#GaiNagusiak

Ardoaren hartzidura-prozesuko legamiak zer aldaketa izaten dituen jakiteko metodologia berri bat

Noiz argitaratua: 14/04/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Fisika, Kimika eta Matematika
 Ruben Martinez Moreno

Rubén Martínez Biologian eta Biokimikan lizentziadunak metodologia berri bat garatu du, aukera ematen duena ardoaren hartzidura-prozesuaren une bakoitzean legamiaren egoera fisiologikoa zein den jakiteko. “Zinemako adibide bat erabiliz, —azaldu du—, ardoaren hartzidura film oso bat izango litzateke, non, metodologia berri honi esker, filma osatzen duten fotograma guzti-guztiak ateratzeko aukera dugun”. Hori ezagutzea bereziki interesgarria da ekoizleentzat, mahats-aleetan gertatzen diren aldaketek zuzenean eragiten baitute muztioaren osaera kimikoan.

Tesiaren izenburua da Estudios avanzados de la fisiología de levadura en condiciones de vinificación. Bases para el desarrollo de un modelo predictivo (Legamiaren fisiologiari buruzko azterlan aurreratuak ardogintza-kondizioetan. Iragarpen-eredu bat garatzeko oinarriak), eta Deméter proiektuaren barnean sartzen da. Proiektu horren helburua da klima-aldaketak ardogintzan dituen eraginak aztertzea eta ezagutzea, eta mahatsondoen hazkuntzan eta ardoaren ekoizpenean berotze globaletik eratorritako arazoei aurre egiteko estrategia berriak proposatzea.

Klima-aldaketak mahastietan sortzen dituen eraginen artean daude produktibitate-murrizketa, mahastiei eragiten dieten izurriteen eta gaixotasunen banaketako aldaketak, eta mahatsaren konposizio kimikoaren aldaketak. "Tesi honen helburu nagusia da Saccharomyces cerevisiae legamiak ardogintza-prozesuan zehar duen portaeraren iragarpen-eredu bat egiten laguntzea. Horrek aukera emango luke aldez aurretik jakiteko nola erantzungo duen legamia horrek mahats-muztioaren konposizio kimikoan sortzen ari diren aldaketen aurrean (haietako asko klima-aldaketaren ondorio)" azaldu du ikerketa honen egileak.

Legamiaren metabolismoa simulatzea

Tesiaren helburu nagusia izan da ardogintza-prozesuan zehar S. cerevisiae legamiak duen metabolismoaren iragarpen-eredu bat egiten laguntzea. Lan honekin frogatu da hartzidura-prozesuaren azterlan xehakatuak aukera ematen duela prozesu hori hainbat aldi edo fasetan zatitzeko, eta haietako bakoitza imitatu ahal dela etengabeko hazkuntzan. Eta beste lorpen bat izan da legamiaren metabolismoa simulatzeko aukera ematen duen eredu bat garatzea.

Tesi honek, era berean, frogatzen du garrantzitsua dela ardandegian muztioaren konposizio kimikoa ezagutzea, bereziki legamiak asimilatu dezakeen nitrogeno-kantitatea eta legamiak dauzkan nitrogeno-beharrak. “Bi parametro horiek ezagututa —dio ikertzaileak—, hainbat protokolo diseinatzeko aukera dago, hartzidura-prozesuan zehar jarduteko, ardoaren kalitate organoleptikoa hobetzeko xedez”.

  • Oharrak:

    Rubén Martínez Moreno Biologian (2009) eta Biokimikan (2009) lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean, Enologiako masterra du Universitat Rovira i Virgili unibertsitatean (2010) eta Bioteknologian doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2014). Gaur egun, enologo gisa lanean ari da Quercus Europe SL enpresan. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta horien emaitzak estatuko eta nazioarteko hogeitik gora biltzarretan erakutsi dira. Emaitza garrantzitsuenak nazioarteko aldizkari espezializatuetan ere argitaratu dira. Doktoretza-tesia egin bitartean (ICVV), Mahastien eta Ardoaren Zientzietako Institutuan sartu zen Logroñon, eta bi egonaldi egin zituen ikerketa-zentroetan; zehazki, Universitat Rovira i Virgili unibertsitatean eta Delft-eko Unibertsitate Teknikoan (Delft, Herbehereak).

  • Erreferentziak:

    R. Martínez-Moreno, M. Quirós, P. Morales, R. Gonzalez (2014) New insights into the advantages of ammonium as winemaking nutrient. International Journal of Food Microbiology. (prentsan) On line eskuragarri: http://dx.doi.org/10.1016/j.ijfoodmicro.2014.02.020

  • Interneteko helbidea:

    www.unavarra.es/actualidad/berriak?pagina=1&contentId=180198

Informazio osagarria

  • Ruben Martinez Moreno, Nafarroako Unibertsitate Publikoa
Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: