#GaiNagusiak

Cidetec-IK4k lau proiektu berritan parte hartuko du

Noiz argitaratua: 06/06/08 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Orokorrak

Cidetec-IK4rentzat seigarren esparru-programaren emaitzak onak izan dira. Izan ere, programa horretako lau proiektu berritan parte hartuko du. Horietako hiru nanoteknologian eta nanomaterialetan oinarritzen dira. Bi (MULTIPOL, ILLIBATT) nanoteknologiei eta nanozientziei buruzkoak dira, eta hirugarrena ikertzaileak hezteko Marie-Curie programaren barnean kokatzen da (THREADMILL) . Laugarren proiektua, berriz, Europako ikerketa koordinatzeko jarduera bat da (CARISMA); tenperatura altuko mintz polimerikozko erregai-pilen mintzei, elektrokatalizatzaileei, elektrodoei eta beste hainbat osagairi buruzko ikerketa, hain zuzen.

MULTIPOL proiektuak propietate elektrikoak eta optikoak dituzten erabilera anitzeko material polimerikoak diseinatuko ditu. Proiektu horrek material berriak garatzea proposatzen du, hainbat gailu elektronikotan erabiltzeko, besteak beste, paper elektronikoan, sentsore eta eragingailu magnetopolimerikoetan eta eguzki-zelulatan. Proiektuak SOLID izeneko biltegiratze-teknologia berri bat ikertuko du, eta nanopartikula magnetikoak eta karbonozko nanohodiak sartzeko aukera aztertuko du, arestian aipatutako aplikazioak garatzeko. Cidetec-IK4 zentro teknologikoak erabilera anitzeko nanomaterial berriak sintetizatuko eta karakterizatuko ditu proiektu honetan.

ILLIBATT proiektuan, likido ionikoak erabiliz ezaugarri bikaineko litiozko bateria berriak garatuko dituzte. Cidetec-IK4 likido ioniko polimerikoetan oinarritutako elektrolito berriak sintetizatzeaz eta karakterizatzeaz, eta horiek litiozko baterietan aplikatzeaz arduratuko da, CEGASArekin batera.

Marie Curie programaren barruan, Cidetec-IK4 zentro teknologikoak heziketa-sare batean parte hartuko du. THREADMILL da sarearen izena. Londresko Nanoteknologia Institutu entzutetsuak koordinatzen du, eta haren helburua nanofabrikazioaren, nanomaterialen eta nanoelektronikaren alorreko ikertzaileak heztea da. Gai konplexu bezain ezberdinak landuko dituzte, hala nola kimika supramolekularra, nanozientziak eta gailu fotovoltaikoak eta elektroluminiszenteak. Sarearen gai komuna nanohodi eroale molekularren erabilera da. Cidetec-Ik4 nanoelektronikako ikertzaileak hezteaz arduratuko da.

CARISMA partzuergoa 39 bazkidek osatzen dute, eta tenperatura altuko mintz polimerikozko erregai-piletan adituak diren hainbat ikerketa-zentro eta unibertsitate biltzen ditu. Baita erregai-pila horien osagaiak fabrikatzen dituzten enpresak nahiz erabiltze hutsak ere. Cidetec-Ik4k mintzen inguruan dihardu lanean.

Soledad Larrocha Redondo

Egilea: Soledad Larrocha Redondo (Fundación CIDETEC)

Laguntzailea: