#GaiNagusiak

Garraioaren ingurumen-eragina, eragin soziala eta eragin ekonomikoa kalkulatzeko software bat garatu dute

Noiz argitaratua: 14/04/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Informatika #Ingurumena #Teknologia

Euskal partzuergo batek, eta partzuergo horren barruan besteak beste Tecnaliak, tresna berri bat diseinatu du garraio-sektorearen jasangarritasuna hobetzeko, hark isurtzen baititu berotegi-efektuko gasen % 25.

EBn, garraioak eragiten ditu berotegi-efektuko gasen (BEG) isurpenen laurdenak, gutxi gorabehera. Hori dela eta, beharrezkoa da erregaien bizi-ziklo osoko jasangarritasuna ebaluatzea, ikusteko zein diren jasangarrienak.

Testuinguru horretan kokatzen da Biolca europar proiektua. Proiektu horren helburua da garraio-sektorearen jasangarritasuna ebaluatzeko eta hobetzeko web-tresna bat sortzea. Dagoeneko garatu dute tresna berria, eta proba-fasean dago. Zehazki, tresna horrek aukera ematen du garraio-sektoreko energia-iturri desberdinek (hala nola gasolina, diesela, bioetanola, biodiesela, elektrizitatea, gas naturala, GLP eta kerosenoa) zer ingurumen-eragin, eragin sozial eta eragin ekonomiko duten kalkulatzeko. Eragin hori energia-iturri horien bizi-ziklo osoa kontuan hartuta neurtzen da: hasi iturri horien erauzketa, sorkuntza eta laborantzatik, eta iturri horien erabileraraino.

Informazio horri esker, garraio-sektoreko balio-kateko erakundeek errazago erabaki dezakete energia-iturri bat edo bestea komeni zaien. Informazio hori oso lagungarria izango da politika publikoetan ere, maila desberdinetan, energia-iturri batzuen erabilera lehenetsi edo sustatzeko.

Europako Batzordeak finantzatzen du proiektua, eta Ekotekek gidatzen du. Partzuergo horretan, Tecnalia, Gaiker-IK4, Factor CO2, Cespa eta Bilboko Udalak hartzen dute parte. Tresna, zeina azken bi entitate horietako ibilgailuekin ari diren probatzen, LIFE+ programaren barruan garatu dute.

Erika Ibáñez

Egilea: Erika Ibáñez (Tecnalia Research & Innovation)

Laguntzailea: