#GaiNagusiak

Altzairu-zuntzez indartutako hormigoia, baita ohiko eraikuntzetarako ere

Noiz argitaratua: 14/04/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Teknologia
 Altzairu-zuntzek hartzen duten banaketaren hiru dimentsioko adierazpena

Gaur egun oso ohikoa da altzairuzko armadurekin indartzea hormigoia eraikuntza-lanetan. UPV/EHUko Aimar Orbe Mateo industria-ingeniariak aztertu du beste zeregin batzuetarako erabili ohi den material batek, altzairu-zuntzez indarturiko hormigoiak, zeregin horietan izan dezakeen egokitasuna. Ikerketan ondorioztatu duenez, material horrek abantaila batzuk ditu ohiko hormigoi armatuaren aurrean, adibidez, gutxiago pitzatzen da, eta egokia izan daiteke erabilera batzuetarako, hala nola euste-andel zilindrikoak egiteko.

Ikerketa abiatu zutenetik argi izan zuten egindako lanak “erabilgarria izan behar zuela, ez zedila izan ikerketa-lan soil bat”, dio Aimar Orbe Mateo Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ingeniariak. Helburu horri begira, eraikuntza-lanetan erabilgarri izan zitekeen material bat sortu zuten ikerketa-gai gisa: altzairu-zuntzez indarturiko hormigoi autotrinkotzailea (AZIHAT delakoa).

Bata zein bestea erabitzen dira dagoeneko eraikuntzan, baina “beste zeregin batzuk izan ohi dituzte. Hormigoi autotrinkotzailea, esate baterako, aurrefabrikatuetan erabiltzen da. Ohiko eraikuntza-lanetan erabiltzean, ordea, zaila izan daiteke dosifikatzea, oso hormigoi jariakorra delako, oso likidoa. Baina ehundura hori izanda, ez dira egin behar normalean erabiltzen den hormigoiarekin egin behar izaten diren prozedurak, hala nola dardaraketak, edo palak erabilita arrastaka eramatea, bera bakarrik mugitzen eta trinkotzen baita”, azaldu du Orbek.

Altzairuzko zuntzak ere erabili ohi dira hormigoia indartzeko, “baina bigarren mailako elementuak egiteko batez ere: industrialdeetako zoladurak, tunelak, estolderia-hodiak eta halakoak”, zehaztu du Orbek. Luzera eta diametro txikiko zuntz batzuk dira, 50 milimetroko luzera eta 1 milimetroko diametrokoak, alegia, klip batek zabalduta izango lukeen dimentsiokoak.

Laborategitik errealitatera

Laborategiko entseguak egiteaz gain, materialak errealitatean izan lezakeen erabilera batean probatu zuten. Hiru metroko altuerako eta sei metroko zabalerako horma bat sortu zuten, eta 380 laginetan zatitu. Haiekin askotariko entseguak egin zituzten, suntsitzaileak nahiz ez-suntsitzaileak, “altzairu-zuntzen egitura-ahalmenak, eta, oro har, hormaren erresistentzia-gaitasunak zehazteko, besteak beste”, azaldu du Orbek.

Zuntzek hormigoian hartutako orientazioaren eta banaketaren araberakoa denez eraikitako egituraren erresistentzia, eta begi-bistaz ezinezkoa denez hori zehaztea, metodo magnetiko bat baliatu zuten ikertzaileek horretarako. Laginen barruan eremu magnetiko bat sortuz eta eremu magnetikoaren aldaketa aztertuz ebatzi zuten zuntzak zein ardatzetan zeuden orientatuta gehien, bai eta lagin bakoitzaren barruan zer zuntz-kantitate zegoen ere. Ikusi dutenez, “hormigoi autotrinkotzailearen izaera jariakorrak lagunduta, zuntzak interesatzen zaigun bezala orientatzen dira”, dio ikertzaileak. Entseguak ez ezik, simulazio konputazionalak ere egin zituzten jariakinen dinamika simulatzeko, eta “haien bidez ikusi genuen aurreikus daitekeela zer orientazio hartuko duten zuntzek. Hala, aldez aurretik detektatu ditzakegu sortutako puntu ahulak edo hormigoitze-prozesu ezegokiak”.

Ikerketan egindako beste entsegu batzuetan ikusi zuten altzairu-zuntzek hobeto kontrolatzen dituztela hormigoia lehortzen ari den garaian sor daitezkeen pitzadurak ohiko hormigoi armatuko armadurek baino. “Milaka zuntz daude banatuta masa guztian, eta etengabe josten dute masa”, argitu du ingeniariak.

Egindako ikerketekin, materiala “heldutasun-puntu batera” iritsi dela deritzo Orbek, eta eraikuntza-lan jakin batzuk erraztu ditzakeela uste du. Zehazki, erabilera jakin baterako aproposa izan daitekeela uste dute: ura biltzeko erabiltzen diren euste-andel zilindrikoak egiteko. AZIHATak pitzadurak hobeto kontrolatzeko duen gaitasuna ikertzaileek egindako beste analisi batzuei batuta, “ondorioztatu dugu egitura-diseinu konbentzionala baino ekonomikoagoa eta jasangarriagoa dela”.

Ikertzaileek proposatutako erabilerarako —edo besteren baterako— erabiltzen hasteko, ezinbestekoa dute “kontratistek materialaren onurez jabetzea. Eta zaila izaten da kontratistei azaltzea ez dituztela ohiko altzairu-barrak jarri behar, dena hormigoiaren barruan nahastuta joango dela, eta horrela indartuko dela hormigoia... Mesfidantza sortzen die, halaber, hormigoia lehortutakoan ezin ikusi izateak non dauden zuntzak, ondo banatu ote diren edo orientazio egokia hartu ote duten. Eta horrelako gutxi eraiki dira”, gaineratu du Orbek.

  • Oharrak:

    Ikerketa hau Aimar Orbe Mateo industria-ingeniariaren tesiaren baitan egin da. Ikerketa gehienak Bilboko IGETen egin ditu, baina Tecnalia, Burgosko Unibertsitatea (UBU), Universitat Politécnica de Catalunya (UPC), Arcelormittal, Financiera y Minera (Italcementi Group) eta Jean le Rond d'Alembert Institutuko ikertzaile batzuekin ere aritu da elkarlanean, tarteka. Tesiaren izenburua "Erresistentzia moderatuko ohiko aplikazioetan altzairu zuntzez indarturiko hormigoi autotrinkotzailearen erabileraren optimizazioa" izan da, eta Ramón Losada unibertsitateko katedraduna eta Eduardo Rojí unibertsitateko irakasle titularra izan dira zuzendariak.

  • Erreferentziak:

    A. Orbe, E. Rojí, R. Losada, J. Cuadrado. Calibration patterns for predicting residual strengths of steel fibre reinforced concrete (SFRC). (2014). Composites Part B: Engineering, 58: 408-417, http://dx.doi.org/10.1016/j.compositesb.2013.10.086. (http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S1

  • Interneteko helbidea:

    www.ehu.es

Informazio osagarria

  • Altzairu-zuntzek hartzen duten banaketaren hiru dimentsioko adierazpena, UPV/EHU
  • Eraikitako hormatik ateratako laginekin entseguak eta probak egiten., UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, gaztelania, UPV/EHU
  • icono_documento
    Prentsa-oharra, euskara, UPV/EHU
Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: