#GaiNagusiak

Genetikoki eraldatutako tabako-landareak, bioetanola ekoizteko

Noiz argitaratua: 14/04/14 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Ingurumena #Teknologia
 Ikerketan parte hartu duten ikertzaileak

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Agrobioteknologia Institutuko ikertzaileek (IdAB) azterketa bat egin dute genetikoki eraldatutako tabako-landareekin. Landare horien bidez, etanol-ekoizpena % 20tik % 40ra bitartean handitu daiteke, eta horrek are bideragarriagoa egingo luke etanola bioerregaiak ekoizteko lehengai gisa erabiltzea.

Dentsitate handian hazten bada eta bere zikloan hainbat aldiz mozten bada, 160 tona materia fresko ekoitz daitezke hektarea bakoitzeko. Beraz, bioetanola ekoizteko biomasa-iturri egokia izan daiteke. Jon Veramendi Landare Agrobioteknologiako ikerketa-taldearen arduradunak azaldu duenez, “Tabako-hazkuntza tradizionalaren ordezko erabilera izan daiteke bioetanola biomasa-iturri gisa ekoiztea. Izan ere, tabako-hazkuntza atzera egiten ari da Estatu Batuetan eta Europan, ezin baitira lehiatu gorantz egiten ari diren herrialdeekin, hala nola Txinarekin”.

Molecular Breeding aldizkariak ikerketaren berri eman du. Ikertzaileek Virginia Gold eta Havana barietateetako tabako-landareak hazi dituzte. Landareak genetikoki eraldatu zituzten, almidoi- eta azukre-ekoizpena eta, horren ondorioz, etanol-produkzioa handitzeko. Lan hori Ruth Sanz Barrioren doktoretza-tesian oinarritzen da. Tesia aurreko urtean irakurri zuen NUPen. Ikertzaile hauek parte hartu dute lanean: Imma Farrán, Jon Veramendi, Alicia Fernández-San Millán, María Ancín eta Luis Larraya.

Veramendi irakasleak azaldu duenez, “orain, landa-lan bat egin dugu bi tabako-barietate horiekin, eta frogatu dugu almidoia eta azukreak gehitzen direla tabako-hostoan”. Tabakoaren hazkuntza tradizionalean, landareari garatzen uzten zaio, hostoak hazteko eta handiagoak egiteko, landarea hazten denean sintetizatzen baita nikotina. Landareak bioerregaiak ekoizteko erabiltzen badira, ordea, ikertzaileek dentsitate handiagoko hazkuntza baten aldeko apustua egiten dute, bazka-landareen antzekoa: "Tabako-landareak bata bestetik oso hurbil ereiten dira, eta zikloan zehar hainbat aldiz mozten dira. Landarea 50 zentimetro inguruko garaierara iristen denean, moztu egiten da, eta biomasa prozesatzeko faktoriara eramaten da. Hala, zikloan zehar gehienez ere 160 tona materia lor daitezke hektarea bakoitzeko".

Horrez gainera, tabakoa biobirfindegi batean integratzen bada, beste azpiproduktu interesgarri batzuk lortzen dira, hala nola: proteinak (landarearen pisu lehorraren % 30 dira gehienez ere, nutrizioaren ikuspegitik oso onak dira eta behi-esnearen edo soja-esnearen proteinek baino proteina-efizientziaren tasa handiagoa dute; beraz, gizakiak edo animaliak elikatzeko erabilgarriak dira), solasenola (E eta K bitaminak ekoizteko erabiltzen da) eta xantofilak (oilasko-pentsueratako gehigarria).

Azken hamar urteetan, tabakoa hazteko erabili den eremua % 45 gutxitu da Europan. Espainian, Extremadura da tabako gehien ekoizten duen eskualdea, Andaluziaren aurretik. Ikertzaileen iritzian, bioerregaiaren ekoizpena tabakoaren erabilera tradizionalaren ordezko erabilera bat izan daiteke. Hemendik aurrera, dentsitate handiko hazkuntzekin saiakuntzak egin beharko lirateke tabako-hazkuntzarako eremu txikiak dituzten tokietan, landa-lanean lortutako emaitzak berresten diren jakiteko.

Informazio osagarria

  • Ikerketan parte hartu duten ikertzaileak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: