#GaiNagusiak

EHUko ikertzaileen iritziz, Titan-en metano-trumoiak gertatzen dira

Noiz argitaratua: 06/07/27 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Espazioa

Duela bi urte hasi ziren Titan zehatz-mehatz arakatzen, misio espazialak zirela eta. Saturnoren satelite honetan ageri diren laino polar distiratsuek eta ibai-ohe lehorrek jakin-minez bete dituzte astronomoak. Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon duen Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Zientzia Planetarioen Taldeko Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega doktoreek azalpen bat proposatu dute, nazioarteko aldizkari zientifiko ospetsuenean (Nature) uztailaren 27an argitaratuko den ikerketa batean: lainoak eta ibai-ohe lehorrak Titanen gertatzen diren metano-trumoi erraldoien ondorioz eratu dira. Hala, Saturnoren sateliteak 'metano-ziklo' bat izango luke, Lurraren ziklo hidrologikoaren antzekoa beharbada.

Titan, Saturnoren satelite handiena izateaz gain, eguzki-sistemako bigarren ilargia da tamainaz (5.150 kilometroko diametroa), eta nitrogenozko atmosfera dentsoa duen bakarra da, Lurrekoaren antzekoa. Titaneko atmosferak hidrokarburozko laino laranja zerratu bat du, eta horrek satelitearen azalera ikustea galarazten du. Gorabehera horregatik, desberdina da gainerako sateliteen aldean. Halaber, eguzkitik oso-oso urrun (1.500 milioi kilometro ingurura) dagoenez, satelitearen azalerako tenperatura hotz-hotza da, 180 ºC zero azpitik. Beraz, ura erabat izoztua dago azaleran. Dena den, Cassini espazio-ontziak hartutako irudiek eta Huygens zundak hartutako neurriek adierazi dute mundu hotz honen azaleran –litekeena da harrotuta eta blai egotea– duela gutxi eratutako kanal eta ibai-ohe lehorrak daudela. Cassini 2004ko uztailetik dago Saturnoren orbitan, eta Huygens, berriz, 2005ean pausatu zen satelitearen zoruan. Hala izango balitz, likido-metaketa erregularrak egon litezkeen lehen adibidea izango litzateke, eguzki-sistema osoan, Lurretik harantzago. Nola eratu daitezke ur-egitura horiek hain paraje hotzean? Euriak sortutakoak al dira? Eta, hala bada, zer motatako euriak?

Ricardo Hueso eta Agustín Sánchez Lavega doktoreek Nature aldizkarian argitaratuko duten ikerketan, astronomoak jakin-minez bete dituen galdera horien erantzunak azaltzen dira. Titanen azaleraren gainean metano-lurrinez eratutako trumoi erraldoiak gertatzen dira. Metano-lurrinak Titanen duen zeregina urak Lurrean duen berdina izango litzateke. Egin dituzten kalkuluek frogatzen dute trumoi indartsu horiek azaleratik hasi eta behetik gora 35 kilometro izatera irits daitezkeela, eta metano-laino dentsoak eta metanozko ttantta ugari botatzen dituztela, Lurreko trumoien erruz izaten diren euri-jasa indartsuen antzera. Prezipitazio horiei esker, Titanen metano likidozko putzuak eta ibaiak sortuko eta ibiliko lirateke, ikusi diren kanalak eratzeko gai diren putzuak eta ibaiak, alegia.

Cassini-ren orbitatik eta Lurreko teleskopio handienetatik behin eta berriz oso leku zehatzetan hartutako laino distiratsuak ikusi dituztelako egin dute ikertzaileek Titanen metanozko hodei indartsuak daudelako hipotesia. Laino-masa zabal gehien eratzen diren tokietako bat satelitearen hegoaldeko poloa da. Titanen hartu diren tenperaturak txikiak diren arren, erregio polarrean uda da orain. Ondorioz, sateliteko beste edozein lekutan baino bero handiagoa egiten du, tenperatura pixka bat igotzen da eta trumoialdiak eratzeko energia sortzen da. Ikertzaileak ohartu dira Titaneko trumoiak eratzeko elementu giltzarrietako bat “kondentsazio-nukleoak” izeneko partikula txikiak direla, Titaneko laranja-koloreko lainoa eratzen eta atmosfera baxuraino iristen diren partikulak. Partikula horietan metanozko ttanttak hazten dira eta horiek trumoi-lainoak eratzen dituzte.

Ikertzaileek iradokitzen dutenez, metanoa kantitate txikietan dago atmosferan, eta Titan-en urak Lurrean betetzen duen eginkizun berdina betetzen du, satelitearen azaleran metatutako likidorik oraindik aurkitu ez bada ere. Hala, Titan-ek “metano” ziklo bat izango luke, Lurreko ziklo hidrologikoaren antzekoa beharbada. Trumoien ostean metano likidoa eratzen den hipotesia berreste aldera, EHUko ikertzaileek proposatzen dute laino zuri dentsoak eta distiratsuak eratu direla ikusi den tokietan azalera sistematikoki behatzea, Cassani-ren radarraren bitartez.

  • Oharrak:

    Informazio gehiago: Ricardo Hueso Alonso doktorea & Agustín Sánchez-Lavega irakaslea. Zientzia Planetarioen Taldea. Saila Fisika Aplikatua I. Ingeniaritza Goi Eskola – Euskal Herriko Unibertsitatea. Urkijo zumardia, z/g 48013 BILBO (Spain) Tel.: Hueso: 94.601.4262 – E-mail: wubhualr@lg.ehu.es Tel. Sánchez-Lavega: 94.601.4255 – E-mail: agustin.sanchez@ehu.es Faxa: (+34)94.601.4178 http://www.ajax.ehu.es/

  • Erreferentziak:

    Nature, 442. 428 - 431 (2006)

  • Interneteko helbidea:

    www.nature.com/nature/journal/v442/n7101/abs/nature04933.html

Komunikazio Bulegoa

Egilea: Komunikazio Bulegoa (UPV/EHU)

Laguntzailea: