresnak, teknikak eta metodoak erabiliz, errekuntza-instalazio handietako (ziklo konbinatuko zentralak eta petrolioaren finketarako errekuntza-instalazioak) lehen mailako aerosolen eta bigarren mailakoen aitzindarien (PM10, PM2,5 eta NOx) isurketa-faktoreak zehaztea. Lehen mailako aerosolei eta bigarren mailakoen aitzindariei buruzko estrategia europarrarekin bat, isurketen eta lan-kondizioen arteko erlazioak finkatuko dituzte, isurketak kontrolatzeko teknikak eta prozedurak hobeki ebaluatzeko.

3. Isurketarik gabeko hiria: udal-tresnak eta esperientzia pilotua (ACLIMA, FACTOR CO2 eta CIMAS INNOVACIÓN Y MEDIOAMBIENTE). Aurrekontua 582.312 eurokoa da, bi urterako. Proiektu horren helburua da berotegi-efektua eragiten duten gasen inguruko udaletako ekintza-planak sustatuko dituzten ebaluazio-tresnak sortzea. Hori ekarpen bat izango litzateke, isurketa nazionalak kontrolatzeko eta Kyotoko protokoloak eta Europako Batasunak ezarritako helburuak betetzeko. Bestalde, tresna horiek esperientzia pilotuen bidez sustatuko dira.

4. Nanoteknologien arriskuak eta aukerak ingurumenerako (ACLIMA eta INASMET-Tecnalia). Aurrekontua 179.485 eurokoa da, urtebeterako. Helburua da nanoteknologia-ikerketen aurrerapenek ingurumenerako eta ingurumen-enpresentzat izan ditzaketen arriskuak eta aukerak identifikatzea. Produktu nanoteknologikoek merkatuan izan duten sarrera azkarrak eragindako hondakinen ebaluazio sakon bat abiapuntutzat hartuz, irudi garbi bat lortu nahi da, balizko ingurumen-inpaktu positibo eta negatiboena, kalkulatutako sartze-epeena eta baita seguru asko Europako Batasunaren REACH araudiaren ondorioz izango diren erregulazio-perspektibena ere.

Rakel  Reyes Redondo

Egilea: Rakel Reyes Redondo (Aclima)

Laguntzailea: