#GaiNagusiak

TESIA: Klima-aldaketa eta basoen ingurune-funtzioak

Noiz argitaratua: 06/05/02 | Kategoria: Ikerketa | Gaiak: #Ingurumena #Lurraren zientziak

Klima-aldaketari dagokionez egoera kezkagarria da Nafarroan. Izan ere, berotegi-efektuko gasen emisioak Espainiako batezbestekoa (%45) baino altuagoak dira. Horixe adierazi du Miren Sarasibar Iriarte Zuzenbidean doktoreak berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako tesian. Lan horretan, klima-aldaketari buruzko lege-araudiak eta irakaspenak eta basoen ingurune-funtzioak aztertu ditu nazioarteko, erkidegoko eta Espainiako zuzenbidean.

Klimaren aldaketa ingurumenak egun duen arazo nagusitzat jo du doktoreak. Basoek ingurumenean duten funtzioa sustatzea da arazo hori nolabait geldiarazteko bidea Basoen zuzenbideari dagokionez. Gainera, basoak zaintzea eta babestea dira landa-garapenaren erronketako batzuk.

Klima eta eguraldi atmosferikoa zuzenbide-gertakari

Klima-aldaketa arazo larria da, eta haren jatorriak eta efektuek botere publikoen arreta pizten dute. Horren harira, klima-aldaketari buruzko erakunde gorenenak zalantzarik gabe baieztatzen du klima-aldaketa gertatzen ari dela. Horrexegatik, irtenbideak eman nahi zaizkio zuzenbidearen ikuspuntutik ere.

Doktore-tesian bi zati ezberdindu daitezke. Lehenengo zatian, klima-aldaketaren zuzenbide-ikerketa bat egin du ikertzaileak. Oinarrizko kontzeptuak, gai horri buruzko araudia eta beroketa globalari buruzko hainbat kontzeptu interesgarri aztertu ditu. Egiaztatu du klima eta eguraldi atmosferikoa nolabaiteko zuzenbide-gertakariak direla. Izan ere, zuzenbideak ezartzen dizkio eragin edo ondorioak.

1992an, Nazio Batuen klima-aldaketari buruzko abiaburu-itunarekin hasi zen klima-aldaketa zuzenbidearen aldetik ezagutzen. Jarraian, Kyotoko Protokoloak 1997an abiaburu hori zuen. Horien bien helburua bera da: gizakiaren eraginez sortzen diren atmosferako gasen isurketak murriztea. Helburu horixe bera txertatu dute klima-aldaketari buruzko beharrezko neurriak erregulatzen dituzten nazioarteko, erkidegoko eta Espainiako araudietan.

Kyotoko Protokoloak eduki horiek are gehiago garatu ditu, eta bertan ezarri dira estatu bakoitzak bere gain hartu behar dituen konpromisoak. Dena den, konpromiso horiek betetzeak hainbat arazo sortzen zituen, eta, hortaz, herrialdeei elkarlanean jarduteko hainbat malgutasun-mekanismo eskaini zitzaien, betiere ezarritako portzentajeak lortzeko asmoz. Elkarlan-mekanismoa, garapen garbi bat lortzeko mekanismoa eta isurketen salerosketarako baimena, hain zuzen ere.

Orain arte, azken horren araudia garatu da gehienbat. Gainerako bietan, baso-sartzeari eta baso-berritzeari buruzko hainbat proiektu ezarri dituzte klima-aldaketaren eraginak arintzeko asmoz, basoen CO2-a xurgatzeko hobi- funtzioaren bidez.

Hobi-funtzio hori baliabide naturalak aprobetxatzean eta etekinak ateratzean oinarritzen da. Esaterako, basoak atmosferako poluzioa murrizteko bide eraginkorrak dira, eta, ondorioz, planetaren beroketa globala moteltzen eta mugatzen laguntzen dute. Funtzio ekonomikoaz gain, funtzio soziala eta ingurumenarekin lotutakoa ere badute basoek. Horrek baso-politika egokia eskatzen du, eta baso-baliabideen azterketa egoki bat egitea, erabilera eta funtzio horiek guztiak existi daitezen.

Espainiako baso-politika

Tesiaren bigarren zatian, Miren Sarasibarrek Espainiako baso-politika aztertu du historian zehar. Funtzio ekonomikoa edo produktiboa gailentzen dela ondorioztatu du; baita 1957ko Mendien Legean ere. 2003ko Mendien Lege berriarekin, joera hori zertxobait aldatu da. Izan ere, garrantzi handiagoa eman die ingurumen-alderdiei.

Hiru sustapen-irudi ageri dira Legean: diru-laguntzak, hobaridun kredituak eta sustapen ekonomikoak. Neurri horiek guztiak ingurumen-filosofia egokia ezartzeko ingurunean ezartzen dira ikertzailearen esanean. Izan ere, Administrazioak diru-laguntzak ematen baditu, norbanakoa motibatuago sentitzen da basoen kudeaketa jasangarri bat aurrera eramateko garaian.

Bestalde, sustapen espezifiko gisa, basogintzak jaso ditzakeen laguntzak nabarmendu daitezke; haien funtzioa hobetzeko laguntzak dira. Gainera, klima-aldaketaren aurkako borrokan merezi du biomasaren garrantzia eta baso-hondakinak aipatzea. Horrekin lotuta, bi horiek aprobetxatuz lor daitezkeen ingurumeneko onurak baieztatzen ditu Mendien Legeak.

Legean erakunde lokalek duten protagonismo eskasari dagokionez, kritikoagoa da ikertzailea. Gertakari hori berraztertu beharra dago, hainbat alderdik eragiten baitute haiengan. Praktikan haiek dira basoen kudeaketa eta zaintza zuzena gauzatzen dituztenak.

Victoria Alfonso Seminario

Egilea: Victoria Alfonso Seminario (Universidad Pública de Navarra)

Laguntzailea: