#GaiNagusiak

Bioteknologia eta nanoteknologia bat eginda tratamendu eraginkorragoak lortzeko

Noiz argitaratua: 06/10/30 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 None

Bioteknologiaren eta nanoteknologiaren bat egiteak malariaren, legenarraren, tuberkulosiaren, hiesaren, hainbat hepatitis-motaren eta minbizi jakin batzuen aurkako produktu askoz eraginkorragoak sortzeko aukera emango du. Horixe esan zuen Juan Manuel Iratxek Medikamentuen Askapen Kontrolatuaren Elkarte Hispaniar-Lusitaniarraren VII. Kongresuan. Guztira, hainbat herrialdetako 130 adituk aztertu zituzten gai horiek kongresuan.

Teknika horiek oso erabilgarriak dira txertoetarako; izan ere, txerto batzuek arriskuak eta eragozpenak dituzte oraindik. Gainera, badira mikroorganismoek eragindako hainbat patologia oraindik tratamendu egokirik ez dutenak. Minbiziaren diagnostikorako eta tratamendurako ere aurrerapausoak ekarriko omen dituzte teknika horiek.

Arlo horretan, farmakoen askapenerako sistema berri batek garrantzi handia du produktu bioteknologiko horien garapenean: medikamentua barruan eramaten du eta, askatu aurretik, eragin sendatzailea edo diagnostikorako funtzioa bete behar duen tokira bideratzen da. Hau da, dosi txikiagoarekin emaitza bera lortzen da, eta, hala, ehun osasuntsuetan pilatzea eragozten da –modu horretara, eragin toxiko eta albo-ondorio asko eragozten dira–.

Ikerketa-lerro berriak

Ikerketa-lerroen gainean, erronka nagusia da tratatu nahi den tokira soilik iritsiko diren askapen kontrolatuko sistemak diseinatu eta baliozkotzea. Nafarroako Unibertsitatean dagoeneko garatu dituzte organo, ehun edo zelula-multzo jakin bat ezagutzeko gai diren molekula bati lotutako nanopartikulak. Beste estrategia batek birusen edo bakterioen jokamoldeak imitatzen ditu. Nanopartikulak mikroorganismo horien gainazaleko osagaiez estaltzen dira, baina sendatzeko edo diagnostikoa egiteko. Aplikazioen artean daude txertaketak eta immunoterapia.

Informazio osagarria

  • , Universidad de Navarra
Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: