#GaiNagusiak

Osasun-arloan berrikuntza teknologikoa bultzatzea adostu dute Inasmet-Tecnaliak eta Fenin-ek

Noiz argitaratua: 06/11/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak #Osasuna
 None

INASMET-Tecnalia zentro teknologikoak eta Teknologia Sanitarioko Enpresen Espainiako Federazioak (Fenin) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, osasun-arloan ikerketa eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko.

INASMET-Tecnaliak, 1995. urteaz geroztik, osasunerako materialen aplikazioak lantzen ditu. Ordutik hona, ikerketa eta transferentzia teknologikoko lan garrantzitsua egin du industrian zein medikuntzan eta, batik bat, ospitaleko sektorean. Akordio honi esker, indartsuago lan egiteaz gain, biomaterialen, nanoteknologiaren eta bioteknologiaren arloak gehiago jorratu ahal izango dituzte.

Azken urteotan, Espainiako osasun-arloko teknologien sektorea ahalegin berritzaile nabarmena egiten ari da. Ondorioz, gaixoei eskaintzen zaien laguntzaren kalitatea hobetzen ari da, eta epe ertainera osasun-arloko gastuan aurreztu egingo da. Bi abantaila horiek, zalantzarik gabe, funtsezkoak dira osasun-sistemaren iraunkortasuna lortzeko.

Lankidetza-hitzarmena sinatzearekin batera, bi erakundeek beren ezagutzak, esperientziak eta proiektuak trukatuko dituzte. Ildo horretan, Fenin-ek INASMET-Tecnaliaren aholkularitza izango du I+G+B programetan parte hartzeko. Halaber, bai Fenin-ek eta bai INASMET-Tecnaliak parte hartuko dute bi erakundeek gai interesgarrien inguruan antolatutako foro eta jardunaldietan.

INASMET-Tecnaliaren Osasun Unitateak lanerako dituen ildo nagusiak biomaterialen, nanoteknologiaren eta bioteknologiaren ingurukoak dira, eta, horien bitartez, ikerketa eta transferentzia teknologikoa lantzen ditu zentroak industria-arloan (osasun-produktuen fabrikatzaileak) eta medikuntzaren sektorean. Gainera, Sortek funtsaren laguntzarekin, Inasmet-Tecnalia zentro teknologikoak oinarri teknologikoko enpresa berriak sortzen laguntzen du.

Fenin-ek, berriz, osasun-arloko teknologiak eta berrikuntza eta teknologiaren transferentzia bultzatzen ditu, beste batzuen artean. Berrikuntza da, ezbairik gabe, edozein enpresak eta, batez ere, teknologia sanitarioaren sektorekoek, lehiakortasuna lortzeko duten faktore giltzarria; beraz, Fenin-ek espero du INASMET-Tecnaliarekin sinatu duen lankidetza-hitzarmena oso emankorra izatea, eta hitzarmen horrek Espainian berrikuntza areagotzen laguntzea.

Biomedikuntzako ikerketa-proiektuak

Lankidetza-hitzarmen honen bitartez, Fenin-en helburua da haren enpresa elkartuek ikerketa-proiektuetan parte har dezaten sustatzea. BIOAVAN izeneko proiektua da abian jarri duten lehena (produktu biomediko aurreratuak fabrikatzeko polimeroak funtzionalizatzeko sortutakoa).

BIOAVAN proiektuaren asmoa da osasun-produktuen sektorearen lehiakortasuna hobetzea; modu horretan, sektorea hazteaz gain, ETEak nazioartean zabalduko dira, eta patenteak sortu eta osasun-produktuak esportatuko dira. Espainiako osasun-sektorearen datuek erakusten dute sektoreak mendekotasun handia duela teknologian (kontsumitzen den teknologiaren % 20 soilik egiten da gure herrialdean); industriak EBn duen posizioa eta merkatuko tamaina ekonomikoa bestelakoak dira, ordea.

Egoera horretan, funtsezkoa da teknologia berrien konbergentzian (biomaterialak, mikro eta nanoteknologiak, bioteknologia, ehun-ingeniaritza, gainazal-ingeniaritza,…) oinarritutako ezagutza zientifikoak sustatzea, erdi- eta goi-mailako teknologiako osasun-produktu berritzaileak garatzeko. Produktu berritzaile horiek merkatuko segmentu jakin batzuei zuzendu behar zaizkie, hau da, segmentu edo arlo horretako aitzindari izan nahi dutenei.

BIOAVAN proiektuan, proiektuak arrakasta izateko behar dituen funtsezko ezagutzak eta gaitasunak biltzen dira. Proiektuan parte hartzen dute ikerketa-arloko izen handiko hainbat erakunde publikok: Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroa (CSIC), Euskal Herriko Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Valladolideko Unibertsitatea, Inbasio Txikieneko Kirurgiaren Zentroa, Alcala de Henaresko Unibertsitatea eta Vigoko Ospitalea.

Proiektuaren helburua da funtzio anitzeko material polimerikoak egitea, produktu biomedikoak fabrikatzeko; esate baterako, bakterioen eta tronbosien aurkako propietateak dituzten material polimerikoak, material polimeriko termomodulagarriak eta material polimeriko biodegradagarriak.

Informazio osagarria

  • , INASMET
Anais Silban

Egilea: Anais Silban (Tecnalia Eraikuntza Unitatea)

Laguntzailea: