#GaiNagusiak

The Food Mirror proiektua are gehiago zabalduko du Azti-Tecnaliak aplikazio mugikor baten bidez

Noiz argitaratua: 14/04/03 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia
 The Food Mirror

Plataforma birtual bat eta Android terminaletarako dagokion aplikazio mugikorra (App-a) plazaratu ditu The Food Mirror proiektuak (Azti-Tecnaliak sustatua) orain egun gutxi. Tresna horiei esker, elikadura-joerei buruz eguneroko bizimoduan aurkitzen dituzten berrikuntzak eta joerak parteka ditzakete erabiltzaileek, irudien bidez. The Food Mirror du izena aplikazioak. Doakoa da, eta Google Playetik deskarga daiteke.

Azti-Tecnaliarekin —itsas eta elikagai-arloko ikerketan espezializatutako zentro teknologikoa— lankidetzan jardungo den nazioarteko begirale- eta kontsumitzaile-komunitate zabal baten partaidetza ahalbidetuko du aplikazioak. Elikadura-kontzeptu berritzaileak identifikatzen laguntzen du aplikazioak, eta komunitatearen erabiltzaile guztiekin partekatzen ditu produktu, zerbitzu, ekimen, kanpaina, saltoki eta abarren irudiak, tresnari ezarritako bederatzi kategorietakoren batean: sense, experience, ethic, convenience, design, health, tech, communication eta people (zentzua, eskarmentua, etika, egokitasuna, diseinua, osasuna, teknologia, komunikazioa eta jendea).

Herritarren lankidetzak, bestalde, elikaduraren berrikuntzarako joera eta aukera berriak aurkitzen lagunduko die Azti-Tecnaliako ikertzaileei, oraingo eta geroko elikagai berriak sortzeko bidean.

www.thefoodmirror.com webgunean prozesatu, aztertu eta plazaratuko dira elikagaien lehen begirale- eta kontsumitzaile-komunitate orokor horren ekarpenak. Zenbait zerbitzu eskaintzen ditu aipatutako zentro teknologikoak proiektu horren bitartez, hiru ardatz hauen inguruan betiere: kontsumitzailearen eta joeren ikerketa, negozio-adimena (food business intelligence) eta gogoeta- eta sorkuntza-saioak

Enpresa- eta gizarte-ikuspegitik ekiten dio The Food Mirror-i Azti-Tecnaliak. Alde batetik, merkatua ikertzea du xede, kontsumitzailearen azterketa eta partaidetza sustatzeko metodologia aitzindariak erabiliz. Bestetik, ideia gauzagarriak eta konponbide errentagarriak eskaintzea ere helburu du, elikagaien eta gastronomiaren sektoreari negozio-erabakiak hartzen laguntzeko.

Bartzelonan egiten ari den Feria Alimentaria 2014 azokan aurkeztu dute aplikazioa. Datorren ostegunean amaituko da azoka.

Informazio osagarria

  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelaniaz, Azti-Tecnalia
  • The Food Mirror, Azti-Tecnalia
  • The Food Mirror, Azti-Tecnalia
Irantzu Zubiaur

Egilea: Irantzu Zubiaur (AZTI-Tecnalia )

Laguntzailea: