#GaiNagusiak

Saguzar hatz-luzeak badaki arrantza egiten

Noiz argitaratua: 14/04/07 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Biziaren zientziak #Lurraren zientziak
 Ikertzaileak lanean, saguzarren arrantza-lekuan. Egilea: Jake Abott.

UPV/EHUko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa taldeko ikertzailea da Ostaizka Aizpurua Arrieta. Saguzarrak ikertzen ditu, eta, azkenaldian, Valentzia inguruko saguzar baten jokabideak eta ohiturak zelatatzen aritu da. Izan ere, desagertzeko arriskuan dago saguzar hori (Myotis capaccinii, saguzar hatz-luzea), eta haren jokabidea ezagutzea garrantzitsua da espeziea babesteko neurri egokiak hartzeko. Aizpuruak egindako ikerketari esker, frogatu dute saguzarrak, intsektuak ez ezik, arrainak ere jaten dituela. Are gehiago: arrantzan egiteko gai da.

UPV/EHUn biologia-ikasketak egiten ari zen garaian hasi zen Aizpurua saguzarren inguruan ikertzen. Joxerra Aihartzak eta Inazio Garinek zuzendutako lantaldearekin batera, hainbat ikerketatan parte hartzeko aukera izan zuen, eta tesirako ere saguzarrak aukeratu zituen ikergai, zehazki, saguzar hatz-luzea (Myotis capaccinii).

Aizpuruak azaldu duenez, laginketa arrunt batean sortu zen saguzar horrekiko jakin-nahia. Mediterraneo inguruko zenbait txokotan bizi da, baina haren egoera oso txarra da; hain zuzen ere, desagertzeko arriskuan dago. Horregatik, lehendik ere egin izan dira hari buruzko ikerketak, espeziea babesteko kudeaketa-planak diseinatzeko. Ikerketa arrunt batean, kolonia bateko banako jakin batzuen gorotzak aztertzen ari zirela, ezkata batzuk topatu zituzten. “Horrek atentzioa eman zien ikertzaileei, ordura arte intsektiborotzat baitzuten espeziea; hau da, intsektuak bakarrik jaten zituela uste zuten”, gogoratu du Aizpuruak.

Ezkata haiek agertzeak, beraz, galdera asko sortu zituen: arraina jatea ezohiko gertakari bat baino ez zen izan, une jakin batean gertatutakoa, edo arraina saguzar horien dietaren parte zen? UPV/EHUko ikertzaile-taldea erantzunen bila abiatu zen, haien artean Ostaizka Aizpurua: “Niretzat berezia zen, ez genuelako uste saguzar horretan arrantza portaera arrunta izango zenik. Izan ere, saguzarrek ekolokazioa erabiltzen dute; horrek esan nahi du ezin dutela ur azpian dagoena ikusi, ur azalak saguzarrek igorritako uhinak islatzen dituelako. Bestalde, saguzar hatz-luzea oso txikia da, 10 gramo pisatzen du gehienez, eta, beraz, ez da erraza hura arrain bat arrantzatzen irudikatzea”.

Arrain exotiko baten zalea

Saguzar txiki horren ezaugarriak ez ezik, habitata eta fenologia ere aztertu behar izan zituztela adierazi du Aizpuruak: “Kontuan izan behar da Mediterraneoko inguru horrek guztiak aldaketa handiak jasan dituela azken urteotan, eta horrek ondorio zuzenak izan ditu saguzarren populazioan. Fenologiak, berriz, urtaroek eta klimak bizidunetan duten eragina aztertzen du, eta, saguzarraren kasuan, oso faktore garrantzitsua izan zitekeela susmatzen genuen”. Hain zuzen ere, ikertzaileen hipotesietako baten arabera, litekeena zen sasoi lehorrean arrain-kontzentrazio handiak geratzea zenbait putzu txikitan, eta aukera hori baliatzea saguzarrak arrainak arrantzatzeko.

Horrenbestez, Denian (Alacant) dagoen kolonia bateko gorotzak jaso zituzten hilez hil, 2008tik 2010era, ikusteko ezkatarik agertzen ote zen, eta noiz. Horrela ohartu ziren arraina jatea ez zela ezohikoa eta ez zegoela garai jakin bati lotuta: “Abuztuan eta irailean gehiago agertu baziren ere, urte osoan topatu genituen arrain-aztarnak”.

Arrainen ezkatez gain, otolitoak ere aztertu zituztela nabarmendu du Aizpuruak: “Otolitoak belarriko egitura solido txiki batzuk dira; espeziearekiko espezifikoak direnez, espezieak identifikatzeko balio dute”. Otolitoen azterketaren bidez jakin zuten saguzar hatz-luzeak jaten duen arraina Gambusia holbrooki espeziekoa dela: “Espezie exotiko bat da. Intsektu-jalea da, eta 1920ko hamarkadan sartu zuten Mediterraneoko inguru hartan, intsektuen izurriei aurre egiteko. Gaur egun, penintsulako ehun espezie inbaditzaileenen artean dago”. Horrekin batera, saguzarrek jandako arrainak ere neurtu zituzten: “Aukeran dituen arrainetatik, txikienak hartzen dituela ikusi genuen”.

Azkenean, arrantzan ari zirela ere grabatu zituzten, in fraganti: “Gorotzetan arrain-arrasto gehien zituzten lau saguzarrei irrati-transmisoreak jarri genizkien; horri esker jakin ahal izan genuen nora joaten ziren arrantzara”. Arrain-dentsitate handia zuen aintzira handi bat zen. Hurrengo saiakerarako, prest zuten bideo-grabagailua, “eta arrantzan ari zirela grabatu genituen”.

Oraindik badituzte erantzun gabeko galderak, adibidez, Gambusia holbrooki espeziea sartu baino lehen ere egiten ote zuten arrantzan eta, hala izatekotan, zer espezie jaten zuten. Baina Aizpuruak eta haren taldekideek frogatu dute, behintzat, saguzar hatz-luzea arrantzan egiteko gai dela, eta kolonia bateko kideentzat ez dela ezohiko jarduera. Ikerketaren emaitzak Plos One aldizkari espezializatuan argitaratu dituzte.

  • Oharrak:

    Ostaizka Aizpurua Arrieta (Zarautz, 1986/01/19) UPV/EHUn lizentziatu zen Biologian. Gaur egun, unibertsitate bereko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko Jokabidearen Ekologia eta Eboluzioa taldeko ikertzailea da, eta doktore-tesia egiten ari da. Myotis capaccinii saguzar hatz-luze arrantzalea: aldaketa trofikorako gako ekologikoak eta jokabidezkoak da tesiaren izenburua, eta haren xedea da batez ere intsektiboroak diren saguzarren ornodun-harraparitza aztertzea, espeziearen kontserbazioan izan dezakeen eraginean arreta jarrita.

  • Erreferentziak:

    O. Aizpurua, I. Garin, A. Alberdi, E. Salsamendi, H. Baagøe, J. Aihartza. 2013. “Fishing Long-Fingered Bats (Myotis capaccinii) Prey Regularly upon Exotic Fish”. PLoS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0080163

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Ikertzaileak lanean, saguzarren arrantza-lekuan. Egilea: Jake Abott., UPV/EHU
  • Saguzar hatz-luzea. Egilea Antton Alberdi., UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: