#GaiNagusiak

Itsasoko sektorearentzako web semantikoa

Noiz argitaratua: 07/02/12 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Informatika

Europako AQUARING proiektuaren helburua da uretako inguruneari eta haren baliabideei buruzko Europako atari eleaniztun handienetarikoa sortzea.

AQUARING proiektua eContentplus programaren barruan hautatutako 19 proiektuetako bat da. Programa horretan, 240 proiektu aztertu zituzten, eta AQUARING proiektuak, hain justu, puntu asko lortu zituen. Halaber, hautatutako 19 proiektuen artean finantziaziorik handienetarikoa lortu zuen proiektu horrek.

Sistemak izango dituen alderdi semantikoak zehaztuko eta garatuko ditu Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoak. Hala, edukien ohar semantikoak eta ezagutza eskainiko ditu. Halaber, weba hainbat hizkuntzatan egoteaz ere arduratuko da. Proiektua Genevako akuarioak zuzentzen du, eta Bruselako natur zientzien museoak, Frantziako Nausicaá itsas zentro nazionalak, Rotterdarmgo zoologikoak, Lituaniako itsas museoak eta Italiako Softeco Sismat Spa-k parte hartzen dute.

Proiektua irekita dago oraindik, uretako inguruneari buruzko informazioa gehitu dezaketen kide berriak jasotzeko. Kide berri horiekiko elkarreragingarritasunak ez du inolaz ere eragingo atariaren garapenean. Aitzitik, horren antzeko beste atariekiko elkarlana bultzatuko du, eta, hala, informazio-trukea erraztuko da.

Edonori interesatu dakiokeen informazioa jarriko dute ikusgai www.aquaring.eu atarian, dohainik. Zientzia-arloko beste zenbait eduki, ordea, ordaindu egin beharko dira. Gai horretan adituak direnentzat eztabaida-leku ireki bat ere izango da, eta horrek zientzia-erakundeen arteko informazio-trukea ahalbidetuko du. Baita egun martxan diren ikerketen inguruan bilaketa semantikoa egiteko eta informazioa trukatzeko aukera eman ere.

Atari horren erabiltzaileak gehienbat zientzia- eta hezkuntza-erakundeak, pertsona helduak, oro har, haurrak, komunikabideetako profesionalak eta irakasleak izango dira. Atari horretan eskainiko diren edukiak erabiltzaile-motaren arabera egokituko dira. Baita horietara sartzeko moduaren arabera ere.

Hainbat eduki haurrak uretako ingurune liluragarrira hurbiltzeko izango dira. Gainera, eduki horiek ikusgarriak izango dira. Aldi berean, komunikabideetako –prentsa idatzia, irratia eta telebista— idazleek eta profesionalek informazio ugari aurkituko dute dokumentatzeko, ikus-entzunezko nahiz idatzizko informazioa, hain zuzen. Eta itsas inguruneko mundu mailako azken berriak ezagutzeko aukera ere izango dute.

Web gune hori, egun, informazioa trukatzeko eta guztiok erabiltzeko gune gisa diseinatuta dago. W3C (Consorcio World Wide Web) sustatzaileen helburua da gaur egungo web orria hedatzea. Hala, informazioa hobeto egituratuko da, eta automatikoki prozesatu ahal izango du makina batek. Hain zuzen ere, web semantikoaren helburua da informazioa ezagutza bihurtzea, eta, aldi berean, informazio horren bilaketak eraginkorragoak eta azkarragoak izatea.

20.000 dokumentu baino gehiago txertatuko dituzte AQUARING-en web semantiko horretan proiektua osatutakoan. Gainera, litekeena daweb gune horretan edukiak txertatu nahi dituzten erakunde gehiago izatea.

Pilar Ruiz Ibáñez

Egilea: Pilar Ruiz Ibáñez (Robotiker)

Laguntzailea: