#GaiNagusiak

Nafarroako Unibertsitateko CIMAko ikertzaileek tronbosiaren zergati posible bat aurkitu dute

Noiz argitaratua: 07/01/15 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Biziaren zientziak #Osasuna #Teknologia
 None

Nafarroako Unibertsitateko CIMAko ikertzaile-talde batek tronbosiaren zergati posible bat aurkitu du, eta gaixotasun horrentzako diagnostiko-proba berri bat asmatu du. Ikerketa-lan hori Hemostasia eta Tronbosia laborategian egin dute. Aurrerakuntza horren harira, Digna Biotech-ek —CIMAren patenteak garatzen dituen enpresa bioteknologikoa— hitzarmen bat sinatu du Ferrer Internacional industria farmazeutikoarekin. Hitzarmen horren ondorioz, litekeena da aurten diagnostiko-proba berri bat merkaturatzea.

Tronbosia tronbo edo odolbildu bat agertzen denean sortzen da. Odolbildu horrek odol-isuria erabat edo partzialki blokeatzen du, eta patologia hori heriotza askoren sorburua da. CIMAko Zientzia Kardiobaskularren saileko ikertzaileek C proteinaren endotelioko errezeptorearen (EPCR) antigorputzen identifikazioan oinarritu dute diagnostiko-proba berria. Substantzia horrek tronbosiak eragindako buxaduratik babesten ditu odol-hodiak.

Infartuak edo errepikapen-abortuak dituzten emakume gazteentzat baliagarria

Oraingoz, diagnostiko-proba hori baliagarria izan liteke miokardioko infartua izan duten emakume gazteen eta plazentako tronbosiaren eraginez errepikapen-abortuak dituzten emakumeen jarraipena egiteko. Tronbosia da beste hainbat gaixotasunen oinarri biologikoa, hala nola garun-tronbosiarena (iktusa) eta biriketako enboliarena, eta gaixotasun horiek ikertzen jarraitzen dute. Etorkizunean, proba berri horrek tronbosiaren aurkako tratamendu eraginkorragoak diseinatzeko balio lezake.

Zientzialarien esanean, C proteinaren sistema da gizakiotan tronbosia eragozteko mekanismo nagusietako bat, eta C proteinaren endotelioko errezeptorea (EPRC) beharrezkoa da proteinak ongi funtzionatzeko. Nafarroako Unibertsitateko CIMAko ikertzaileek anti-EPCR autoantigorputzak aurkitu dituzte, eta horiek sistema horren tronbosiaren aurkako funtzioa zailtzen dute. Halaber, ikusi dute serumean eta odol-plasman anti-EPCR antigorputz ugari dituzten gaixoetan tronbosi-fenomenoak gertatzeko arriskua handiagoa dela.

Informazio osagarria

  • , Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: