#GaiNagusiak

UPV/EHUko talde batek boro nitruroak eskala nanometrikoan dituen ezaugarriak zehaztu ditu

Noiz argitaratua: 07/03/23 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Fisika, Kimika eta Matematika #Teknologia

UPV/EHUko Materialen Fisikako taldeak, UPV/EHUko Materialen Fisikako Zentro Mistoko taldeak eta Espektroskopia Mekanikoko Europako Zentroak (ETSF), Ángel Rubioren zuzendaritzapean, lehen aldiz ikertu dituzte boro nitruroak eskala nanometrikoan dituen propietate guztiak. Physical Review Letters fisika-arloko aldizkari ospetsuak taldearen aurkikuntzak laburbiltzen dituen hiru artikulu argitaratu ditu; azkena liburuki berrian irakur daiteke, 98. zenbakian. Boro nitruroaren propietateak ongi ezagutu eta kontrolatzeak konposatu horretan oinarritutako material berriak diseinatzea ahalbidetuko du. Halaber, beste zenbait arlotan, biologian adibidez, eragina izango du.

Boro nitruroa (BN) konposatu bitarra da, eta boroa eta nitrogenoa proportzio berean ditu; erreaktoreen estalduretan eta material isolatzaileetan erabiltzen da. Ángel Rubioren taldeak zehaztu ahal izan duenez, nanoeskalan propietate elektroniko eta mekaniko bikainak ditu: erresistentzia handia du, eta argi urdina igor dezake; hots, gorriak baino uhin-luzera laburragoarekin. Horri esker, DVDen, antenen, laserren eta bestelako gailu optometrikoen memoria-edukiera handitu daiteke. Gainera, egitura makroskopikoak (solido molekular nanoegituratuak) osatzen ditu, van der Waals gisako elkarrekintza ahulen bitartez. Azken horiek funtsezkoak dira ezagutzaren beste zenbait arlotan, bereziki biologian eta kimika supramolekularrean. Izan ere, automihiztadura molekularra gisa horretako elkarrekintzetan oinarritzen da.

Zehazki, UPV/EHUko taldeak honako hau frogatu du: batetik, van der Waals gisako elkarrekintza ahulek BNren nanoegituretan eragiten dutela [1]; bestetik, BNak argi urdina eta hurbileko ultramorea xurgatu eta igortzeko propietateak dituela [2]. Propietate horiek azken lanean ere ikertzen dira [3]. Emaitza horiek garrantzitsuak dira karbonoaren beste zenbait konposatuk (nanohodiak, grafenoa, besteak beste) nanoelektronikaren, fotonikaren eta biomedikuntzaren beste zenbait erabileretan (sentsoreak, etiketa biologikoak, eta abar) dituzten propietateak ulertzeko. Alor horiek guztiek gaurkotasun handia dute mundu osoan, eta aurrerakuntza handiak espero dira epe motzera eta ertainera.

Ángel Rubiok zientziaren DuPont saria jaso berri du, nanozientziaren eta nanoteknologia molekularraren arloari egin dizkion ekarpen garrantzitsuengatik. Ikerketa honetan, Ludger Wirtz, Andrea Marini, Jorge Serrano eta Pablo García doktoreek lagundu diote, bai eta Japoniako eta Grenobleko talde esperimentalek ere.

[1] First-Principle Description of Correlation Effects in Layered Materials A. Marini, P. García-González and A. Rubio. Physical Review Letters 96, 136404-4 (2006)

[2] Excitons in boron nitride nanotubes: dimensionality effects L. Wirtz, A. Marini and A. Rubio. Physical Review Letters 96, 126104-4 (2006)

[3] Vibrational properties of Hexagonal Boron Nitride: Inelastic X-ray Scattering and ab initio Calculations J. Serrano, A. Bosak, R. Arenal, M. Krisch, K. Watanabe, T. Taniguchi, H. Kanda, A. Rubio and L. Wirtz. Physical Review Letters 98, 095503-1,4 (2007)

Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: