#GaiNagusiak

Nanoteknologiaren aplikazioak botiken garapenean

Noiz argitaratua: 06/05/10 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Osasuna #Teknologia

Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Nafarroako Unibertsitateko Farmazia Fakultateko biomaterial adimendunei buruzko proiektu bat hautatu du Ikerketa Zientifikoaren, Garapenaren eta Berrikuntza Teknologikoaren Plan Nazionalean parte hartzeko.

Proiektuak NANOFAR du izena, eta botikak garatzeko nanoteknologiaren aplikazioei buruzko ikerketa egiten du. Haren helburua da biomaterial adimendunak garatzea; hain zuzen, mintz plasmatikoaren hesia zeharkatzeko gai diren materialak garatzea. Izan ere, hesi horrek ez die uzten botika gehienei zeluletara iristen. Material horiek gaitasun handiagoa ematen dute gaixotutako zelulei soilik egiteko eraso, betiere, zelula osasuntsuak mindu gabe. Botika oso selektiboen eta toxikotasun txikikoen diseinuan laguntzen dute, hain zuzen ere.

Bestalde, eragile terapeutikoa denboran modu jarraitu batean aska daiteke, behin eta berriz hartu beharrik izan gabe. Proiektuak nanomedikuntzaren eraginkortasuna azaldu nahi du, bruzelosiaren gisako gaixotasun kutsakorretan, esaterako. Litekeena da estrategia bera minbizian ere aplikatu ahal izatea.

Ikerketa bateratua

Hiru taldek hartzen dute parte NANOFAR proiektuan: Nafarroako Unibertsitateko Farmazia eta Farmazia-Teknologia saileko nanoteknologien eta botiken askapen kontrolatuaren ikerketa-lerroa; Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Materialen Zientziaren Institutuko nanozientzia molekularren eta material organikoen taldea; eta peptidoen eta proteinen diseinuaz, sintesiaz eta egituraz arduratzen den Bartzelonako Ikerketa Biomedikoen Institutuko taldea.

Laura Juampérez

Egilea: Laura Juampérez (Universidad de Navarra)

Laguntzailea: