#GaiNagusiak

Lan-arloko minbiziaren arriskuei eta prebentzioari buruzko web orri semantikoa

Noiz argitaratua: 07/01/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Osasuna

Irailean, EUROWORKSAFE Europako proiektua abiarazi zuten. Proiektu horrek 18 hilabete iraungo du, eta horren helburua da laneko segurtasunari eta osasunari buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzea, web orri baten bidez; bereziki, lan-arloko minbiziaren arriskuei eta prebentzioari buruzkoa izango da informazioa.

Web orri hori WORKSAFE Europako proiektuaren barne garatu dute. Teknologia semantikoetan oinarritzen da, eta nazioarteko hainbat erakunderen informazio-iturri izan nahi du.

Robotiker-Tecnalia zentro teknologikoa EUROWORKSAFE proiektuko partzuergoaren kide da. Softeco Sismat SPA da proiektu horren buru, eta beste hainbat aditu entzutetsuk ere parte hartzen dute, besteak beste, Finlandiako Finnish Institute of Occupational Health eta International Agency for Research on Cancer erakundeek. Partzuergo hori nazioarteko 13 bazkidek osatzen dute; horien artean ospitaleak, industria-erakundeak, professional-erakundeak eta zientzia-erakundeak daude.

Edonori interesatu dakiokeen informazioa jarriko dute ikusgai www.euroworksafe.org atarian, dohainik. Aholkularitza-zerbitzuak, ordea, ordaindu egin beharko dira, eta proiektuan parte hartzen duten arloetako adituek eskainiko dituzte.

Azken finean, atari horrek doako informazioa eskaintzen die langileei nahiz herritarrei, eta, horrez gain, enpresa pribatuetako eta erakunde publikoetako profesionalek aholkularitza-eskaintzak eta beste hainbat zerbitzu eskuratuko dituzte ordainduta.

Web orria, giza kontsumorako informazioa trukatzeko gunea da gaur egun, eta W3C (Consorcio World Wide Web) sustatzaileen helburua da gaur egungo web orria hedatzea. Hala, informazioa hobeto egituratuko da, eta automatikoki prozesatu ahal izango du makina batek.

Hain zuzen ere, web semantikoaren helburua da informazioa ezagutza bihurtzea, eta, aldi berean, informazio horren bilaketak eraginkorragoak eta azkarragoak izatea.

3.000 dokumentu baino gehiago txertatuko dituzte EUROWORKSAFE web semantikoan proiektu osoan zehar. Gaur egun, 1.000 dokumentu baino gehiago daude eskuragarri.

Pilar Ruiz Ibáñez

Egilea: Pilar Ruiz Ibáñez (Robotiker)

Laguntzailea: